Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Gasteiztik Gebarako gaztelura

MENDIA. IBILBIDEA. Gasteiztik Gebarako gaztelura.
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Gasteiz, Estibaliz, Urizar, Gebara, Gaztelua
  • Distantzia: 18,5 km.
  • Iraupena: 4 ordu eta 15 mn.
  • Ingurunea: Barrundiko barrutira txangoa egingo dugu Gasteiztik bertatik abiatuta. Estibalizko baseliza erromanikoa, urtegiko hezeguneak eta Gebarako jauregi zein gaztelua ditugu ibilbidean. Autobusa hartuko dugu itzultzeko.
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2009ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Oreitisolo/Venta la Estrella izeneko industrialdean hasiko gara ibilian. Gasteizko hegoaldean ikusiko dugun Lizarrara doan A-2130 errepidean, hain justu ere. Asfaltotik hamar minutu egin ondoren, Vasco-Navarro trena izanaren azpiegiturari zegokion eraikin zahar bat ikusiko dugu errepideaz bestaldean, Mendiolako desbideratzera iritsi aurretik. 66. bidarrira iritsita, Estibalizko santutegira eta Kanpezura doazen bide egokituei dagozkien azalpen historikoak irakur ditzakegu, Arabako Diputazioko Ingurumen Sailak propio jarritako argibide taulan. Asfaltoa utziko dugu bertan, eta bizikletentzat egokitua den bidetik ekingo dugu. Otazu herriaren ondoko pasabidetik igaroko gara segituan, eta, lur sailak lagun, Aberasturiko geltoki zaharberritura iritsiko.

Norabidea aldatu gabe, Andolluko geltokirantz joko dugu ondoren. A-132 errepideko tunela igaro gabe, baina, ezkerrera egin eta Andollu tabernaren aparkalekura jaitsiko gara. Errepidetik metro batzuk egingo ditugu gero, Gasteiz aldera, eta, Estibalizko tontorrera zuzen-zuzen jotzen duen bide estua ikusitakoan, errepidea bazter egin eta handik abiatu tontorreraino. Baseliza erromanikora igoko gara eskailera zabalei segika.

Estibaliztik Zadorrara

Baseliza bisitatu ondoren, aparkalekura jaitsi eta atsedenlekuan sartuta, erretokien aurretik igaro ostean, ondoko nekazari bidean ezkerrera egingo dugu. Jaitsiera xumearen ondotik, Oreitian sartuko gara. Elizaren abside paretik igaro eta jauregi polit bat atzean utzita, ezkerrera okertuko dugu. Eskuinera egingo dugu aurrerago, eta zuzen jarraituko dugu harik eta nekazari bide batekin topo egiten dugun arte. Ezkerrera hartuko dugu orduantxe, eta N-104 errepidera aterako gara. Asfaltoa tentu handiz zeharkatuta, Arbulu herrian sartuko gara. Ederki eta Elexaldea kaleei jarraiki, eliza aldera joko dugu. Elizaren dorretzarra eskuinean lagata, Urizar kalea baliatuko dugu herritik ateratzeko. Autobide gaineko zubiari esker, iparraldera egiteari ekingo diogu. Igoera xumea izango dugu, gero lepo txiki batera iristeko. Lepotxotik aurrera egingo dugu, betiere iparraldeko norabideari eutsita. Mendiaranpe muineko erpin geodesikoa ikusiko dugu iparraldean.

Hara baikoaz, zuzen egingo dugu Mariturri izeneko desbideratzean; izan ere, Lubinao herrira doan partzelaria zabala ezkerrean lagako dugu. Beortegi inguruan (egurrezko seinale bat dago han) langa bat zeharkatuko dugu. Ezkerreko bidetik segituko dugu Urizar auzora hurbiltzeko. Beste langa batera iristean, hura zeharkatu gabe, eskuinera jo eta itxitura baten paraleloan segituko dugu, lur sailak gogaide. Oraindik urrun samar gauden arren, erraz egingo zaigu Gebarako gaztelu zaharreko hondakinei erreparatzea, Uribarriko urtegiaz bestaldean. Hari elektrikoaren azpitik igaro bezain pronto, ezkerrera okertu eta erkametzek hartutako igarobide batetik segituko dugu Urizar baserriraino. Baserri ondoko presa txikia zeharkatuta, Mendixur parke ornitologikorantz abiatuko gara. Parkea inguratzen duen pistari jarraituta (Garaioko parke probintzialera doana alde batera utzita), errepide nagusira aterako gara. Gebarara doan errepideari segika, elizara iritsiko gara.

Gebarako elizaren eskuinaldetik doan kale Nagusia segituko dugu eta gainaldean den auzunera igoko gara. Txaleten parez pare gaudela, ezkerretik ikusiko dugun bidea lagun, Gebaratarren jauregira iritsiko gara. Eraikina eskuinean utzita, ezkerrera okertuko dugu hartxintxarrezko pistari segitzeko. Arratea izeneko lepora iritsiko gara laster batean. Ozetara jaisten den bideari muzin eginda, eskuinera jo eta, Basabea deritzan ingurutik igarota, ingurumenean eragina leuntzeko kamuflatze koloredun ur biltegi batera iritsiko gara. Talaia ederra da terrazatik lautadako paisaiaz gozatzeko. Eraikina eskuinetik inguratuz gaztelu zaharrera igoko gara.

Gasteizera bide beretik itzuli bagaitezke ere, Ozetara jaistea zentzuzkoa da; izan ere, garraio publikoa eskasa bada ere, Alegria konpainiako autobusek Araia-Gasteiz ibilbidea egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.