Ate joka dator nazioarteko mendi eta abentura zinemaldiaren hirugarren ekitaldia. Astelehenean hasi eta hilaren 21ean bukatu, mendiaren esparru desberdinak jorratzen dituzten 32 film eskainiko dituzte jaialdian, eta haietako 22 sail ofizialaren barnean. Pelikuletako protagonisten zuzeneko lekukotza ere izango da emanaldietako batzuetan, eta zuzendari, ekoizle eta mendizaleek haien bizipen eta iritziak azalduko dizkiete Artiumera biltzen direnei.
Indartsu hasiko da zinemaldia, astelehenean. Lehen saioa The Asgard Project filmarekin irekiko dute. Torelloko (Herrialde Katalanak) zinemaldi ezagunean sari nagusia irabazi du berriki Alaistar Leek zuzendutako filmak, eta iaz estreinatu zutenetik parte hartu duen zinemaldi ia guztietan irabazi du sariren bat. Leo Houlding eskalatzailearen ibilerak ditu ardatz, eta Asgard mendiaren ipar horma eskalatzeko beste hainbat eskalatzailerekin izandako gorabeherak biltzen ditu; munduko horma handietan barrena egindako bidaia eta eskalada ikusgarriak, besteak beste.
Hori gutxi ez, eta emanaldi berezi baten lekuko izango dira astelehenean Artiumen bilduko direnak: Sokaz loturik. Alberto Iñurrategik, Mikel Zabalzak eta Juan Vallejok Broad Peak mendiaren hiru tontorrak lotuz osatutako zeharkaldiari buruzko lana da, eta hiru mendizaleak bertan izango dira zeharkaldian bizitakoak kontatzeko. Gainerako egunetan ere bada zer ikusia.
Aurtengo zinemaldian zortzi sari banatuko dituzte, eta horiek aukeratzeko epaimahaia boskote batek osatuko du. Zinema eta mendia gertutik jarraitzen duten pertsonak dira: 20 urtez Banffeko zinemaldiko zuzendari izandako Bernardette McDonald, Jasi Porewski zinemagile eta ekoizle poloniarra, Patxi Basabe zinemagilea, Javi Alonso Aldama EHUko irakaslea eta Patxi Gisasola EITB Kultura saioko zuzendaria.
Artiumetik, Gasteiz osora
Artiumeko emanaldietatik kanpo, Gasteizko kaleetara zabaldu nahi dute aurten zinemaldia, eta, horretarako, bestelako hainbat jarduera prestatu dituzte. Bi argazki erakusketa jarriko dituzte: Juan Ramon Llavoriren Año Santo, Santa Maria katedralean, abenduaren 10etik 21era, eta Marisa Torresen Emergent erakusketa, Goiuri jauregian, abenduaren 13tik urtarrilaren 31ra bitartean. Kalerako performance berezi bat ere prestatu dute: Antoine Le Menestrelek hiriaren Parte Zaharreko eraikinetan eskalatuko du, hilaren 18an eta 19an. Ordua eta lekua zehazteko dituzte oraindik, baina ziurra da Le Menestrelen zinemaldiak lekua izango duela hiriko kaleetan.
Dena prest, Artiumeko aretoan eseri, pantaila handira begira jarri eta mendiko kulturaz, irudiez eta istorioez gozatzeko ordua da hurrengoa.
Protagonisten zuzeneko lekukotza
Edozein zinemaldiren nahia izaten da filmetako protagonistak, zuzendariak, ekoizleak eta mendizaleak jaialdira erakartzea. Ekarri ez ezik, ikusleekin beren bizipen eta lekukotzak parteka ditzaten lortzea. Bide horretan ahalegin berezia egin du aurten Mendik, eta Gasteizen izango dira, besteak beste, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza, Horia Colibasanu, Erahrd Loretan, Krzysztof Wielicky, Herme Vermasse, Carinna Hollekin eta Iker eta Eneko Pou anaiak. Guztiek dute zer kontatua, eta emanaldietan azalpenak emango dituzte.Programazioa
ABENDUAK13 (18:30)Asgard Project. Zuzendaria: Alaister Lee (Frantzia). Gaia: Horma handietako eskalada. Iraupena: 65 min.
Wielkie Wspinaczki. Zuzendariak: Krzysztof Wielicki, Anna Filipow eta J. Sheroky (Polonia). Gaia: Himalaya. 50 min.
Sokaz loturik. Zuzendaria: Iñigo Eraso (Euskal Herria). Gaia: Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzak Broad Peaken osaturiko zeharkaldia. 50 min.
ABENDUAK 14 (18:30)
Remy Tezier. Pour un vieux rêve. Zuzendaria: Gilles Bour (Frantzia). Gaia: Au de las cimes filmaren kontakizuna. Iraupena: 52 min.
Play Gravity: The Other Side. Zuzendaria: Lorenz Roten (Suitza). Gaia: Muturreko kirolak. Iraupena: 55 min.
Jannu North Wall. Zuzendaria: Erhard Loretan (Suitza). Gaia: Himalaya. 70 min.
ABENDUAK 15 (18:30)
At Every Call. Zuzendaria: Jerzy Porebsky (Polonia). Gaia: erreskateak. Iraupena: 75 min.
Cartensz - The Seventh Summit. Zuzendaria: Pavol Baravas (Eslovakia). Gaia: mendia. Iraupena: 45 min.
Karina Hollekin. 20 Seconds of Joy. Zuzendaria: Jens Hoffman (Austria). Gaia: B.A.S.E. jauziak. Iraupena: 60 min.
ABENDUAK 16 (18:30)
Traum leben. Zuzendaria: Christoph Hoerner (Alemania). Gaia: eskia. Iraupena: 25 min.
A Patagonian Tale. Zuzendaria: Ignacio Galindez (Argentina). Gaia: bidaia. 45 min.
Piedra de luz. Zuzendaria: Sebastian Alvaro (Espainia). Gaia: Karakorum. Iraupena: 50 min.
Polish Winter Himalaya Exploration. Zuzendaria: Krzysztof Wielicki (Polonia). Gaia: Himalaya. Iraupena: 60 min.
ABENDUAK 17 (18:30)
Pueblos sin camino. Zuzendaria: Jorge Tsabutzoglu (Espainia). Gaia: ekologia. Iraupena: 45 min.
Tamur. Zuzendaria: Carlos Iglesias (Euskal Herria). Gaia: ur biziak. Iraupena: 50 min.
Kilian's Quest. Zuzendaria: Raphael Lassabliere (Frantzia). Gaia: mendi lasterketak. Iraupena: 50 min.
Annapurna: la clave. Zuzendaria: Carmen Portilla (Espainia). Gaia: Himalaya. Iraupena: 28 min.
ABENDUAK 18 (17:30)
The End of Loneliness. Zuzendaria: Daniel Salas (Espainia). Gaia: Himalaya. 61 min.
Un menestrel. Zuzendaria: Luca Bich, Gianluca Rossi eta Valeria Allevi (Italia). Gaia: antzerki bertikala. 63 min.
Entre nos. Zuzendaria: Erik Grigorovski (Brasil). Gaia: animazioa. Iraupena: 15 min.
Pan aroma. Zuzendaria: Jordi Canyigueral (Espainia). Gaia: eskalada. Iraupena: 12 min.
Iñaki no está solo. Zuzendaria: Jose Larraza (Euskal Herria). Gaia: Himalaya. 25 min.
ABENDUAK 19 (17:30)
Le grand tour. Zuzendaria: Damien Artero (Frantzia). Gaia: bizikleta bidaia. 50 min.
Birdman of Karakoram. Zuzendaria: Alun Hughes (Erresuma Batua). Gaia: paratxutak. Iraupena: 65 min.
Demencia senil 9a+. Zuzendaria: Jordi Canyigueral (Espainia). Gaia: kirol eskalada. Iraupena: 6 min.
La haute rute des pentes raides. Zuzendaria: Guido Perrini (Frantzia). Gaia: eskia. Iraupena: 40 min.
The Pinnacle. Zuzendaria: Paul Dieffley (Eskozia). Gaia: eskalada. Iraupena: 60 min.
ABENDUAK 20 (18:30)
Le monde de Gaston Rebuffat. Zuzendaria: Giles Chappaz eta Denis Steinberg (Frantzia). Gaia: alpinismoa. 52 min.
Die seilbahn. Zuzendaria: Claudius Gentinetta eta Frank Braun (Suitza). Gaia: animazioa. Iraupena: 7 min.
Welhs Connections. Zuzendaria: David Brown (Erresuma Batua). Gaia: eskalada. Iraupena: 60 min.
Linea continua. Zuzendaria: Herve Barmasse (Italia). Gaia: alpinismoa. Iraupena: 60 min.
ABENDUAK 21 (19:30)
The Hardest of The Alps. Zuzendaria: J. Canyigueral (Espainia). Gaia: Iker eta Eneko Pouren eskaladak Alpeetan. Iraupena: 60 min.
Emanaldietarako sarrerak Artium aretoko txarteldegian bertan edo Gasteizko turismo bulegoan eros daitezke, 3 euroren trukean. Argibideak: www.mendifilmfestival.com.
Jabi Baraiazarra.Gasteizko III. Mendi zinemaldiko zuzendaria
Mendizalea da, eta badu eskarmentua ikus-entzunekoetan. Bi alorrak uztartu, eta hirugarrenez aritu da zinemaldia antolatzen, buru-belarri.
«Kalitatea lehenetsi dugu film kopuruaren gainetik»
E. Agirre«Beroaldi baten ondoren» antolatu zuen lehenengo Mendi zinemaldia Jabi Baraiazarrak (Getxo, 1961). Zaletasunetako bi uztarri bakarrean lotzeko modua izan zuen: mendia eta ikus-entzunezkoen alorra. Hirugarren ekitaldia du dagoeneko zinemaldiak, eta gehiago izango direla aurreratu du: «Aurtengoa hasteke laugarrenean ari gara lanean».
