Frontoi zabala, eta gora. Gaineko aldean Zuberoako ikurra, lehoi gerlaria. Frontoiaren oinetara, erraldoi bat balitz bezala, porlan zuria. Gero, bikez edo porlan grisez estalitako ordokia. Pilotak zuzen eman dezan punpa, edo Herriko Etxeak eremu hori pilota jokoaz gain bertze gauza anitzetarako erabiltzen duen seinale. Frontoiaren parez pare, Herriko Etxea. Eraikuntza duina. Garaiko jaun gurenen sendotasuna erakusten du. Eta apaintzeko, Frantziako bandera. Urdina, gorria eta Zuria. Herriko Etxearen gibelean, herriko tontorraren gainean, Mauleko gotorlekua. Mila urte luzeko historia duen hiriburuaren oroigarri. Nortasun sendoaren ohantze. Gorenean, masta zorrotza, eta bertan, ikurrina, zabal lau haizetara.
Inguru menditsuak ditu Maulek, Alta, ordokia da hiria. Mendiko haize sarkorrak eta neguko hotzak soildu eta leundutako giroa trabatu nahi ez balu bezala.Pilota plazaren inguruan dago bizia. Europa ostatuan bertan. Eta plazaren bertze aldean, Turismo bulegoa. Herri kantaria da zuberotarra, dantzaria, artista. Ostatuan ez bilatu telebista edo musika tresnen nagusitasunik. Arrotz dira. Ostatu guztietan ez bada ere, gehienetan. Giroa ere, ordoki. Karrikan bezala. Jende gutxi. Eta auto ugari plazaren inguruan. Herri ekoizpenen saltegia, irratia, mila jarduera inguruan.
Harrizko etxeek herriaren historia oparoa islatzen dute, harro bezain isil. Egun bandera frantsesa bada nagusi, garai batean eta bi mendez, abantzu, Ingalaterra izan zen. Hiribildua gotorleku bihurtu zen. Eta gaur egun birrindurik, desagerturik dauden harresiak zeuzkan Erdi Aroan. Arbelezko teilatu beltzen isuriek elur kopuru handiak irudikatzen dituzte. Maldatsuak dira hegatsak.Kontraste zuri-beltzean apaintzen ditu karrikak.
Ekonomia jardueretan bat aipatzekotan, espartingintza nabarmendu beharko litzateke. Baina hura ere, garai bateko indar eta eragin bera ukan gabe. Ospetsua da Mauleko espartina. Baina jarduera gain behera doa. Txinako espartinak horren hobena, nonbait. Eta mendietako lanak ere behera egin ondoren, garai bateko izaera estrategikoa galdu ondoren, karrikak doi bat hustu dira. Familia batzuen izenetan gelditu dira orduko oroitzapenak, deitura italiarretan, adibidez. Baina bisitariak ez du hori ikusiko horren berri ez badu, horren arrazoia bilatzen ez badu. Azken 50 urteotan mila biztanle pasa galdu ditu Maulek. Zerbitzu publikoak ere biztanleriaren bidetik doaz. Zuberoatik at. Zuberotarren nortasuna frantses administrazioan urtzea onargarri balitzaie bezala.
Euskal Herriko txokoak. Maule-Lextarre
Mendi zolako gotorlekua
Uhaitza errekak zeharkatzen du Zuberoako hiriburua, arbelezko teilatuak dituzten etxe oparoen magalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu