MENDIA. ANDEAK. Pokerra Chañi ezezagunean

Hilabetean lau bide ireki dituzte Iker eta Eneko Pou anaiek Argentinako Chañi mendigunean, tartean bat helburu zuten Chañi Chicon: 'Marcados por el Chañi'. Kirol eta kultur bizipenak uztartu dituzte espedizioan.

2009ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ezezaguna zuten guztia abiatu aurretik. Argentinako bertako eskalatzaile batzuk bidalitako informazio apurra baino ez zuten esku artean. Emilio Gonzalez Turu eskalatzailearen argibideak ziren gehienak. Chañi mendigunean bide gehien irekitako eskalatzailea da Turu, eta Salta herriko euskal etxeko idazkaria. Iker eta Eneko Pou anaiak eta Jabi Baraiazarra iritsi eta berehala jabetu ziren, ordea, zer eskalatu asko dagoela Chañi mendilerroko horma ezezagunetan. «Harrigarria egin zitzaigun hain paraje ederrera hain jende gutxi joatea. Lionel Terrayk duela urte asko Alpeetan eskalatu eta bideak irekita zer sentitu zuen pentsarazi zigun», gogoratu du Eneko Pouk.

Izan ere, Argentina iparraldekoek ez dute herrialdeko beste probintzia batzuen sona. «Pobreagoak dira herriak, eta ia inor ez da hara joaten». Mendietara gerturatzea bera ere zailagoa da; luzeagoa eta nekezagoa, eta horiek izan daitezke inguru hartara mendizale, turista eta bidaiari gutxi joatearen arrazoiak. Pou anaiak eta Baraiazarra ezin ulertuta itzuli dira: «Inoiz egin dugun espediziorik onenetakoa izan da ikuspegi askotatik».

Eta hitz horiekin Eneko Pou ez da kirol jarduera hutsera mugatu. Bestelako alderdi asko izan ditu Argentinan berriki egin duten hilabete pasatxoko egonaldiak, eta horien guztien uztarketak gogobete ditu mendizaleak. «Eskaladekin izugarri gozatu dugu, baina giza ikuspegitik ere aberasgarria izan da. Informazio gutxirekin abiatu ginen, eta zortea izan dugu; hara iritsi eta eskalatzeko aukera asko zegoela ikusi baikenuen. Espedizio batean lau bide irekitzea amets baten parekoa izan da, baina baita barneratu dugun kultur ondarea ere», azaldu du Pou anaietan zaharrenak.

Argentinara abiatu aurretik esana zuten Chañi Chico (5.571) mendiaren hegoaldeko horman bide bat irekitzea zutela helburua. Azkenerako, ordea, poker txiki bat osatuta itzuli dira. Lau bide, hogei egun pasatxoko egonaldian. Ez dute uzta makala bildu.

Helburu nagusiari ekin aurretik, eta pokerra osatu bidean, beste hiru bide ireki zituzten Chañi mendilerroan. Ezaugarri erabat desberdinak dituzten bi eskalada izan ziren aurrenekoak. Morro Von Ronsen (5.450) mendiko hegoaldeko horman bata, eta Aguja Negra (5.150) mendian bigarrena; katu oinak jantzita lehenengoa, eta pioleta eta kranpoiak baliatuta bigarrena.

Altuerari erreparatuz gero, Chañi mendilerroko mendi garaienetakoa da Morro Von Ronsen. Argentinako eskalatzaile talde batek 2008an mendiaren hego-mendebaldeko horman egindako eskalada zen orain arte han egindako bakarra. Pou anaiak eta Jabi Baraiazarra hegoaldeko hormatik gora abiatu ziren, eta eskaladaren emaitza izan zen Pachamama bidea (5+/6a/ 1.000 m). Izena inguruko herrietako biztanleei esker onak emateko modua izan zuten eskalatzaileek. Aguja Negrakoa, berriz, izotza eta harkaitza uztartzen dituen bide mistoa da, eta Vitoria-Gasteiz izena jarri zioten -«gure hiriari zor genion bat»-. 550 metro luzeko bidea da, eta 80 graduko horma tenteak ditu eremurik pikoenean. «Ur-jauzi izoztu bat eskalatu genuen aurrena, eta horren atzetik 75-80ko pendiza zuen beste bat». Handik lepora atera eta ordu erdian jo zuten Aguja Negrako tontorra: «Teknikoki ez zen zaila izan, baina altuerak ez du barkatzen eta nekeak jota iritsi ginen kanpaleku nagusira».

