Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Desitxuratutako tontorrak

MENDIA. IBILBIDEA. Desitxuratutako tontorrak.
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Amaiur, Antzabal, Itzulegi, Bardako Kaskoa, Gorramakil, Otanarte, Gorramendi,
  • Distantzia: 14,5 km.
  • Iraupena: 5 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Baztango ipar-ekialdean goititzen dira Gorramendi eta Gorramakil tontor biribilduak; garai batean gune militar izandakoa, egun hedagailuz josiriko ingurua da.
  • Estekak: Ibilbidea
Asier Agirresarobe Muskilda Tellabide
2009ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Baina izenburuak dioenaz bestela, paraje ezin ederragoak dituzue Baztan ibarreko horiek. Gorramendi lautik Alkatxuri zorrotzean amaitzen den gandorreko ikuspegia edozein asetzeko modukoa da, eta are gehiago Aritzakun aldeko hegian zehar-zehar doan bide zaharretik bazoazte. Otsondo mendatetik abiatzen den garai bateko errepide militarretik gora, bost kilometro pasatxoren buruan, Amaiur izango da abiapuntua (280 m), nahiz eta Itzulegi lepoan berehala kokatu.

Herri sarrerako arkupetik igarota kalean gora ekin behar diozue ibilbideari. Ezker-eskuin etxe ederrak utziz, garai bateko Guardia Zibilaren kuartel parera helduko zarete, gaur luxuzko ostatu bilakatua. Hor, ermitara eta Amaiurko gaztelura daraman bidea utzi eta eskuinera hartu behar duzue, berehala ezkerrera jo eta maldari ekiteko. Bide nagusian gora, adarrei eta arrasto zuri-hori zaharrei jaramonik egin gabe, errekastoa igaroko duzue (410 m). Harresiz itxitako belardia inguratuko du bideak jarraian, behealdetik, eta une batez beherako joera badu ere, zuek segi aurrera, eta laster izango zarete pagadipeko borda baten aurrean (405 m). Hortik gora bide bat ikusiko duzue. Horri eutsi, hasieran ote artean estu samarra bada ere, Antzabal tontorra eskuinetik inguratzen du Illarregi sakanean gora emeki-emeki altuera hartuz. Mendi lepoa hartuta (590 m), pista zabal batera irtengo zarete, eta hortik gora, Bozatera jaisten den bidea eskuinean utzita, ez duzue galbiderik Itzulegiraino (700 m).

Aritzakun eta Urritzate

Bidegurutze eta lautada zabala. Ordoki belartsu horretan zeuden AEBetako armadaren bulego eta lo egiteko eraikuntzak; radarra eta antenak, berriz, tontorrean. Errepidean gora ehunen bat metro egin, harik eta adreiluzko eraikuntzara iritsi arte. Ezkerrera jo, eta berehala txabola ezkerrean utzita goranzko bideari ekin. Gorramendiko mazelatik doa zidorra, harri artean, eta errekastoa zeharkatu eta gutxira Urtsuko bordetara iritsiko zarete (825 m). Paraje zoragarria, benetan, eta hortxe duzue Bardako leporaino eramango zaituzten bidea ere. Pagadian murgilduko da lehenik zidorra, eta zehar-zehar, ia-ia desnibelik gabe, hainbat erreka-zoko gaindituko ditu; soilgunean jada, lepo belartsu polita gaindituko du, eta pagadian berriro, harri solteko zatietan etengabe baina leun gora egingo du, Barda kaskopeko lepo zabal eta belartsura irten aurretik (890 m).

Bardako kaskora egin dezakezue joan-etorria, eta nahi izanez gero, Gorostiko lepotik barrena Alkatxuri eta Irubelakaskoaraino buelta; luze joko badizue ere, ikusgarria da oso. Gorramendira iristeko, norantzaz erabat aldatu eta bizkar belartsuan gora egin; astiro-astiro, erraz gaindituko dituzue gainaldera iristeko metroak. Hori bai, igo ahala, noizean behin, biratu zaitezte, eta arnasa sakon hartzearekin bat ikuspegiaz gozatu, Aritzakun eta Urritzate ibar sakonak izango baitituzue begi aurrean.

Gorramakil duzue lehen tontorra (1082 m), Otanarte edo Geretzegi hurrena (1064 m) eta Gorramendi, Itzulegiko lepoaren gain, azkena (1074 m). Antzeko garaiera dute, gaina laua eta zabala; horretaz ere konturatu ziren AEBetako armadakoak ere, Gerra Hotzaren garaian alerta eta kontrolerako radarrak ezarri zituztenean Gorramendin. Gaur egun gune militarreko instalazioak ez dauden arren, tontorretaraino iristen diren errepideak eta hondakin piloa dago, jaso gabe, gerora jarritako komunikaziorako hedagailu berri mordoarekin batera.

Hegoalderantz, bizkarrean behera egin dezakezue, eta errepidearekin bat egin ondoren Itzulegirantz jaitsi. Hara iritsi baino 200 bat metro lehenago, ibilbidea zertxobait laburtu aldera, ezkerrera eta behera jo (760 m); laster ikusiko duzue igoeran erabilitako pista, Antzabal atzeko lepora zuzenean jaitsaraziko zaituzten zidorra.



Gorramendigorra ezzenekoa

1954 eta 1974. urteetan, AEBetako armadak, Espainiako armadaren laguntzarekin, alerta eta kontrol gunea jarri zuen Gorramendi mendian, aire trafikoa kontrolatzeko. Gerra Hotza bete-betean zegola eraiki zuten, Espainiaren garapena lagundu zuen Marshall planaren truke. Mendi magalean, Itzulegin, eraikuntza nagusiak zeuden, AEBetako langileentzat nahiz zaintza lanetan aritzen ziren Espainiako armadako soldaduentzat-baztandarrak asko-, bulego eta etxebizitzak. Mendi kaskoan zegoen, berriz, gune teknikoa, 40 metro luze inguruko bi antena paraboliko erraldoi, inguruko 300 eta 500 kilometrotatik pasatzen ziren hegazkin guztiak kontrolatzeko. 1976an bota zituzten Itzulegiko eraikuntzak, urte batzuk lehenago desaktibatu eta desmuntatu baitzituzten radarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.