Ezarian. Historia eta emakumeak

Menderakaitzak

Euskal Herriko emakumeei eskainitako kamiseta bat sortu dute Eusko Ikaskuntzak eta Kukuxumuxuk. Lola Valverde historia katedradunak hartu du bere gain iragana aztertu eta 44 figura historiko azalarazteko ardura.

Inigo Astiz
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Errebelde zerrenda bat da, funtsean; paparrean eramateko modukoa. Kamiseta bat da, izan ere, Eusko Ikaskuntzaren eta Kukuxumuxuren arteko azken elkarlanaren emaitza. Euskal Herriko emakumeen garrantzia aldarrikatu nahi izan dute. Iraganera begiratu eta denetariko garai, lurralde eta izaerako 44 emakumeren izen-abizen eta irudiak hautatu dituzte horretarako. Lola Valverde Historia katedraduna aritu da ikerketa eta aukeraketa lanean; esaldi batean laburtu du kamisetan ageri diren guztiek duten gauza komun bat: «Gaur egungo euskal emakumeen aitzindari, eredu eta bidegileak: guztiak menderakaitzak».

Bitxia da istorioa. Nabarmen ikusten dira Kukuxumuxuko marrazkilariek diseinatutako kamisetan 44 emakumeen figurak, kolore betean. Ikusgarri, oso. Ikusezin dira, ordea, historia liburuetan eta kale izendegietan; apenas ageri diren haietariko batzuen izenak. «Emakumeen ikusezintasuna oso handia da», azaldu du paradoxa Valverdek. «Lanean hastean, harrituta gelditu naiz bildu dudan izen zerrenda luzearekin. Piloa gelditu zait kamisetatik kanpo, eta euskal emakumeen hiztegi bat egiteko gogoz gelditu naiz. Atzera begira jarri, eta ezinezkoa dirudi, garai batean emakumea hartzen zen bezain estu hartuta ere, hainbestek erroak apurtu izana».

Adibide bat jarri du, bortitza: Katalina Erauso. Hamabost bat urterekin egin zuen ihes Donostiako komentu batetik, XVII. mendean. Gurasoek sartu zuten han, baina ezarri zioten bizitzarekin konforme ez eta joan egin zen. Gizonen pare jantzi eta orraztu, eta gerraz gerra ibili zen, gudari. Maputxeen aurka Txilen, adibidez. «Gaur egun ere emakumeentzat zaila da aurrera egitea, zenbaitetan, baina pentsaezinak dira historiako emakume hauek gainditu behar izan zituzten oztopoak», dio Valverdek.

Gehiago ere izan zitezkeen, bainaazkenean 44 hautatu ditu kamisetarako. Hiru izan dira bere zerrendari jarri dizkion baldintzak. Bat: Euskal Herriko herrialde guztietako emakumeak hautatzea. Bi: garai guztiak kontuan hartzea. Eta hiru: klase guztietako emakumeak agertzea. Iraganean jarri du begia, nagusiki, baina baita etorkizunean ere. Maialen Lujanbio bertsolaria ere ageri da horregatik Valverdek hautatu dituen emakumeen artean. «Bera da bizirik dagoen bakarra», azaldu du. «Zaila izango litzateke gaur egun aktibo dauden emakumeekin kamiseta bat osatzea, asko eta asko direlako. Baina horregatik dago Lujanbio ere; iraganeko emakumeak direlako ageri diren gehienak, baina aurrera ere begiratu behar delako».

Badago non oinarritu. Zerrenda, behintzat, ez da motza. Matilde Uitzi abokatu sufragista, Kasilda Hernaez miliziarra, Polixene Trabudua abertzalea, Maria Maeztu pedagogo feminista, Eulalia Abaitua argazkigilea, Elbira Zipitria euskara sustatzaile eta ikastolen sortzaileetariko bat, Todda Azenariz erregina, Martina Ibaibarriaga teniente koronela, Julene Azpeitia euskaltzaina, Lurdes Iriondo abeslaria...

Gizartearen zama

Ez da erraza izan bidea, Valverdek dioenez. «Ugalketa izan da XX. mendera arte emakumeei onartu zaien betekizun bakarra. Gizarteak berregin beharra zuelako baino ez dira izan hor emakumeak denbora luzez. Ezezagunak izan dira horregatik gehienak. XX. mendean hasi da emakumea indibiduo izaten. Baina gizartearen zama hori gainean izan arren, kamisetan ageri diren emakumeek ez zuten onartu, eta beren nahiak beren modura betetzen saiatu ziren». Salbuespenak dira, baina asko daude. 44 bai, kamisetan. «Ez dira gutxi. Ezohiko kasuak dira, ados, baina ezohiko kasu asko dago, eta hori ere azpimarratzekoa da».

Denak ez dira emakume ezagunak, ordea. Erregina eta politikarien parean ageri dira emakume xeheak ere Valverderen zerrendan. Bizimodu ezberdina izan zuten batzuek eta besteek, baina zailtasunak berdintzen ditu, haren hitzetan. «Aniztasun handia nahi nuen», dio. Horregatik, nahasian doaz zerrendan Joana III.a Labrit erregina, Dolores Ibarruri komunista, Tomasa Lauzirika prostituta eta Josepa Sarralde udal haragi-ebakitzailea; abertzaleak, sozialistak, anarkistak, medikuak,idazleak...

Ikusezintasuna

Emakume izateak ez die mesederik egin historia orrietan. Inoiz gutxi izan dute aldeko haizerik. «Gauza azpimarragarriak egin zituzten askok, baina inork ez ditu ezagutzen. Ernestina Champourcin, adibidez. Sekulako idazlea izan zen, Federico Garcia Lorca eta gaztelaniazko beste idazle ezagun askoren belaunaldi berekoa. Ezagutzen du norbaitek? Ez. Zergatik? Emakumea zelako». Partikularretik orokorrera jotzen du gero. «Asko dira halako kasuak, eta horretaz ari naiz emakumeen ikusezintasunaz ari naizenean». Zerrenda berriz hasten da gero.

Beste bi adibide. Beste bi izen. Beste bi borroka. Marie Coulon idazlea, madame d'Abbadie d'Arrast izenez ezagunagoa. Euskal Herriko lehen emakume feministetariko bat. «Bai, behintzat, lehen militanteetariko bat», zehaztu du Valverdek. «XIX. mendearen hasieran aritu zen lanean, eta Frantziako erakunde feminista garrantzitsuetan ardura postuak izan zituen». Inexa Gaxen, sorginkeriaz akusatu, torturatu eta eraila. «Erre egin zuten, Logroñon, baina sekula ez zuen onartu sorgina zenik. Ukatu, ukatu eta ukatu egin zuen akusazioa». Menderakaitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.