Gure etxea bidearekin biribildu zuten beroketarako trilogia, Punta Ibañez (5.896) mendian. Bi bide baino ez zeuden irekita mendi hartan -haietako bat Patagoniako Cerro Torre orratzaren lehenengo igoeran Maestriren taldekide izandako Cesarino Favak 1965ean irekitakoa-, eta Pou anaiena Ibañez mendiko ipar horman irekitako lehenengoa izan zen; «luzea eta ezohikoa guretzat, baina izugarri gozatu genuen».

Trilogiatik zer nabarmendu garbi dute eskalatzaileek. «Gaur egun, oso zaila da leku batera iritsi eta aklimatatzeko bide bat irekitzeko aukera edukitzea, eta guk aukera hori izan genuen Morro Von Ronsenen Pachamama irekita. Mendizale batentzat handia da hori», azaldu du Eneko Pouk.

Chañi Chico, helburu nagusia

Altuerara ondo egokitu eta atseden egun batzuk hartuta ekin zioten espedizioko erronka nagusiari, eta Chañi Chicoko hegoaldeko aurpegian ireki zuten lau bideetan azkena: Marcados por el Chañi (85º, M5 eta 600 m). Izena espedizioko bizipenei lotutakoa da, eta espedizioan sentitu zutena biltzen du: «Hogei egunetik gora egin genituen kanpaleku nagusian, eta erabat egokitu ginen. Europako Mendietako Urriellu Haitzetik beheko ibarrera dagoen ikusmirarekin alderatzen genuen; etxean bezala izan gara, beraz».

Bost mila metrotik gora abiatzen da Marcados por el Chañi bidea, eta eskalatzaileen hitzetan «oso bide teknikoa» da. «Dotorea eta zaila iruditu zitzaigun. Bide mistoa da, baina izotza du zatirik gehienean. Korridore estu batetik doa, eta 85 graduko pendiza hartzen du zatirik tenteenean», zehaztu du Eneko Pouk. Goizeko zazpietan abiatu ziren oinarrizko kanpalekutik, eta hamabi ordu geroago jo zuten gailurra; hamabi orduko eskalada osatuta, azkar eta arin.

Menditik jaitsi eta harritu dituen bestea haien bisitaldiak izandako oihartzuna izan da. Saltako euskal etxean hitzaldi jendetsua eman zuten, eta Buenos Airesen egin zuten eguna elkarrizketatik elkarrizketara pasatu zuten. Bi telebista, Clarin egunkaria, aldizkariak... Euskal Herrira itzulita harkaitzean eskalatzea dute orain helburua.



Eskaladengatik ez ezik, historia eta kulturagatik inguru erakargarria

Jakina zuten Chañi mendikateko beheko kanpalekuan ez zutela jenderik topatuko. Ia hilabeteko egonaldian Argentinako beste eskalatzaile talde bat baino ez da joan inguru hartara. Zur eta lur utzi ditu horrek Pou anaiak eta Baraiazarra. Bisitari gutxiko ingurua izanagatik, historia eta istorio interesgarriak gordetzen dituzte Chañiko mendiek. «Gailur guztietan aurkitu genituen inken arrastoak: egur zatiak, hileta erritoen aztarnak... Kultura eta historia aldetik mendikatea oso erakargarria da». Argentinan aurkitutako lehenengo momia, esaterako, Chañi mendikateko tontor garaienean aurkitu zuten, 1905ean. «Altuera horretan santutegi gutxi egongo da munduan», dio Eneko Pouk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.