Gaurtik hasita, deskontu esklusiboak eskainiko ditu Maukak egunero, BERRIAren plan eta eskaintzen sareko atari berriak. Edozeinek parte hartu ahal izango du atarian: erabiltzaileek, modu errazean, webgunean izena eman, eta gustuko eskaintzak eskuratu ahal izango dituzte. Eskaintza guztiak hiru egunez izango dira eskuragai sarean, eta ordainketak txartel bidez izango dira.
Webgunearen lehenengo eskaintzak abian dira jada. Gaur da lehenengoa: Bruño etxearen itsaski otar bat dago eskuragai, 50 euroren truke. Bihar, berriz, Beasaingo Kattalin jatetxean (Gipuzkoa) BERRIA menu berezia eskuratzeko aukera izango da. Aste honetan, besteak beste, kirolarekin lotutako eskaintzarik ere izango da, baita Marokora joan eta argazkilaritza ikastaroa egiteko aukera ere.
Datorren asteko eskaintzen artean izango dira hoteletan egonaldiak egiteko aukera eta Caja Laboral Baskoniaren Euroligako partida erabakigarri bat ikusteko sarrerak. Hurrengo astekoen artean, Luz Ardiden eta Cauterets pistetan (Okzitaniako Pirinioak) 22,75 eurogatik eskiatzeko aukera ere izango da.
Eskaintzak BERRIAn argitaratuko dira, bai paperean, bai webgunean; baita eskualdetako Hitzetan eta sare sozialetan ere.
Helburua, desberdintzea
Eskaintza berezien atari gehiago ere badaude sarean, baina Maukak desberdina izan nahi du, eta badu horretarako modua. Bestelako deskontuen webguneek beherapen deigarriak lortzen saiatzen dira, baina Maukak, berriz, BERRIAren irakurle eta komunitatearen gustuetara egokitu nahi du. Ildo horretatik, eskaintza esklusiboak, neurrira diseinatutakoak lortzen ahaleginduko da Mauka. Horregatik, Euskal Herriko negozio eta enpresekin elkarlana sustatzen saiatuko da BERRIA Taldea. Izan ere, proiektu honek arrakasta izango badu, elkarlan horri esker izango du.
Helburua erabiltzaileen gustuko eskaintzak egitea denez, erabiltzaileek beraiek proposatu ahal izango dituzte erostea gustatuko litzaizkiekeen plan edo eskaintza motak.
Garai berrietara egokitzeko sortu da Mauka ataria. Paperezko hedabideetan, oro har, publizitatearen diru sarrerak nabarmen jaitsi dira: batetik, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak asko zabaldu direlako, eta, bestetik, hedabideen kontsumoan gertatzen ari den aldaketarengatik. Horrek guztiak ekarri du publizitatea egiteko moduak aldatzea. Hori dela eta, bezeroen behar berriak betetzeko eta publizitatea egiteko modu berritzaileak bultzatzeko asmoa du Maukak.
Publizitate sarrera berriak erakartzea, bezero berriak erakartzea eta egungo bezeroei beren negozioak sustatzeko bide berriak eskaintzea ditu helburu Mauka.eu webguneak.
Maukak, klik bakarrera
Martxan da gaurtik aurrera BERRIAren deskontuen atari berria: 'Mauka.eu'. Egunero eskaintza berri bat aterako da, eta 72 orduz izango da horiek eskuratzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu