Izenak eta zenbakiak miresteko joera nagusi den garaiotan, bestelako ezaugarriak dituzten espedizioek badute lekua Himalaya erraldoian. Zortzimilakoetatik aparte, altuera apalagoko mendi ezezagun eta bakartietara joaten dira, esploraziorako grinak erakarrita. Bost mila, sei mila eta zazpi mila metroak gainditzen dituzten mendi eta orratzez josita baitago Himalaya. Udazkenean Txinako eta Indiako mendietara joandako hainbat espediziok jarduera dotoreak osatu dituzte. Denetarikoak dira zailtasunari erreparatuz gero, baina guztiek dituzte bi ezaugarri komunean: talde txikian eta alpinoan egindako igoerak dira.
Khanjaylak II (5.380)
«Alpinistentzat paradisua dira mendiok». Halaxe abiatu du Txinako Tien Shan eskualdera egindako espedizioaren lekukotasuna Mick Fowler alpinistak. Eskualde hartako Xuelian mendigunea izan dute jomuga Fowlerrek eta haren sokalagun Paul Ramsden beteranoek. Zergatia azaldu du Fowlerrek: «Eskalatu gabeko mendi ezezagun asko dago. Txinako mendizaleek zortzimilakoei erreparatu diete, eta bost mila eta zazpi mila metro arteko mendiguneak utzi dituzte eskalatzeke. Haietara joateko baimenak eskuratzea lan nekeza da, baina hori ere bada abenturaren parte».
Bi mendizaleen asmoa Ekialdeko Xuelian mendiaren ipar-ekialdeko ertza eskalatzea zen, baina mendiaren baldintzak arriskutsuak iruditu, eta helburuz aldatu zuten. «Aukeratzeko hainbeste dago ez zitzaigula zaila egin: Khanjaylak II edo Sulamar mendia (5.380)». 2008an eskalatu zuten lehenengoz mendia Bruce Normand, Guy McKinnon eta Paul Knott estatubatuarrek, ipar-ekialdeko aurpegitik. Fowlerrek eta Ramsdenek, berriz, 1.600 metro zutitzen den ipar horma gainditu dute. Lau eguneko jarduera izan zen, estilo alpinoan osatua, eta izotz eta harkaitz eremuak gaindituta. Handik gertu dagoen Chulebo mendikatean sartu-irten azkar bat egiteko modua ere izan zuten: «Etorkizunerako nahiko erronka badago inguru hartan».
Grosvenor (6.376)
Urrezko Pioletarekin saritu zituzten iaz Kyle Dempster estatubatuarra eta Bruce Normand eskoziarra, Mendebaldeko Xuelianmendian irekia zuten bideagatik -Jed Brown eta Jared Vilhauer izan zituzten sokalagun-. Aurten Txinako Sichuan mendigunera itzuli dira, eta utzi dute arrastoa: igotzeke zegoen Grovesnor mendiaren (6.376) ipar-mendebaldeko horma eskalatu dute. 1.300 metroko horma tentea da, eta 2003an Andy Cave eta Mick Fowler saiatu ziren bidetik igo dute, ia 24 orduko eskalada osatuta.
Mendigune hartako Edgar mendia (6.618) igotzeko asmoa ere badute, eta Christian Trommsdorf eta Jean Annequin frantziarrekin joan dira hara.
Vasuki Parbat (6.792)
Indiako Himalayan ere bada zer eskalatu. Britainiarren eskola klasikoaren bidetik utzi dute arrastoa Vasuki Parbat mendian (6.792) Malcolm Bass eta Paul Figg alpinistek. Mendiaren mendebaldeko aurpegia gaindituta igo dira tontorrera, 10 eguneko jarduera biribilduz. Aurrez beste bi igoera zituen mendiak: 1973an India eta Tibet arteko muga zaintzen zuten militarrena -zalantzak daude igo ote zuten- eta 1980an Japoniako espedizio batena. Eskaladan denetariko gora-beherak izan zituzten Bassek eta Figgek, eta aurreikusi baino luzeago joan zitzaien igoera; azken egunerako janaririk gabe geratu ziren, ondorioz.
Xianqiangla (5.470)
Txinan igotzeke dauden mendiek eskaintzen duten aukeren beste adibide bat da Hiroshi Matsushima eta Ken Satoren jarduera: Xianqiangla mendira (5.470 m) igotzen lehenengoak izan dira. Piramide itxurako mendia da Xianqiangla, eta Daxue Shan mendigunean dago. Tamotsu Nakamura esploratzailearen argazki bat oinarri hartuta joan ziren hara Matsushima eta Sato, Chiharu Yoshimura eta Mitsuru Katorekin. Bitan banatu zuten espedizioa: Matsushima eta Sato ipar-ekialdetik igo ziren -goiko zatian III eta IV mailako harkaitz eremuak eskalatuta-, eta Kato eta Yoshimura iparraldeko ertzetik saiatu ziren. Ez zuten gailurrik jo.
MENDIA. ESPEDIZIOAK. Esplorazioaren bidean
Zortzimilakoetatik urrun, altuera apalagoko mendietan eskalada interesgarriak osatu dituzte hainbat espediziok azken asteetan; Khanjaylak II edo Sulamar (5.380), Grosvenor (6.376), Vasuki Parbat (6.792) eta Xiaqingla (5.470) mendietan, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu