Indiatik itzuli berria zara, eta Naufragi bidea ireki duzu Kailash Parbat mendigunean. Inguru ezezagun horren berri nola izanzenuen?
Interneten nabigatzen ari nintzela, hormaren argazki bat aurkitu nuen, eta argazkiari tiraka iritsi nintzen John Middendorf eskalatzailearen webgunera -horma handietan AEBetako eskalatzaile trebatuenetako bat da-. Informazioa eskatuz mezu bat idatzi nion eta hormaren koordenadak bidali zizkidan, Google Earth atarian argibide gehiago bila nezan. Middendorfek apenas zuen informaziorik, inguru hartatik pasatu baino ez zelako egin. Argazki horixe zen bidaiaren hasieran esku artean nuen informazio guztia. Kailash Parbat izenaren berri hara iritsitakoan izan nuen, hormaren argazkia bertako zama eramaleei erakutsita. Dena dela, ez dut uste horma edo mendia Kailash Parbat deitzen denik, mendikate osoa baizik.
Zergatik jarri diozu Naufragi izena bideari? Zure bizipenen bati lotu al diozu?
Horman pasatu nituen egunetan egin zuen eguraldiarekin bat zetorren izena jarri nahi nion bideari. Egokia eta dibertigarria iruditu zitzaidan Naufragi, euria etenik gabe egin zuelako, eta ura leku guztietatik sartzen zelako.
Eskalada nolakoa izan zen?
Oso gogorra.
Eguraldiagatik?
Egunero egin zuen euria, egunero zegoen lainopean inguru guztia. Hilabete pasatxo egin nuen inguru hartan, eta horman zintzilik 25 egun pasatu nituen; euri asko da hori. Hainbat unetan eskalatu bainoago arroila igoera egiten ari nintzela iruditzen zitzaidan.
Eskaladan zehar zeure buruaren kontra jardun behar izan zenuela ere idatzi duzu.
Horman zintzilik 14 egun neramatzala spit-ik gabe geratu nintzen -zatirik zailenak gainditzeko baliatzen den torloju modukoa-, eta eskalada une horretan bukatzea pentsatu nuen, horma zulatzearen kontrakoa bainaiz. Nola igotzen dudan garrantzitsua da, baina ordura arte egin nuen ahalegin guztia aintzat hartuta, gora jarraitzeko nuen gogoak gaina hartu zion buruari. Jarraitzea erabaki nuen, zulaketen bidez zailtasun maila handitzea bilatu gabe. Horixe izan zen egin ahal izan nuen guztia...
Mendizale askoren kritika izaten da tontorra lehenestea, lortzeko moduari eta bideari erreparatu gabe. Eskaladan ere joera hori nagusitzen ari al da?
Bat nator horrekin. Zenbakiei begiratzen zaie, ez besterik, eta zenbakiak zenbaki dira, oso gauza txikia hilabeteak irauten duen abentura batean.
Indiako Himalaya izaten duzu jomuga ohikoenetako bat. Zer erakargarritasun dute hango mendi eta orratzek?
Askotan joaten naiz Indiako Himalayara, baina ez da mendi berak berriz igotzeagatik, baizik eta herriak berak erakartzen nau ; Indiak erakartzen nau. Hango mendiak ikusgarriak dira, baina beste herrialde askotakoak ere bai.
Nola antolatzen da horma handietan bakarrik eskalatzeko azpiegitura?
Prestaketa lan handia dago atzean: bidaia, hegaldietako txartelak, eskaladarako materiala, janaria... mila gauzatan jarri behar da burua. Baina zailena joaten naizen inguru eta mendietako informazioa lortzea izaten dut; azken kasu honetan, adibidez, ezinezkoa izan zait. Joan behar nuen bailaraz oso informazio gutxi nuen, eta hormari buruz eta hara iristeko moduaz, batere ez. Ezer jakin gabe joan nintzen. Horrek, noski, logistika asko zailtzen du, eta eguraldi txarrak, are gehiago. Ezin izan nuen horma behar bezala aztertu igotzen hasi nintzen arte; ez nekien zenbat ur eta janari beharko nuen, eta eskalatzeko beharko nuen materiala ere ezin nuen aurreikusi. Spit-ik gabe geratzeko arrazoia hori izan zen: ez nekien zenbat beharko nituen, ez nuelako berehalakoan pentsatuko horma hain monolitikoa izango zenik.
