Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Kalekumeen altxor ezkutua

MENDIA. IBILBIDEA. Kalekumeen altxor ezkutua.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Bilbo, Arnotegi, Pagasarri, Pastorekorta
  • Distantzia: 20,4 km.
  • Iraupena: 5 ordu eta 10 mn.
  • Ingurunea: Bilboren bihotzean ibilian hasi eta hiria inguratzen duten Arnotegi eta Pagasarri mendiak izango ditugu jomuga, bilbotar peto askori ezezaguna zaion ibilbidetik.
  • Estekak: Ibilbidea
2010eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Kanpotarrei ez ezik, bilbotar peto askori ere ezezagun izango zaio gaur dakarkizuegun Pagasarrira joateko ibilbidea -Bilboko mendirik ospetsuena zein jendetsuena da Pagasarri- , gehienek ohiko bideari behin eta berriro ekiten baitiote. Berori buruan, Plaza Biribila-Abandoko tren geltokian abiatuko gara, eta Hurtado Ametzaga, Gartzia Salazar eta Juan Garai kaleak atzean utzirik, San Adrianerantz igoko gara. Autobidearen gaineko zubia zeharkatu, Iberdrolaren eraikina eskumatik inguratu, eta ezkerrera egingo dugu bira (H), garbigunearen ondotik igarota. Gorantz jarraituko dugu, eta Athletic taberna pasatu bezain laster, ezkerrera joko dugu (IE). Pasabidea iragan eta zazpi bat minutura eskuinera egin (IM), berehalako bihurgunean ezkerreko zidorrari segituko diogula (HE), pista alboratuz. Hamar minutu beharko dugu aldats pikoan txiri-txiri tontorreratzeko.

Arnotegitiko (426 m, buzoi bi) panorama ederraz gozatutakoan, noranzkoari eutsiko diogu (E), arreta handiz jaitsiz, lurra nahiko labaingarri egon ohi baita. Pistarekin bat egitean, eskumara joko dugu (IE). Antenaraino bertaraino iristean, ezkerrean laga eta ekialderantz joko dugu, eta berehala belardian izango gara. Belaze erdiko bidexkan behera egingo dugu (IE), harik eta legarrezko pistarekin batzen garen arte. Zuzen jarraitu (HE), betiere aldai nagusia bidaide, eta elkargune bietan ezkerrera hartuz. Aparkalekuko bidean eskumara joko dugu (H), 40 metrora eskumara joan (HM) eta segituan ezkerreko bidezidorrari segituko diogu (HHM). Ur-jauzira iristeko ordu laurden bat beharko dugu, erreka lagun eta haritzak nagusi diren baso ederrean murgildurik. Behin argazkiak aterata, hamar minuturen buruan pistarekin topatzeaz bat, eskumara egin (IM), eta 200 metroan ezkerrari ekingo diogu (HE). Atea iragandakoan, ez dugu aldaia alboratuko Artabe bidearekin bat egin arte, kilometro bi aurrerago, non ezkerretik jarraituko dugun (E), bide lau zabalean.

Pagasarriko gaina

Hamabost bat minutu beharko dugu Pastorekortako lepoan izateko (596 m, erpina eta buzoia; hamabost minutu joan-etorrian). Pasabidea igarota, eskuineko belardiko burdin hesia zeharkatuko dugu (M), eta goiko aldeko bide nabarian segituko dugu, magalekoa baztertuz. Kilometro eta erdi gorago Pagasarriko gaina zapalduko dugu (673 m, buzoi bi). Bista zabalak tartetxoa eskatuko digu gailurrean, eta kostaldeko mendiak, Durangaldea, Gorbeialdea, Gorobel eta Ganekogortaldea begiztatuko ditugu, besteak beste. Noranzkoari eutsiko diogu (M), berehala eskumara joanez (I), Ganetako antenak aurrez aurre, Paca tabernarantz. Bertan atseden eta ondo merezitako mokadua har daiteke. Jatorrizko eraikina Bilboko Udalak eraiki zuen, Kirol Klubak eskatuta, 1914an. Urte askoan, Francisca Intxausti Paca andreak gobernatu zuen; horrenbestez, oraindino ere askok La Paca taberna esaten dio.

Behin lepoan, bai elur zuloak bai Tarin iturria 300 metrora daude (HM). Bihurtutakoan, Ganetako antenatzarra esku-eskura (689 m, buzoia), igotzen badugu hamar minutu behar dira tontorreratu eta itzultzeko. Ezkerreko pista laua hartuko dugu patxada ederrean beheratzeko (I). Lehenengo elkargunean eskumatik segi (HE), eta hurrengoan ezkerretik (IM). San Rokeko atea iragan eta 500 metrora izen bereko baseliza bisita dezakegu, joan-etorrian, eskuineko errepidean behera. Itzuli eta porlanetik jarraituko dugu, Athletic tabernaraino. Bide ezagunetik Bilboratuko gara handik.



Pagasarrikoelur zuloaketa Tarin iturria

Pagasarriko elur zuloak XVII. mendekoak dira, Bizkaian elurra merkaturatzen hasi zen garaikoak. Elurra zapaldu egiten zen, trinkotzeko, eta belarrez, lastoz edo iratzez bananduriko geruzetan biltzen zen. Sorturiko izotza bloketan ebaki eta kontsumoko lekuetara garraiatzen zen, gaueko freskuran. Medikuntzan erabiltzen zen, analgesiko gisa eta sukarrak leuntzeko batez ere. Halaber, freskagarriak eta izozkiak egiteko ere oso estimatua zen.

Elur zuloen ondoan Tarin iturria dago. Mendizale talde batek inauguratu zuen 1914. urtean, eta sorturiko gastuak ordaintzeko harpidedunei tarin bat kobratzea erabaki zuten (garaiko erreal bat).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.