Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Lertzagain, Basaburuko basoetatik

MENDIA. IBILBIDEA. Lertzagain, Basaburuko basoetatik.
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Igoa, Sorozelaia, Lertzagain, Usategi
  • Distantzia: 8,6 km.
  • Iraupena: 2 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Isurialdeen banalerroko mendien artean, Nafarroako muino xume eta ahaztu batera igoko gara, handinahirik gabe bidea baita helburu.
  • Estekak: Ibilbidea
ASIER AGIRRESAROBE - MUSKILDA TELLABIDE
2008ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Hegi malkartsu eta ikuspegi zabaleko mendi garaiak, ingurukoen gainetik goititzen direnak; ederrak dira, eta mendizale orok izan ohi ditu gustuko eta irteeretako xede. Baina paraje bakartietako mendietako basoetan barrena bide zaharretatik ibiltzeak ere badu xarma, eta are gehiago hostailak oraindik udazkeneko jantziak erantzi ez baditu. Hala, Kantauri eta Mediterraneo isurialdeen banalerroko mendi segidako muino bat da igo asmo dugun tontorra: Lertzagain, Patatalur ere esaten zaiona. Ez da nabarmena, ez garaienetakoa; eta basoa dela medio ikuspegi murritza du, edozein aldetara begiratzen dela ere. Apala eta xumea da; mila metroak apenas gainditzen ditu, eta iparraldera malkar nahiz amildegi nabariak izan arren, biribil samarra da, goialde lauarekin. Baina, hala ere, merezi du. Tontorrak eta, batez ere, bideak.

Lertzara igotzeko bide laburrena Gorostietako lepotik igotzen den bidea izan arren, Basaburuko Igoa herrixka duzue aproposena; ez da askoz luzeagoa, baina bai ederragoa (710 m). Elizaren aurreko plazatik ekialdera abiatu behar duzue, herriko ostatua eskuinean eta labaderoa ezkerrean utzita. Porlanezko bidean aurrera egin, eta bidebanatzean gora jotzen duen bidetik jarraitu. Laster iritsiko zarete ordoki batean dagoen baserri aurrera, Iratzabalera. Bidegurutze horretan, porlanezko bidetik gora jarraitu, eskuinekoari kasurik egin gabe. Bihurgunea hartu eta berehala amaituko da porlana, pista on bati bide emateko. Askadun iturria utziko duzue eskuinean, eta Iratzabalgo ardi borda agertuko zaizue pareko belardian. Segituan zarete Sorozelaian (825 m).

Bidegurutzean pista utzi eta eskuinera egiten duen mendi bidea hartu. Alertze sail baten eta belardi baten artetik doa bidea, laua hasieran, maldan gora segidan. Baina, bide zahar jator guztiak bezala, emeki-emeki igoko da. Aurrera jarraitu, eta pagaditik iratzez beteriko belardira irtengo zarete, ostera pagadira itzultzeko. Muino luzatu bat inguratzen ariko zarete, trikuharria duen muinoa, Patatalur esaten zaiona. Metro gutxi batzuk galdu, eta muinoa Lertzagainekin lotzen duen lepora iritsiko zarete ondoren (935 m). Adi hor, daramazuen bidetik zuzen-zuzen Gorostietara baitzoazte, ez tontorrera. Ezkerrera, bizkarrean gora doana jarraitu behar duzue horretarako. Lehen muinoa inguratu, eta berehala goi alde horretara ailegatuko zarete (1.006 m).

Ez bilatu, ez baitu buzoirik, ezta gurutzerik ere. Hilarria aurkituko duzue goialde horretan. Bista ederrak ere ez dituzue ikusiko, jai duzue; ez duzue talaia egokia aukeratu, beste norabait joan behar. Iparraldera bakarrik duzue ikuspegi pixka bat, betiere mugatua. Enbor lerdenen arteko soilguneek Saldiseko herria ikusten utziko dizuete, han behean, urrutian. Hori bai, haizeak utziz gero, atseden hartzeko aproposa da, gutxienez.

Bide beretik itzuli nahi ez baduzue, Usategitik barrena doan pista hartzea duzue hoberena. Horretarako, goialde horretan aurrera segitu behar duzue, eta mendiaren ekialdeko muturreko bigarren muinoa hartu, beherako bideari ekiteko. Pendiz handiarekin, bizkarrean behera doa hasieran, baina laster eskuinera biratu eta hegian behera diagonalean jarraituko du, harik eta Usategi lepora iritsi arte(865 m). Ehiztari txabola bat topatuko duzue hor, baita isurialdeen banalerrotik doazen bide luzeetako hainbat marka ere.

Aurrera egin gabe, zuek ezkerrera biratu, eta Igoa Eratsunekin lotzen duen bideari heldu. Apurka-apurka, asko jaitsi gabe, Lertza mendia zehar-zehar inguratuko duzue, Errekabeltza zeharkatu, Agortzaungi belardi eta borda ondotik igaro eta Sorozelaiko bidegurutzean amaitzeko. Handik aurrerakoa ezaguna duzue.



Motorrak edozein bazterretan

Basaburuko parajeak trankilak eta ezezagunak dira, oro har. Jende asko ez da ibiltzen; artzain, baserritar eta baso langileak salbu. Baina, gutxien espero duzuenean, egundoko zarata eta gasolina usaina utziz, hor agertuko zaizkizue dozena erdi motor, bata bestearen atzetik ziztu bizian, nor baino nor ausartago eta trebeago mendi bideak desegiten. Hala gertatu zitzaigun guri, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.