Espejoko lautada inguratzen duten herrietako bira Llano gainaldean hasiko dugu. Hara igotzeko, ibilian hasiko gara Espejoko eliza aurrean, Barriora doan errepideari jarraituta. Hala, 36. bidarria igaro eta metro gutxira, arte polit baten ondoan izango gara: Llano gaina da, ibilbideari hasiera eta bukaera emango diona. Ezkerrera egin, eta nekazaritza lehentasunezko pista bati ekingo diogu. Bachicaboko errepidearekin bat egingo dugu pinuditik ateratzean. San Martin eliza dotorea ezagutzeko aukera bikaina izango dugu. Bisita egin ostean, Llanora doan pistara itzuli eta eskuinera joko dugu lehen desbideratzean. Omecillo ibarrerantz abiatuko gara orain, astiro-astiro beheraka eginez. Hurrengo bidegurutzean, eskuinetik segituko dugu, eta, beherago, bide nagusia hartxintxarrez janzten den unean, norabideari eutsiko diogu, harik eta tupustean eskuinera egiten duen arte. Zoru oneko pista hura uzteko unea iritsiko zaigularik, zuzen segituko dugu. Ibarra korritzen duen errepide nagusia bistan dugunean, ordea, eskuinera joko dugu, eta Bergondarantz zuzenduko gara. Bachicaboko errepidea zeharkatu ondoren, aurrera egingo dugu. Gero, Barga kalean behera, Omecilloren gaineko zubia zeharkatuta, Bergondan sartuko gara.
Errepide nagusian, ezkerrera egin, eta Alcedoranzko norabideari eutsiko diogu. Hala, bat zenbakiko etxea igarota, ezkerrera joko dugu eta galsoroak bidaide jarraituko. Malda txiki baten ostean, eskuinera okertuko dugu bi aldiz, eta, bost minutu geroago, eskuinera joko duen nekazari bide aldapatsu bat bazter eginda, bihurgune zabala egiten joango gara. Alcedo herrira laster batean iritsiko gara. Alcedoko errepidean, ezkerrera egin eta Villambrosa herrira igoko gara.
Ibar gaziaren paradisua
Ezkerrera hartuko dugu herriaren izena daraman zirkulazio seinalera iritsitakoan. Asfaltozko kalea amaituta, ordea, eskuinetik segituko dugu, beheraka egin gabe. Minutu batzuk zeharka eman ostean, eskuinera egin eta beherantz egingo dugu. Bideaz bost bat minutu gozatu ondoren, eskuinera egingo dugu bidebanatzean, eta Arreoko aintzira eta Gesaltza Añanako gatz apalen ibarra lotzen dituen bidera jaitsiko gara. Ezkerrera egingo dugu han behean, eta, GR-1 zidorreko pintura arrastoak lagun, Gesaltza Añanaranzko bideari eutsiko diogu. Ibarra korritzen duen errekastoa ezkerraldean uzten dugunean, pistatik irten eta behera egingo dugu hortxe abiarazten den belarrezko bidetik. Añanako ibar gaziaren multzo historikoa eskuinetik inguratuta, Acreko San Joan komentu aurretik igaro ondoren, errepidera irtengo gara.
Ezkerretik segituko dugu, baina Gesaltzan barneratu gabe. Bisitarien harrera zentroaren parez pare, eskuinera okertu eta porlanezko bide batetik segituko dugu. Antena bateraino igo gabe, berriz, behera jarraituko dugu, eta Carrera kalearekin bat egitean, eskuinera jo ondoren, pikotara helduko gara. Ezkerreko bidea hobetsiko dugu, GR 1 zidorrari men eginez. Errekasto bat zeharkatu bezain pronto (intxaurrondo bat dago), ezkerrera egin eta porlanezko bideari ekinda, eskuinera joko dugu, aurrerago goraka egite aldera. Aldatsa amaitu gabe, baina, 90 graduko bira egingo dugu ezkerrerantz, eta zeharka jarraituko dugu. GR zidorra banantzen den lekura iritsiko gara. Balizak bazter eginda bertan, nekazari bidetik jarraituko dugu Atiaga herriraino. Herrian barneratu gabe, errepidea zeharkatu eta zuzen egingo dugu. Bideak ezkerraldera egingo du gero, eta lepo xume batera igoko gara. Gainalde horretatik jaisten hasita, eskuinetik hartuko dugu lehen bidebanatzean, eta Bellojin herrira iritsiko gara. Ondoren, errepidea gogaide Villamaderneraino jaitsiko gara. Elizara heldu aurretik, iturri monumentaleko plazan sartu, eta, blasoia duen etxe paretik igarota, landetxeraino segituko dugu. Eskuinera egingo dugu han, eta erortzear den etxe baten ondotik pasatuko gara, GR-1 zidorreko markak lagun ditugula. Lerro xume baten gainaldetik ibiliko gara, ur biltegi bateraino. Gero, beherantz eginda, ezkerretik segituko dugu bidegurutzean, eta, handik metro gutxira ezkerrera berriz eginez, alanbre baten paraleloan jarraituko dugu. Alanbreak ezkerrera 90 graduko bira egingo du une batean. Guk ere gauza bera egingo dugu. Bidea landaretza trinkoak hartua badu ere, igoera xumea egingo dugu. Ondoren, zeharka, bide sarda bateraino. Eskuinetik doanari jarraituko diogu, alanbre baten ondotik. Makal batzuen ondora iritsitakoan, Valle iturria ikusiko dugu. Iturria bazterrean utzita, artadian barrena jarraituko dugu, Burguillos bentaraino.
Vilañañera bidean
Errepide nagusian, eskuinera joko dugu, eta, 150 metro inguru egin ostean, asfaltotik irten eta ezkerrera bi aldiz egingo dugu. Benta parean berriz garela (errepideaz bestaldean dago eraikin hori), eskuinera hartu, eta, hariteri elektrikoaren azpitik igarota, mendebaldera egingo dugu, lepo xume batera iristeko xedez. Lepotik behera egin, eta pinudian barrena jarraituko dugu. GR-1 zidorrak Gaubeako parajeak korritzeari jarraituko dio beherago, eta Angostoko santutegitik aurrera egingo du. Guk GR-1 zidorra baztertu eta Tumecillo ibaiaren gaineko Nogales zubia zeharkatuko dugu, Villanañe herria gertu dugulako.
Kalean gora egingo dugu Villanañen, eta, pikota ondotik igaro ondoren, varonatarren multzo historikora heldu baino lehen, ezkerrera egingo dugu, Ribalengua deritzan egurrezko gurutzerantz. Eskuinera egingo dugu gurutzera iritsitakoan, eta goraka doan bideari jarraituko diogu. Nekazari bidea, 90 graduko bira emanez, Barrioko errepidera iritsiko da. Ezkerrera hartuta asfaltoan, Llanon amaituko dugu txangoa.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEA. Omecillo ibarraren aitzakian
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Araba
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Omecillo, Espejo, Llano, Bergonda, Villambrosa, Gesaltza-Añana, Villañane
- Distantzia: 27 km.
- Iraupena: 7 ordu eta 40 mn.
- Ingurunea: Ibilbide tentagarria egingo dugu Arabako Espejo inguratzen duten bederatzi herriak ibilian lotu eta ezagutzeko. Arcena mendilerroa, Añanako ibar gazia eta artadi trinkoak bisitatuko ditugu txangoan.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu