MENDIA. «Ez nuen atzera begiratu ere egin nahi»

Espainiako Txapelketa irabazita, estreinako denboraldi dotorea ari da biribiltzen Oihana Kortazar; atsedenerako tarterik gabe, Anbotoko Kilometro Bertikalean parte hartuko du, igandean.

2009ko ekainaren 19a
00:00
Entzun


Oihana Kortazar.Mendiko lasterkaria
Espainiako Txapelketa irabazita, estreinako denboraldi dotoreaari da biribiltzen Oihana Kortazar; atsedenerako tarterik gabe, Anbotoko Kilometro Bertikalean parte hartuko du, igandean.

«Ez nuen atzera begiratu ereegin nahi»

Ekaitz Agirre.

Mendiko lasterketetan hasi berria izanagatik, irabaztera ohitzen hasia da Oihana Kortazar (Elgeta, 1984). Sara Korrika eta Berako Maratoi Erdia irabazita hasi zuen denboraldia; Arratzu-Urdaibai lasterketan eta Arnoko Igoeran eman zion segida, eta Vall de Uixon (Herrialde Katalanak) Espainiako Txapelketa irabazita biribildu zuen, larunbatean, orain arteko ibilia. Bigarren sailkatuari hamar minututik gorako aldea atera zion, eta jendea harrituta utzi zuen horrek. Mendiko lasterketetan lehenengo urtea duela aintzat hartuta -errepideko duatloietan aritzen zen iaz arte-, denboraldiko ezustea ematen ari da Kortazar. Baina Vall de Uixon nabarmentzekoa izan zen, elgetarrak egindakoa ez ezik, Euskal Mendizale Federazioak bultzatutako mendi lasterketako taldekoek egindakoa ere: Fernando Etxegarai eta Jokin Lizeaga bigarren eta hirugarren sailkatu ziren Raul Garciaren atzetik -laugarren urtez jarraian irabazi zuen Espainiako txapelketa-, eta Oihana Azkorbebeitia laugarren helmugaratu zen. Emaitza horiek guztiak aintzat hartuta, EMFren selekzioak irabazi zuen Espainiako taldekako txapelketa. Bejondeiela guztiei.

Zure garaipena ezustetzat jo dute mendi gaiak jorratzen dituzten webguneetan. Aurten daramazun ibilia ikusita, zu zeu harritu al zaitu?

Ni ere harritu nintzen, bai, baina normala da haiek harritu izana. Lehenengo urtea dut lasterketetan, eta inork ez nau ezagutzen; Laia Andreu, Nuria Dominguez, Alizia Olazabal... aurreko urteetatik ezagutzen zituzten, eta akaso gehiago espero zuten haiengandik.

Irabaztea da bat; bigarrenari hamar minutuko aldea kentzea, beste bat.

Ez da normala halako aldeak egotea. Mutiletan, adibidez, minutu baten bueltan helmugaratu ziren lehenengo hirurak. Alizia Olazabal izan nuen lasterketa guztian atzetik, baina bi aldiz erori eta erretiratu egin behar izan zuen. Ez nuen horren berri izan helmugara iritsi artean, eta erreferentzia garbirik ez nuenez, harrapatuko ninduela ere pentsatu nuen.

Nolakoa izan zen lasterketa?

Tentsio eta urduritasun handiz ibili nintzen. Ohitua nagoenerako lasterketa luzea zen -34 kilometro eta 4.900 metroko desnibela-, eta ez nituen ezagutzen beste korrikalariak; ez nekien nola ibil nintekeen haien aldean. Hasierako zatia errepidez egin genuen eta, ongi moldatzen naizen eremua denez, hasieratik hartu nuen aurrea. Badaezpada, atzera ez nuen begiratu ere egin nahi. Nire gorputza 25 bat kilometroko lasterketetara ohituta dago, eta banuen harrapatuko ninduten ustea.

Euskal Herrian antolatzen diren lasterketekin alderatuta, desberdintasun handiak ikusi al zenituen?

