Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Altzolarasko harana

MENDIA. IBILBIDEA. Altzolarasko harana.
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Urdaneta, Pagoeta, Altzuruzelai, Iturriotz, Leizeberri, Etumeta, Santa Engrazia, San Pelaio, Altzolarats
  • Distantzia: 26 km.
  • Iraupena: 6 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Urdaneta auzotik abiatuta, artzainek ganadua batetik bestera eramateko transhumantzia bideen lekuko izango gara.
  • Estekak: Ibilbidea
mikel arrizabalaga
2010eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Transhumantzia bideek udako eta neguko larreak lotu ohi dituzte, eta artzainek ganadua batetik bestera eramateko erabiltzen zuten. Transhumantzia bideek Gipuzkoako lurraldea zeharkatzen zuten ez aspaldi, eta ezagunena Donostia eta Arantzazu lotzen zituen GR-34 bada ere, bazen beste bat Aralar eta Zumaia elkartzen zituena: GR-35 eta honen bi aldaerak: GR-35.1, Oriora doana, eta GR-35.2, Zarautzen amaitzen dena. Gaur Altzolarasko harana inguratzen duten bide zaharretan murgilduko gara; Aralarren eta kostaldearen arteko bideetan barna, hain zuzen. Zarauztik abiatuta, Urdanetara doan errepidea hartuko dugu (GI-3163).

Urdanetatik Iturriotzera

Urdanetako hilerriaren ondotik abiatu gara, eta, egunsentiaren lehen argiekin, asfaltatutako errepidetik gorantz egin dugu bide seinale zuri-gorriek erakusten diguten bidetik (GR 35.2). Zarauzko hondartza begi bistan dugularik, Sarobeberri baserrian pista utzi, eta, belardian zehar, Lizarrako lepora iritsi gara. Pagoeta aldera igotzeko bi aukera ditugu: lehena, bide seinale zuriak eta horiak jarraituz gurutzeraino igotzea (PR GI 34 eta 35), eta, bigarrena, berriz, orain arteko marka zurigorriak segitu (GR 35.2), gurutzea gure ezkerrera utzi eta Pagoetako tontor nagusiaren ondotik pasatzea. Marka zuri-gorriak aukeratu eta Altzolarasko haranaren aldeko magalean eman ditugu hurrengo urratsak. Haranaren beste aldean, SantaEngraziako baseliza haitzaren erpinean ikusi dugu, baina oraindik kilometro batzuk egin beharko ditugu haren erraiak ezagutzeko. Berehala jarri gara maldan behera, eta, kontu kontari, erraz jaitsi gara Altzuruzelai lepora. Errepidea zeharkatu eta berriro maldan gora jarri gara. Otagain ezkerrera utzi, eta Iturriozko bentaren atari ondora iritsi gara. Benta hori Aiako lurretan dago, eta XVI. mende amaierakoa da. Gertu, San Joan baseliza dago. Urtero jaia eta erromeria ospatzen dira benta zaharraren inguruan San Joan egunean eta bezperan.

Iturrioztik Santa Engraziara

Iturrian kantinplorak bete, baserria atzean utzi eta aipatutako baselizara jaitsi gara. Baselizaren ezkerretik segitu San Joan erreka zeharkatu eta, jende askok Erniora igotzeko erabiltzen duen bidetik, Leizeberriko muinora iritsi gara; hortik, Sagain Zelai deitu izan zaion artzainlekua ikus daiteke. Muino horretatik, Zelatunera doan bidea utzi, eta eskuinera biratu dugu, Gazume mendi aldera. Aurrez aurre dugun ibarbidetik gorantz egin dugu; borda txiki batzuen ondora iritsi, eta eskuinetik ateratzen den xenda hartu dugu Gazumera doana utzita. Bide erosoa da, pagadi eta izeidien itzalean, Gazume eta Mendibeltzaren magala zeharkatu ditugu pista zabal batekin topo egin arte. Puntu horretan GR 35-en bide seinaleak ikusi, eta, horiek segituz, Indo eta Txorondegiko muinoak gure eskuinera utzi ditugu Etumetara jaisteko, Erdoiztako baselizara doan errepidearen ondora.

Errepidetik metro batzuk ibili, baina berehala utzi eta eskuinera jo dugu, marka zuri-gorriei segituz. Azkar iritsi gara Santa Engrazia baserriaren ondora, eta, ahalegin txiki bat eginda, baselizaraino igo gara. Murugarrenek baseliza horrren aipamena egin zuen 1526. urtean, baina baselizaren jatorria lehenagokoa da. Erdiko aldarean, santaren irudia dago, oinezkoen, zelaien, ekaitzen eta gaixoen zaindari. Ohikoa zen amek bertara eramatea hitz egiten hasteko zailtasunak zituzten umeak, eta santuari kandelak eskaintzea eta arrosarioa errezatzea.

Santa Engraziatik Urdanetara

Baselizaren kanpotik dagoen ikuspegiaz gozatu ondoren, atzera egin dugu, baserrira jaitsi, eta, GR 35 eta PR GI-40-en markak jarraituz, Egañazpiko baserrira jaitsi gara. Seinaleak utzi eta eskuinetik gorantz egiten duen porlanezko pista bat hartu dugu. Aizarnako haranaren postal ederraz gozatuta, egoera kaxkarrean dagoen San Pelaio baselizaren ondora heldu gara. Bidegurutze horretan, PR GI-39ren marka zuri eta horiak bilatu ditugu, eta, horiek segituz, Altzolaratseko haranaren hondora jaitsi hasi gara. Ondo taxututako bide zaharra jarraituz sigi-sagan berehala gaude izen bereko erreka eta jauregi zahar eta abandonatuan. Metro batzuk beherago, eskuinetik ateratzen den pista zabal bati heldu, eta maldan gora jarri gara. Pinudia atzean utzi, eta azken metroak ahalegin bizian egin ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.