Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Urepeleko bazter galduetatik

MENDIA. IBILBIDEA. Urepeleko bazter galduetatik.
  • Herrialdea: Nafarroa Beherea
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Urepele, Harriondoa, Burdinkurutxeta, Urtarai, Hortz Zorrotzko Harkaitzak
  • Distantzia: 14 km.
  • Iraupena: 4 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Urepele eta Erro artean, bazter miresgarriak daude. Horretaz ohartuko gara Urtarai mendi gailurrera eramango gaituen txangoan.
  • Estekak: Ibilbidea
2009ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ibilbide honen abiapuntua aurkitzeko, mapa bat beharko dugu, Urepeleko (Nafarroa Beherea) Harriondoa etxalde bazterturaino hurbiltzearren. Horretarako, Urepeleko Gaineko Karrika auzunean, arrain haztegi baten alboan pasatu eta berehala, ezkerralderantz gora abiatzen den bide txiki bat hartu behar da -Lindux ibilbide seinalatuko pankartak daude-eta segidan eskuinalderat jo. Bide hertsi horretan bizpahiru kilometro egin beharko ditugu, topatuko ditugun bidegurutzeetan beti zuzen jota, bide amaieran Harriondoa baserriraino heltzeko gisan (600 m). Han utziko dugu ibilgailua, trabarik egiten ez duela segurtatuta. Harriondoko etxejaun Peio Etxenike hor inguruan badabil, komeni da agurtzea, gozamenez beteko baitzaitu Bai- gorri aldeko haren euskara politak.

Harriondoa etxaldearen behealdean abiatzen den xendan ibiltzen hasiko gara, abiatze honetan seinale horiak bidelagun ditugula. Laster batean, zurezko langa bat topatuko dugu, eta horretan zuzen jarraituko dugu, ezkerraldera doan xenda utzita. Handik bueltatuko gara gero. Langatik aitzina jarraitzen du horiz seinalatutako xenda polit-polit batek, Harriondoko Kaskoa mendi bizkarraren hegoaldeko maldatik. Bazterren edertasuna gozatuta, lepo bat pasatuko dugu (674) eta, iraztor xenda honetan jarraituta, apur bat beheraka joango gara. Ahunztarreko erreka politaren iparreko aldean azken uneraino geratuko gara, harkaitz eta pagoen artean ezkutatuta dagoen ubera batean beste alderat pasatuko garen arte.

Hortxe topatuko dugun lurbidean, ezkerraldera eta gorantz joko dugu, eta berehala helduko gara Mendiartea izena duen artzain txabolaraino. Hantxe utziko ditugu seinale horiak... baina haien ordez laranja kolorekoak izango ditugu bidelagun! Txabolaren saihetsean gorantz seko abiatzen den lurbidean aurrera jarraituko dugu, leku baztertu hauen paregabeko lasaitasuna gozatuz. Lurbide honek poliki-poliki gora eginaraziko digu, Lezetako kaskoaren harkaitz guztiz ederren artean. Erran beharrik ere ez egundoko bazter miresgarriak, hurbilekoak zein urrunekoak, izango ditugula begi-bazka. Abiatu garenetik ordu eta erdira, Urtaraiko lepora iritsiko gara (885), eta betiere lurbide goxo honetan jarraituko dugu. Une batean, Nafarroa bitan zatitzen duen muga ere igaroko dugu oharkabean.

Bidean topatuko ditugun bide sardetan goiti joko dugu beti, eta oihan zati batetik irten eta berehala Burdinkurutxetako lepora helduko gara (1.092). Hantxe 152 zenbakia duen mugarria ikusiko dugu, Hairako basoaren gaindi zulatutako bidearen ertzean. Mugarri honi bizkarra emanda, ipar-mendebaldera joko dugu, Urtaraiko mendi maldan gora igotzeko. Gailurra (1.152) laster batean zapatuko dugu. Luzeegi joko luke tontor xume honetatik ageri diren mendi eta bestelakoen aipamen zehatza egitea. Bista zoragarria badela zehaztu beharrik ez dela, eguraldi ederra lagun, zinez balio du tontor zabal eta ordoki honetan behar den denbora geratzea.

Ehizalekuek itsustutako hegia

Eraisteko ordua beti goizegi etortzen delarik, hegiaren hariari jarraituko diogu, lehenik guztiz iparralderantz, eta gero mendebalderat bihurtuko zaigu poliki-poliki. Urtarai izenean ur badela uler daiteke erraz, ikusiko dugularik gailur hauetan nola hazi egin den ihia. Bizkarrean behera goazela, bidelagun ditugu uso ehizarako zelatagune itsusiak. Oihanean sartuko garelarik ere, hortxe izango ditugu. Batzuk zuhaitzen punta-puntan dira. Hegiaren haritik jarraituz betiere eta harri-metatxo batzuek ibilbidea seinalatzen digutelarik, Hortz Zorrotzeko harkaitzen artean (1.025) igaroko gara, oso arraildura politetik. Une batean, zuhaitzen petik irtengo gara, Usategiko txabolaren alboan igarota. Hemen, behera seko egin behar dugu, ibilgailuei egokitutako bidea heltzen eta kasik hor bukatzen den garateraino eraisteko (909).

Han berriro ere topatuko dugu tinda horiz seinalatutako ibilbidea, eta bururaino izango dugu bidelagun. Harriondoko Kaskoa deitutako bizkarraren ordoki zabaletik ibilita, Axerilepoa izeneko artzain txabolara helduko gara -mapan borda bezala emana da-. Haren ezkerraldeko saihetsera doa ibilbide seinalatua, baina oso polita da hegiaren hariari eustea, harkaitzen eta pago makurtuen artean. Hori egitean, harkaitz batean emana den haize-orratz bat ikusiko dugu. Ibilbide seinaledunak, pago eta gaztainondoen artean, emeki-emeki behera laguntzen gaitu, Harriondoko Erreka erdian ibiltzen zaion sakana liluragarriaren gainaldetik. Artegi polit-polit baten alboan (635) igaro eta denbora gutxira, joatean hartu genuen langaren gunera iritsiko gara, eta handik joan-etorri zati laburra izango dugu Harriondoa etxaldera bueltatzeko.



Iturri Handia izan, eta 'La Nourepe' izena hartu!

Urepeleko karrikan igarotzen den eta haran osoa zeharkatzen duen erreka ederrak Iturri Handia du izena. Frantziako IGN mapetan, baina, La Nourepe izen arraroarekin agertzen da. Bitxikeria horrek azalpen bat badu, irrigarria edo negargarria denez hautatu ezinean tamalgarria bai behintzat badela erran daitekeena... Ezen, egun batez, eskualde horretako datu geografikoak biltzen aritu zen geografo frantses jakobino peto-peto batek, inori ezer eskatu gabe ziur asko, N.Ourep bezala markatu zuen erreka hori. Nive de Ourepel (Urepeleko Errobia) berak asmatutako izenaren laburpena zen hori. Jakobinokeria itsutu horren ondorioz, geroztik eginiko mapa guztietan Nourepe izendaturik agertu da Iturri Handia erreka. Garaia balitzateke Baigorriko eskualdeko arduradun politikoek okerkeria hori zuzentzeko galdegin dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.