Mendi ezagun eta jendetsuetatik aparte, abenturaren bidetik jo du Fedme Espainiako Mendi Federazioko alpinista gazteen taldeak. Himalayan Tengkampoche (6.500) ezezaguna zuten begiz joa, eta mendiaren ipar horman beste bide bat irekitzeko asmoz abiatu ziren Nepal aldera. Aurretik igoera gutxi zeuden mendi hartan. Udaberrian Simon Anthamatten eta Ueli Steck izan ziren bertan, eta ipar hormako lehenengo igoera osatu zuten. Chekmate izena jarri zioten bideari, 2.000 metro luzeko horma tentean irekitako zirrikituari (VI, M7+ eta 85&fraq14;ko pendiza). Beste bide bat ere badu orain ipar hormak, bigarrena: Rimshang Piriri.
Rowaling eskualdean dago Tengkampoche mendia, eta bertaratzea nahikoa erosoa bada ere, mendizale gutxi abiatzen da inguru hartako mendietara -Kwande Lho, Ankkole eta Panayo Tipak osatzen dute mendilerroa, besteak beste-. Alpinista gazteek Tengkampocheren ipar-mendebaldeko horman egin zituzten lehenengo saioak; saio hutsalak izan ziren. Baldintzak ikusita erabaki zuten ipar horma hotzean gora ekitea.
Oinarrizko kanpalekua 4.200 metrora jarri, eta Tengkampoche eta Ramdung mendien arteko lepora doan izotz eremutik gora abiatu ziren Manuel Cordova, Silvestre Barrientos eta Sidarta Gallego. Alpinisten hitzetan 70&fraq14; eta 90&fraq14;-ko izotz tarteak gainditu zituzten lehenengo eskalada egunean, eta tontorreko ertzera iritsi aurretik aurkitu zuten koba txiki batean igaro zuten gaua. Mendizaleen asmoa hurrengo egunean ertzera iritsi eta handik tontorra igotzea zen, baina elurraren baldintzak aproposak ez zirela erabakita, behera jaitsi ziren. Gailurrik ez zuten zapaldu, baina 1.700 metroko bidea ireki zuten Tengkampocheren ipar horma ezezagunean.
Egun batzuk geroago bide beretik eskalatu zuten Jonatan Larrañaga eta Aitor Abendaño bizkaitarrek. Azaroaren 10ean abiatu ziren mendian gora. «Hasierako zatia ezaguna genuen eta nahiko bizi eskalatu genuen; lehenengo bi izotz kanpaiak gainditzeko, sokarekin lotu ginen, eta handik kobarako tartea sokarik gabe osatu genuen, zailtasun teknikorik ez zuelako», azaldu du Jonatan Larrañagak. Sei orduan igo zuten 800 metroko zatia: «Nahiko arin eta bizi, egun batzuetan tripetako arazoak izan genituela aintzat hartuta».
Tontorrera ezin iritsi
Gaua koban pasatu zuten haiek ere, eta goizean goiz abiatu ziren gora, ilargi betearen argia baliatuz. «Handik gora aspertzeko betarik ez du ematen mendiak. Ensanblean abiatu ginen kobatik, baina hotz handia egiten zuen eta eskuak eta oinak egurraren pare genituen. Goizak aurrera egin ahala, epeldu zuen eta izotz horman pioletak segurtasunez iltzatzen genituen. Gozatu egin genuen eremu horretan, baina ertzera heldu aurretik guk ere buelta ematea erabaki genuen». Taldekideak iritsi ziren lekua baino 200 bat metro beherago bukatu zuten eskalada, eta Larrañagak eta Abendañok ere ez zuten tontorrera bideratuko zituen ertza iritsi. «Haizearen indarrak eta hotzak jaistera behartu gintuzten», zehaztu du Larrañagak.
Beherako bidea bizi-bizi osatu zuten, haien taldekideen aholkuak eta rapelerako erabili zituzten bideei jarraituz. Tontorrik ez, baina eskaladaren emaitza izan zen Rimshang Piriri bidea. «Nepalgo kanta tradizional bat da, oinarrizko kanpalekuan ezagutu genituen haurrek abesten ziguten kanta hori», argitu du Larrañagak. Ume haiekin izandako harremana gogoan adostu zuten espediziokide guztien artean bideari izen hori jartzea.
Arin igo genuen, izotz zati dotoretik, baina hotza eta haizea zela-eta ez ginen goraino iritsi»
«Nepalgo kanta bat da Rimshang Piriri; haurrek kantatzen ziguten oinarrizko kanpalekuan»
jonatan larrañaga
Mendizalea
MENDIA. HIMALAYA. Tengkampoche ezezaguna
Fedmeko alpinista gazteen taldeak beste bide bat ireki du Tengkampochen (6.500); Jonatan Larrañaga eta Aitor Abendaño bizkaitarrak izan dira errepikatzen aurrenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu