Ezagun dugu guztiok Aran ibarra. Han noizean behin edo sekula santan egon ez arren, entzuna dugu bederen Kataluniako Pirinioetako ibarra dela, Garona ibaiaren sorleku iparrera begira, eta hango hizkuntza ofiziala katalana eta gaztelaniaz gain aranera dela. Duela urte asko bertakoen hizkuntza euskara zela ere garbi asko erakusten digu toponimoak berak.
Bada, oraingoan, beste Aran ibar bat ezagutzeko parada duzue. Euskal Herritik hurbilago, txikiagoa hedaduran eta baxuagoa altueran, uda sasoian artzainak izan ezik biztanlerik gabea, eta ezezaguna erabat, batez ere Pirinioez hegoaldekoentzat. Beste hartan bezala, gailur eder eta ikusgarriek inguratzen dute gaurko Aran ibarra ere. Biarnoko Aspe eta Ossau ibarren artean, Sarrance herritik ekialdera luzatzen da, Aspe ibaiertzeko 350 metroetatik ibarraren izen bereko leporaino, 1.650 metrotan. Ibarra hegoaldetik ixten dute tontorrik nagusienek, 2.000 metrora gutxigatik iristen ez diren Montagnon (1.973) eta Mailh Massibe (1.973), eta iparraldeko gandor luzean beste hainbat gailur nabarmentzen dira, besteak beste, Roumendares, Andurte, Ourlene eta igotzea proposatu dizuegun Arango Haitza. Izenari dagokionez, aurreko Aran ibarrean garai batean euskara bazen bertakoen komunikazio hizkuntza, zer esanik ez, Zuberoa eta Nafarroatik hain urrun ez dagoen honetan. Eta hori berresten duten adibide ugari dago eskualde horretako toponimian: Andurte, Ourdinse, Illurpe, Pausate eta abar.
Neguko elurrak erabat urtuta, orain duzue aukera, oinez behintzat, ibarra ezagutu eta gailur horietako batzuk zapaltzeko. Arango Haitzera igotzeko atarian aipaturiko Sarrance herria izan badaiteke aukeretako bat, bide luzea dago tartean eta igo beharreko gainbehera ere ez litzateke makala izango. Hortaz, igoera errazteko asmoz, Benou goi ordokiaren ingurutik abiatzea da gomendioa. Aspe eta Ossau ibarrak lotzen dituen Marie Blanque mendate sonatutik gertu dago, bigarren ibar aldera. Ordeka eder eta belartsua, berez, polje edo ibar itxi eta luze baten hondoa da.
Ossau ibarreko Bielle herritik gora joanda, Bilheres herria behean utzi eta ordokira iritsi baino kilometro eskas lehen, bihurgune itxi batean, Houndaseko kapera eta atsedenleku bat dago, pagadiko gerizpeak baliatuz. Ezkerrera irteten den bidea hartu eta berrehunen bat metroren buruan aparkaleku batera helduko zarete, abiagunea (880). Ahal baduzue goizean goiz ekin bideari, uda partean eguzkiak gogotik berotzen baitu. Gertuko baserri edo etxalde batera iristen da lehenik bidea, baina aurrera jarraitzen du ondoren, bide luzea egin ostean goialdeko Bordes eta Crambots artzain txaboletaraino.
Arango Haitza
Baina Arango lepora pistatik igo nahi ezean, oinezkoen bidea segitzea duzue egokiena. Pistak eskuinera egiten duen lehen bihurgunean, ezkerrera jo (920) eta basoaren itzalean, gora doan bidea segi. Atzera, pistarekin bat egin, eta tarte batez berau jarraitu behar duzue, 1.080 metrotan eskuinera biratzen duen arte. Emeki-emeki, bihurgune mordoa emanez igotzen da pista, eta oinezko bidea, berriz, mendian gora zuzenago, betiere harri pila edo cairn batzuen bidez ibilbidea adierazita duzuela. 1.290 metrotan, gain batean dagoen artzain txabolara iristear zaudetela adieraziko dizuete zakurren zaunkek. Aurrera segi zuek, eta apenas desnibel handirik gabe pistan barrena ibarrean barneratu, eskuin hegian gora abiatzen den zidorraren bila. Estu eta maldatsua, segi gora, eta eutsi arnasari, han, urrutian ageri den lepoa dirudiena baino gertuago dago eta.
Leize sakon batzuk daude lepo inguruan, eta sakonune bat Aran lepoan bertan (1.654). Hortik gora ibilbidea begi bistakoa da, galtzeko aukerarik ez dago, beraz. Aran ibarraren goi zatia izango duzue ikusgai, batez ere belartsua, eta artzain txabolak erdian, beherago. Tontorpeko lepora iritsiko zarete, lehenik, eta gandorraren beste aldea ikusgai izango duzue hortik, lehenengoz. Gailurrera iritsi aurreko azken metroetan soilik topa daiteke zailtasunen bat, belar eta harri artean, gora maldatsu bilakatzen baita bidea.
Garaiena ez izan arren, ikuspegi zabala eskaintzen du Arango Haitzak (1.796), iparrera gehienbat, ederra alde guztietara. Benouko ordokia garbi ikusten da behean, eta Marie Blanque mendatearen atzean, Escurets-eko mendilerro guztia. Urrutian, Okzitaniako lautada, lainopean. Hegoaldera, berriz, ibarraren gain bi tontorreko mendia nagusitzen da (Montagnon eta Massibe) eta haragoko ikusmira murrizten du.
Igotako bidetik egin dezakezue jaitsiera. Aldaera txiki bat proposatzen dizuegu, ordea. Lepotik zuzenean behera abiatu beharrean, hegoaldera jarraitu, Montagnon aldera ehunen bat metroz, eta ondoren bide lauso bati jarraituz La Herrere basoaren gainetik zehar-zehar egin Crambots borda ingurura jaisteko. Pistaz gain, bide ona duzue basoan behera, igoerako bidearekin bat egin arte.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEA. Beste Aran ibarra
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Euskal Herritik kanpo
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Bilheres, Benou, Arango Haitza, Houndas, Aran
- Distantzia: 13,5 km.
- Iraupena: 5 ordu eta 15 mn.
- Ingurunea: Nafarroako mugetatik at, baina behinola euskararen mugen barruan izandako paraje ezezagunetan barrena ibiliko gara.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu