Lemoara (Bizkaia) joateko modurik erosoena trena dugu, Euskotren. Geltokitik bertatik abiatuko gara, eskuinera eginez (E). Zornotzarantz jarraituko dugu, errepidearekin bat. 200 metro aurrerago, eta bus geltokia iragan bezain laster, ezkerretik sartuko gara, harresi arteko porlanezko bide estuan gora (I). Errepidearekin berriro elkartzean, zeharkatu eta hogei metro ezkerrera egin ondoren, sarbideari emango diogu (I). Bost minutu pasatzeke, eta porlana desagertzearekin batera, zuzen segi (IE), ezkerreko pista baztertuz. Ehun bat metro gorago berdin jokatuko dugu, ezkerrekoari bizkarra emanez. Bost minuturen buruan ezkerrera egingo dugu, bihurgune zabalean (M). Gozo igoko gara gerizpean, baina arretaz ibiltzeko garaia heldu zaigu dagoeneko.
Bihurgunetik hiru minutura enbor eroriak gainetik igaroko ditugu, eta segituan ezkerrera joango gara. Bat-batean azalduko zaigun aldaiari ekingo diogu, eta berehala sasitza nagusituko zaigu. Pazientziaz eta kontu handiz jarraituko dugu. Zuhaiztian sartzean, zuzen segi (IM), eta bost minutu igaro barik sugearena egiteko unea etorriko zaigu, bidean dauden zuhaitzak pasatzeko aukera gehiagorik ez dagoelako. 30 metro aurrerago ezkerretik segi (HM), azken enborraren gainetik jauzi egin arte. Zuhaitza atzean utzi, eta pista erosoak lagunduko digu San Antolin baseliza berriraino. Hamar minutuan ermitara nahiz belardira iritsiko gara. Eskuineko aldatsa besterik ez da faltako bost minutuan gailurra zapaltzeko.
San Antolin Lemoan dagoen ingururik politena da. Irailaren 2an ospatzen dute San Antolin eguna. Badaude zenbait lagun, eguraldia edozelakoa izanda ere, indaben putxeroa prestatzen dutenak inguruko labeetan. Behin eginda, indabak txapelketara aurkeztu eta, jarraian, parte-hartzaileek, lagunek eta senideek dastatu egiten dituzte inguruko pagoen gerizpean. Horrez gain, santuaren baselizan meza eman eta dantzaldia izaten da inguruan.
Lemoatxa edo Gantzabal (358 metro, gurutzea, buzoia, San Antolin baseliza zaharra eta antenak) leku paregabea da mokadua hartzeko eta umeak olgetan ibiltzeko. Balkoi ederra dugu berau. Tontorretiko ikuspegia zoragarria da, Gorbeialdea, Arnoko mendiak, Gorobel, Bilboko mendiak, Grumeran mendilerroa eta kostaldeko gainak ikustatzen dira, besteak beste. Beheratzeko hurko atsedenlekurantz joango gara (I), eta gero errepidean behera, beti hari segika. Zalantza bakarra sor dakiguke, porlana desagertzean. Zuzen joko dugu horretan (HM), eta zementua berehala agertuko zaigu berriro. Hilerrira heltzean, noranzkoari eutsiko diogu, 300 metroan herriratzen garen arte. Andra Mari eliza aurrez aurre izango dugu, non eskuinetik jarraituko dugun. Hemendik eta errepide nagusiraino elkargune guztietan zuzen egingo dugu. Behin errepidean, ezkerretik joko dugu tren geltokiraino.