Nola dator III. Mendi zinemaldia?
Bigarren aldia hasi aurretik hasiak ginen hirugarrena prestatzen, eta lehenengo bi urteetan gaizki egindakoak nola hobetu aztertzen aritu gara urte osoan. Lan gogorra egin dugu, eta zinemaldiari forma eta egitura zehatzak eman dizkiogu. Harremanak egiterakoan izan dugu arazo gehien; lehenengo urtean pelikulak bilatzeko arazoak izan genituen, iaz ez hainbeste, eta aurten jaso dugun film kopurua ez da hain handia izan.
Iaz, 42 film lehiatu ziren sail ofizialean; aurten, berriz, 22. Aipatu duzun hori al da jaitsieraren arrazoia?
Arrazoi nagusia ez. Kalitatea lehenetsi diogu kantitateari, eta aukeraketa egiterakoan igo egin dugu kalitatearen exijentzia maila. Filmaketari erreparatu diogu, gidoiari, ideiei, muntatzeari... Edozein zinemalditan aukeraketa egitea zaila izaten da. Kontuan eduki behar da esparru desberdinetako sariak daudela, eta alor horietarako guztietarako behar dela gutxieneko film kopuru bat. Ezin ditugu alpinismoa jorratzen duten hamar pelikula aukeratu, eta ingurumena lantzen duen bakarra; oreka bilatu behar da.
Torello (Katalunia), Trento (Italia), Banff (Kanada)...Mendi ari al da lekua egiten zinemaldien artean?
Kostata, baina egiten ari gara bidea. Jaioberria etxean ezagutzen da, eta heldutasunean bidea egin behar izaten da kanpoan ezagutzera emateko. Aurten jaialdi horietako zuzendariak gonbidatu ditugu Mendira, eta gure asmoa jaialdia nazioartera zabaltzea da. Horretarako, hurrengo urteari begira, Nazioarteko Zinemaldien Zirkuituan sartzeko eskaera egingo dugu -hiru ekitaldi egin izana ezinbestekoa da horretarako-. Iritzi baikorrak jaso ditugu aurreko ekitaldien inguruan, eta kanpora joaten diren mendizaleak izaten dira maiz gure mezulari; Iñurrategi, Vallejo, Pou anaiak... Eskertzekoa da hori.
Kantitatearen jaitsierak kalitatean izan al du eraginik?
Jaso ere iaz baino film gutxiago jaso ditugu, 50 pasatxo. Dena dela, ez nuke esango lanen kalitatea jaitsi denik. Akaso pelikulen mugimenduan izan da aldaketa, eta kosta egin zaigu filmetako batzuk ekartzea; kasu batzuetan ezinezkoa izan zaigulako. Pelikulak ekartzeko dirua behar da, baina hori ez da gure filosofian sartzen. Jaialdia ahalegin handia egiten ari da sariak handitzen, baina lehiatuko diren pelikulengatik ordaintzea ez dago gure ideien artean.
Zer nabarmenduko zenuke Gasteizko III. Mendi zinemalditik?
The Asgard Project da lehenengo eskainiko duguna. Ezinbesteko pelikula da, bai jardueragatik baita muntaketa nahiz irudiengatik ere. Pavol Baravas eslovakiarraren Carstensz-The Seventh Summit pelikula ere sariak jaso eta jaso ari da. Baravas zuzendari aparta da; oso ona da filmatzen, oso ona muntatzen eta oso ona istorioak sortzen eta kontatzen. The Pinnacle lanak Eskoziako Ben Nevis mendiaren bihotza erakusten du, Gaston Rebuffaten bizitza eta alpinismoa ulertzeko modua dakar Le monde de Gaston Rebuffat-ek...
Mendiko zinema mendizaleentzat dela dioenari zer esango zenioke?
Irudiekin edonork goza dezakeela eta, hori nahikoa ez balu, indar handiko istorioak jorratzen direla. Iñaki Otxoa de Olzari buruzko Iñaki no está solo eskainiko dugu, Bartzelonako entrenatzaile Pep Guardiolak jokalariak motibatzeko erabili zuen lana. Bitxia izanagatik egileek inolako harremanik ez dute mendiarekin. Istorio unibertsal eta hunkigarri bat kontatzen du, mendizaletasunetik haratago doazen balioak dira: taldeko lana, elkartasuna... mendizalea ez denak ere gozatuko du.
Nola dago Euskal Herrian ekoizten den mendiko zinema?
Euskarazko lau produkzio jaso ditugu, eta bakarra aukeratu dugu lehiaketarako: Tamur. Kalitate maila bat jarri dugu, eta, oro har, ez dutela ematen iruditu zaigu. Istorio politak baziren, baina zinemaldi bat dela aintzat hartu behar da, eta ez elkarte batek antolatutako proiekzio sorta bat. Eta etxekoei diegun estimutik diot hori.