Mendi eta ingurune lehorragoa da, eta bero handia egiten du. Lurra bera oso lehorra zegoen, lehorra baina irristakorra, era berean. Aldapak jaisten ez naiz batere trebea, eta irristatu eta erortzeko arriskuagatik nengoen urduri, tentsioan. Deseroso joan nintzen beherantz, baina une oro saiatu nintzen nuena ematen.

Beroa izaten du ezaugarrietako bat Vall de Uixoko lasterketak, eta, hori saiheste aldera, goiz hasi zen proba, 06:00etan. Nola prestatu zenuten?

Bezperan bidaia egin eta goiz afaldu genuen, 20:00etan, eta 22:00etarako oheratu nintzen ni, behintzat. Goizeko lauetan jaiki ginen gosaltzera, eta hotelak gosaria prestatu zigun arren, Arratzu-Urdaibai lasterketaren antolatzaileetako batek ekarritako pastel batzuk jan genituen; karbohidrato kontzentrazio handiko jakia omen zen. Atseden pixka bat hartzera igo ginen logelara, eta 05:30ean joan ginen irteerara. Ordurako bero egiten zuen, eta eguzkitako krema ere eman genuen, gainean zetorkiguna aurrez ikusita. Dena dela, ez zuen sekulako beroa egin, irten ginen orduagatik batez ere -10:00etarako bukatua zuten lasterketa-. Sargori puntu bat eta hezetasuna bai, eta hidratazioarekin kontu handiz ibiltzera behartu gintuen.

Mendiko lasterketetan hasi berria izanik, harritu al zaituzte hain denbora tarte txikian lortu dituzun emaitzek?

Egia esan, bai. Inolako erreferentziarik gabe hasi nintzen mendiko lasterketetan, ia kasualitatez, eta ez nekien zer maila emateko gai izango nintzen, ez bainuen alderatzeko erreferentziarik. Ni beti ateratzen naiz ahalik eta ondoena lehiatzera. Lasterketa batzuetan pasa zait indarrak behar bezala ez neurtzea eta posturen bat galtzea; Zegama-Aizkorrin, esaterako.

Zegama-Aizkorri aipatu duzula, lasterketa ezagutzeko ilusio eta gogo handia zenuen. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Gaizki ibili nintzen; ohituta nagoenerako oso luzea egin zitzaidan. Aizkorri puntara hirugarren postuan iritsi nintzen, baina nahiko ahulduta nengoen ordurako. Goiko aldeko ertza eta Oltzako jaitsiera pikoa oso gogorrak egin zitzaizkidan; berez traketsa banaiz jaisten, ordukoa izugarria izan zen niretzat. Handik aurrera pasa egin ninduten Laia Andreuk eta Oihana Azkorbebeitiak, eta erritmoa jaitsi nuen, Zegamako helmugara ahalik eta osoena iritsi ahal izateko. Denbora nahiko ona egin nuela uste dut -5 ordu eta 20 minutu-, baina ez nintzen batere ondo sentitu. Maratoiko distantziara ez nago ohituta.

Mendi lasterketen aniztasunaren isla dira Zegama-Aizkorri eta igandeko Anbotoko Kilometro Bertikala. Maratoia da lehenengoa, iraupen luzeko proba; distantzian laburra bigarrena, baina tarte txikian desnibel handia gainditu beharrekoa. Nola ikusten duzu igandekoa?

Anbotora askotan igo naiz alde horretatik, eta bidea ezagutzen dut. Baina proba desberdinak dira Zegama-Aizkorri eta Anbotoko igoera; esfortzu eta ahalegin desberdina eskatzen dute. Anboton dudana ematen saiatuko naiz, eta hala egiten badut, etor dadila etorri beharrekoa.

Ia astero-astero ari zarete lasterketatik lasterketara. Atsedenik ez al duzue hartzen?