Fisikoki ez ezik, psikologikoki ere prestatzen al zara bakarrik hainbeste egunez eskalatzeko? Zure izaerarekin bat al dator bakarrik eskalatzeko joera hori?
Ez naiz bereziki prestatzen, ez fisikoki ez eta psikologikoki ere. Urte osoan eskalatzen dut, eta hori dut prestaketa fisikoa. Bakarrik eskalatzea, berriz, nire izateko moduarekin bat datorrela uste dut.
Mendira bakarrik ez dela joan behar mendizaleen idatzi gabeko araua da. Sokalagun aproposa al da bakardadea eskaladarako?
Aproposa da, bilatzen duzuna bakardade hori bada.
Zer ematen dizu bakardade horrek?
Mendiko bakartasuna. Isiltasuna. Niretzako uneak. Une oro erabakiak hartu beharra. Intentsitate handiz bizitzea. Gauza asko.
Iaz bestelako bizipenak izan zenituen, Baffinen (Kanada). Bakarrik joan eta Favresse anaiekin, Sean Villanuevarekin eta Stephane Hanssensekin eskalatu zenuen. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Iazko urtea arraroa izan zen. Asgard mendira joateko espedizioa prest genuen Luis Gomezek eta biok, baina arazoak izan genituen hara bidalitako materialarekin. Hilabete batzuk lehenago bidali genuen guztia, elurreko motorren laguntzarekin mendiaren beheko kanpalekura eraman ziezaguten gu hara iristerako. Etxera bueltan bidali ziguten guztia bidaiari ekin aurretik. Ezin genuen espedizioa aurreikusi bezala osatu, bi lagun ez baikinen nahikoa azpiegitura osoa Asgarderaino zamatzeko -uztailean, uda garaian, oinez egin beharda gerturatzea, elurrik ez delako izaten-. Luisek zentzuz jokatu zuen, eta ez joatea erabaki zuen. Ni joan egin nintzen, eskalatzeko modurik ez nuela jakin arren. Egia esanda, ez dakit zertara joan nintzen... baina hara iritsitakoan belgikarrek beraiekin joateko gonbita egin zidaten. Bost lagun ginen, eta Asgardera bidean 500 kilometro egin genituen oinez gutako bakoitzak, joan-etorrian, beharrezko guztia eraman genuen arte. Eromena izan zen. Hainbeste jenderekin joatea esperientzia desberdina izan zen niretzat, baina oso interesgarria, eskalatzeko modua oso desberdina baita bakarrik edo taldean joanda. Dibertigarria izan zen, jende bikaina delako.
Mendiexpo azokan izango zara bihar arratsaldean. Zer kontatuko duzu emanaldian?
Huascaran mendian (6.655), Peruko Mendikate Zurian, Youri Cappisekin egindako eskalada kontatuko dut biharko proiekzioan. Orduko hura konpainian egindako eskalada izan zen, baina berezia biontzat. Yourirentzat berria zen esperientzia; inoiz ez zuen eskalatu. Luzeak nik ireki eta eskalatzen nituen, eta petateak igotzen eta hormako azpiegitura prestatzen laguntzen zidan berak. Proiekzioa horman zintzilik egin genituen 18 egunen kontakizuna da, 6.000 metroko mendi batean hilabetez izan genituen bizipen eta bitxikerien lekukotza. Bada zer kontatua.
25 egun 'Naufragi' irekitzeko. Mila metro pasatxoko bidea da Naufragi, Silvia Vidalek Indiako Himalayako Kailash Parbat mendigunean ireki berri duen bidea. Horma nagusia goraino eskalatu zuen (5.250 m), baina handik ez zen tontorreraino igo. «Oraindik urrun nuela uste dut». Egunero izan zuen euriaren konpainia, eta horrek erabat baldintzatu zion eskalada.