Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Obako Atxa, Legarmendiko haitz lerdena

MENDIA. IBILBIDEA. Obako Atxa, Legarmendiko haitz lerdena.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Leungana, Dima, Oba, Inungane, Obako Atxa
  • Distantzia: 7 km.
  • Iraupena: 3 ordu.
  • Ingurunea: Dimako Oba auzoko Jon Deunaren baseliza abiapuntu hartuta, Obako Atxa eta Leungana mendiak lotuko ditugu ibilian.
  • Estekak: Ibilbidea
2009ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Gaurko abiapuntura iristeko autoa ezinbestekoa da, Dimatik (Bizkaia) bost kilometro oinez egin nahi ez badira behintzat. Dimako mendateranzko errepideari ekiterakoan, ezkerrera sartu eta seinaleei kasu eginez Oba auzora iritsiko gara. Oba Barrendia eta Oba Goiendiko kartelak igarota, San Joan baseliza bolatokidunaren ondoan ibilgailua laga, eta errepidetxoan gora hasiko gara (E), Obako Atxa dotorea dagoeneko begi bistan. Hamar minutu baino arinago bigarren etxea atzean utzi, eta bihurgunearekin bat ezkerrera joko dugu (I), ur biltegia bueltarako geldituko zaigula (E). 100 metro betetzeke harri-txirri aldaian zuzen egingo dugu, eskumaldean porlana berragertzeaz batera. Pagoak, haritzak eta sasiakaziak nagusi, pista zabalean jarraituko dugu (I), eskuinetik lehenengoan, ezkerretik bigarrenean, eskumatik hirugarrenean azalduriko bideoi muzin eginda. Laster burdin hesi batera heldu, zeharkatu eta zuzen joango gara, goiko hesirantz (I). Hori igaro gabe, ehun bat metro egingo dugu eskumatik (E), eta beste horrenbeste ezkerretik bihurgunearen ostean (I). Aldapa erdibitzen duen hesira ailegatu, eta aurrean daukagun 200 metroko igoera pikoa gainditzeko, une oro hesiaren ezkerraldetik igotzea gomendatzen dugu, beste aldea zikinago egoten delako. Erdialdeko estugunea igarota, ezkerreranzko joerari eutsiko diogu, erosoena baita. Goiko aldera iritsi (710 m), eta ezkerrera joko dugu (I,IM), aurrez aurreko harkaitza saihesteko. Berau inguratzeko, goian agerturiko pistaz baliatuko gara, hiru minutuan belardian eskumara egingo dugu, eta bidea bukatu egingo da (HE, harripiloa). Aurrerantzean ahalik txukunen ekingo diogu igotzeari, harri artean ibili behar baitugu.

Behe lainoak errespetatuz gero, ikuspegi ezin hobea dugu, eta Obako Atxatik (851 m, buzoia) Legarmendi, Durangaldea eta Gorbeialdea nagusituko zaizkigu. Gainetik lepotxora jaitsiko gara (IE), hemendixe bost minutu igaro barik beheko bidearekin bat egin arte. Pinudi bilakatuko zaigun pagadian barneratu (E), bost minuturen buruan Amudiako iturria topatu arte (I). Eskuineko pagoak lagun aldatsean gora jarraituko dugu, baina barneratu barik (E). Hamar minutuan, jada goiko aldean, zuhaitzak alboratu eta ezkerrera egingo dugu (IE). Lainorik ez, Leunganako erpina begiztatuko dugu, zein bost minutuan ukituko dugun.

Leunganan (1.006 m, erpin geodesikoa, buzoia) aprobetxa dezakegu gertuko Artatzagani (998 m, buzoia) bisitan etortzeko (IE, hamar minutu, joan-etorrian). Gailurretik bizpahiru minutuz atzera egindakoan, beste isurialdera pasatuko gara (H), PRko marra zuri-horiak bidaide. Hemendik ordu erdira Inunganeko etxolan, oso leku babestua izanik, geldialditxoa egitea daukagu. Eskumako legar pistan abiatuko gara berriro (M, bide seinalea). Hamabost bat minuturen buruan ezkerrera sartuko gara (H), antzinako bide gozoagoan. 200 bat metro aurreragoko elkargunean eskuinari ekin (IM), eta berehala, hasieran baztertutako ur biltegira helduko gara. Porlanean leun beheratuko gara, harik eta ohartu barik autoan garen arte.



'Legarmendi' izenaren aldarria, 'Aramotz' ezagunagoa den arren

«'Legarmendi' izena ezagun samarra da, argitalpenik gehienetan 'Aramotz' erabiliagoaren ondoan aipaturik agertzen delako. Hala ere, Aramotz, jatorriz, mendilerroaren mendebaldean dauden ingurua, txabola eta taberna dira, eta Mañarirainoko karst osoari hedatzea ez da erraz justifikatzen. Nahiz eta 'Aramotz' izena dagoeneko aski hedatua egon, hemen 'Legarmendi' egokiagoa proposatzen dugu, denborarekin hura ordezkatuko duelakoaren esperantzan». Bizkaiko Gailurren Katalogoan Patxi Galek 2001ean idatzitako hitzak dira. 'Aramotz' izen ohikoagoa den arren, eta autorearekin bat etorri, 'Legarmendi' da erabili dudan izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.