Anbotokoa korritu eta hurrengo asteburuan atseden hartuko dut. Bi aste barru, Espainiako Kopako bigarren proban parte hartzera joango gara, Gironara [Herrialde Katalanak]. Espainiako Txapelketa irabazteagatik, gainera, Europako Txapelketan parte hartzeko aukera ematen digu Espainiako Federazioak Raul Garciari eta bioi -Italiako Dolomitetan jokatuko dira, uztailaren 17tik 19ra- eta gustatuko litzaidake hara joatea. Beste lasterketaren batekin bat egiten ez badu, hara joan nahi nuke, beste leku bat ezagutu, esperientzia berriak bizi... Orain da lasterketen sasoia, eta uztailetik abuztura bitartean hiru edo lau asteko etena izango dugu.

Elgetarra zara, baina Mutrikun bizi zara. Burumendi elkartekoak -Mutrikuko mendi taldea- hasiak dira omenaldi bat egitea pentsatzen...

Elkartearen webgunean zorion mezu bat jarri zutela esateko deitu zigun Burumendiko kide batek, eta kalera irten ginenean kartelen bat ikusi nuen lasterketaren berri emanez. Eskerrak argazkirik ez zuten jarri! Jendeak bistaz ezagutzen nau, baina izenez ez, eta ni lotsatu egiten naute halako kontuek. Eskertzekoa da azaldu duten asmoa, baina nahiago dut jendeak kalean zoriontzea.



Hernioko Igoera, Lakuntza-Aralar eta Kosta Trail lasterketak jokatu ziren asteburuan; Anbotoko II. Kilometro bertikala dute hurrengoa, etzi.

Udaberri bukaerako lasterketen loraldia

E. Agirre.

Mendi lasterketen loraldiak udaberria bukatzearekin batera jo du goia, kopuruari erreparatuz, bederen. Iragan asteburuan aukeratu egin behar izan zuten lasterkariek. Larunbatean Hernioko lasterketa jokatu zen, Tolosan (Gipuzkoa), eta igandean Lakuntza-Aralar mendi lasterketa eta Kosta Trail -azken hori Euskadiko Koparako baliagarria, Sopela eta Plentzia artean-. Datozen egun eta asteetan ere, nahi duenak badu zangoak non estutu: Anbotoko Kilometro Bertikala, etzi; Camille Extreme eta Orozko, hilaren 28an...

Beroa izan zuten ezaugarri iragan asteburuko lasterketek, bero itogarria. Tolosan 74 lasterkari irten ziren Hernion gora: 20 kilometroko ibilia eta 1.000 metroko igoera eta jaitsiera. Walter Becerra izan zen azkarrena (1.27.58), Zuhaitz Ezpeleta (1.30.49) eta Juan Mari Garinen (1.31.21) aurretik. Emakumeetan Nerea Amilibiak irabazi zuen (1.57.14), Ainhoa Jauregiren aurretik.

Igandeko probak jendetsuagoak izan ziren. Lakuntzan (Nafarroa) berrehundik gora lasterkari irten ziren, eta 28,5 kilometroko lasterketa osatu zuten Aralarren. Aritz Kortabarriak (2.14.30) iazko garaipena errepikatu zuen, eta Zuhaitz Ezpeletak (2.14.33) eta Iñigo Lasagak (2.14.54) osatu zuten podiuma. Emakumeetan, Mari Cruz Aragonek (2.43.35) irabazi zuen, Elena Calvillo (2.46.50) eta Arantza Eizagirreren (2.59.30) aurretik.

Mendi lasterketen Euskadiko Kopak bigarren proba izan zuen Kosta Trail, Sopela eta Plentzia artean -30 kilometroko ibilbidea, itsasertzetik-. Arkaitz Zamakonak (2.15.14) irabazi zuen, Jabi Olabarriaren eta Jesus Mari Perurenaren aurretik. Emakumeen artean Agurtzane Argiarro (3.03.59) izan zen azkarrena.

Igandean jokatuko da sona handia hartu duen proba bat: Anbotoko II. Kilometro Bertikala. Espezialista onenak elkartuko dira Arrazolan, eta 3,8 kilometrotan gainditu beharko dute 1.100 metroko desnibela. Lehenengo korrikalaria 10:00etan abiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.