MENDIA. Iturrizak eta Yanizek sari bana irabazi dute Torellon

Film onenari Urrezko Edelweiss saria Gerald Salminaren 'Mount St. Elias' lanak eskuratu du

2009ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Torelloko (Herrialde Katalanak) mendi eta natura zinemaldiaren 27. ekitaldiak banatu ditu aurtengo sari preziatuak. Sari nagusia, Urrezko Edelweissa, inoiz egindako eski jaitsiera luzeenaren kontakizunak eman dio Gerald Salmina zuzendari austriarrari Mount St. Elias filmak. 2007an Alaskako St. Elias (5.489) mendian gora eta behera osatutako eski zeharkaldiaren kontakizuna da ikus-entzunezkoa, itsasertzean hasi eta bukatutako abentura.

Luc-Henri Fage frantziarrak bi sari eskuratu ditu Le mystère de la baleine filmagatik: gidoi onenari emandako saria eta epaimahaiaren sari berezia. Mendiari buruzko film onenari emandakoa Carsteen Maaz alemaniarraren Expedition Manaslu lanak jaso du, eta mendiko kirolei eskainitako saria, aldiz, Peter Mortimer eta Nicholas Rosen bikotearen The Sharp end lanak.

Aurtengo ekitaldian ez da Euskal Herrian ekoitzitako filmarik izan, baina Euskal Herrira Edelweiss bana ekarri dute Antxon Iturrizak eta Santi Yanizek. Iturrizari mendiari lotutako kazetaritza artikulu onenaren saria eman diote, Gara egunkariaren Zazpika gehigarrian argitaratu zuen Monte Perdido, la soledad del último bucardo lanagatik. Yanizek, aldiz, erreportaje onenari saria irabazi du, Euskal Herria aldizkarian kaleratutako Alta Ruta del Pirineo Vasco lana tarteko. Batak zein besteak ez dute lehenengo saria nazioarteko nahiz etxeko lehiaketetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.