Mendizalearen olinpiada

Olinpiar urtea izaki, Tolosako XIV Orduak ibilaldia antolatu du Aralarko Adiskideak elkarteak; maiatzaren 18an izango da eta dagoeneko ia 3.000 lagunek eman dute izena.

2008ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Ibiltariek eta mendizaleek berezia dute 2008. urtea. Bi urtean behin Gasteizko Manuel Iradier Elkarteak antolatzen duen zeharkaldia dute begiz joa ausartenek: Hiru Handiak, 100 kilometroko zeharkaldia. Aizkorri, Anboto eta Gorbeia lotzen ditu ibilaldiak. Erronka gogorra oso, baina gero eta jende gehiago erakartzen du. Mila lagunen muga jarri eta itxaron zerrenda gainezka dute antolatzaileek. Euskal Herrian tradizio eta sona duen ibilaldirik bada, ordea, Tolosako XIV Orduak martxa da hori. Olinpiar Jokoekin batera, lau urtean behin antolatzen du zeharkaldia Aralarko Adiskideak elkarteak, eta ibiltarien olinpiada bihurtu da. Abuztuaren 8tik 24a bitartean Pekin kirolaren hiriburua izango bada, maiatzaren 18an Tolosa izango da mendizaleen eta ibiltarien bilgune.

Aralar mendilerroa zeharkatzen duen ibilaldiak 14. aldia du aurtengoa, eta ia hiru mila lagunek eman dute dagoeneko izena. Antolatzaileek 3.400 parte-hartzailetan jarri dute muga; oraindik bada, beraz, izena emateko aukera. Aralarko Adiskideak elkartearen egoitzan nahiz www.XIVorduak.com webgunean eman daiteke izena. Parte-hartzaileei motxila bana emango diete opari, eta dagoeneko Euskal Herrian antolatutako iraupen luzeko ibilaldietan mendizale askok erabili dute.

Ibilbidea aurreko ekitaldiko bera izango da. Berazubi futbol zelaia izango dute ibiltariek abiapuntu eta helmuga. Tartean 68,5 kilometroko ibilia, Gipuzkoako eta Nafarroako mendietan. Tolosatik Gaztelura joango dira, eta Ulin izango dute pasa beharreko lehenengo kontrola. Gorritin, Lekunberrin, San Migelen, Igaratzan eta Amezketan ere txarteltxoak sinatu beharko dituzte parte hartzaileek, gune horietan jarriko dituzten kontroletan. Amezketatik Tolosara joango dira azken zatian, Alegiatik pasatuta. Aurreneko mendizaleak 05:00etan irtengo dira Tolosatik, eta haien atzetik hogeina talde abiatuko dira minuturo. Irteera txandak izena ematean ezarritako ordenaren arabera egingo dira. Arratsaldean autobus zerbitzua jarriko dute Tolosa eta Amezketa artean, zeharkaldia bertatik bertara ikusi edota ibiltariren bati arropa edo dena delakoa eraman nahi dietenentzat.

Baina zerk egiten du berezi Aralarko XIV Orduak martxa? Antolatzaileek maiz hausnartu dute zergatien inguruan. «Lau urtean behin izateak kutsu berezia ematen dio, ezohikoa egiten du. Ez da lehiaketa, hamalau ordu dira eta ospakizun moduan ikusten du jendeak», dio Aralarko Mendizaleak elkarteko Iñigo Goñik. Hiru mila lagunen artean, noski, denetariko jendea bilduko da: «Bi multzo handi bereiziko nituzke: kirolari eta mendizaleena, batetik, eta XIV Orduetan irtetea ohitura dutenena, bestetik. Lehenengo multzokoak ibiltzera ohituta daude, trebatutako mendizaleak dira eta beste ibilaldi eta lasterketa askotan parte hartzen dute. Bigarren taldean, aldiz, martxan behin parte hartu eta nolabaiteko tradizioa dutenak dira, martxa honi lau urtetik behin lotu zaizkionak».

Zeharkatzen dituen parajeak aintzat hartuta, ez da harritzekoa ibiltaria martxari kateatzea. «Aralar zoragarria da, eta ibilbidea ere bai. Errepidetik zati batzuk zeharkatzen ditu, baina hori ezin da saihestu. Gainerakoan, Gaztelutik Gorritirako bidea iruditzen zait ederrena, eta gogorrena, berriz, Amezketatik Tolosara errepidez doan azken zatia; neke handia pilatuta zoaz, errepidez... Atako basotik gora dagoen aldapa ere pikoa da» . Dena dela, martxaren luzeraz jakitun, parte-hartzaileak gero eta hobeto prestatzen direla nabarmendu dute antolatzaileek.



AZPIEGITURA LAN HANDIA. Zeharkaldiaren luzeraren parekoa da martxa behar bezala prestatzeko egin beharreko lana. Sei laguneko taldetxo bat aritu da buru-belarri prestatzen, baina denera 300 bat lagun arituko dira antolakuntzan. «Gehienek martxaren egunean bertan lan egingo dute; anoa postuetan, kontrolguneetan, irteeran, helmugan, diplomak banatzen... jende asko behar da, muntaketa handia da», dio Aralarko Adiskideak elkarteko Iñigo Goñik.

Mendizaleak indarberritzeko behar duten janari eta edari kopurua ere proportzio berekoa da. 28.000 ur botila, 30.000 jogurt, 1.500 kilo laranja, 1.400 ogi barra, 300 kilo tomate, 600 litro salda, 460 litro kafe, 1.300 txokolate tableta, 200 kilo urdai azpiko, 160 kilo gazta... Zorabiatzeko moduko zenbaki dantza, iraupen luzeko ibilaldi bat antolatzeak dituen zailtasunen erakusgarri.

Aralar mendilerroa bidelagun, Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen ditu ibilaldiak, hamazazpi udalerri guztira. «Bi probintzien artean izateak antolatzaileoi lanak zaildu egiten dizkigu. Bi gobernu dira, eta biekin hitz egin behar da. Laguntzak eskatzen hasi, eta eskari bat Gipuzkoan egin behar da, eta bestea, berriz, Nafarroan; bikoitza da lana. Ibilbidea igarotzen den herrietako udalek ere ez dute berdin funtzionatzen», argitu du antolakuntzako Joseba Tobarrek.



Urrats txikiekin ibilbide handia

Hamalau lagunek prestatu zuten, 1925ean, lehenengo ibilaldia; emakumeei jarritako debekua Maritxu Aranak gainditu zuen, 1943an.
e.agirre

Egungo Aralarko XIV Orduak martxak 1925eko ekainaren 7an ditu sustraiak. Tolosaldeko hamalau mendizalek prestatu zuten egun hartan urteekin ezagun bihurtu den martxa: Francisco Larrañaga, Eduardo eta Manuel Laborde, Francisco Labaien, Francisco Tuduri, Simon Arrue, Rikardo Diaz Sarasola, Victor Arrillaga, Anton Subijana, Teodoro Agote, Ricardo Azaldegi, Ramon Barrio, Juan Jauregi eta Jose Albero. Ibiltari zailduak guztiak ere, Tolosa eta San Migel ibilian lotzea zuten helburu. Abiatu zen hamalaukote hartatik bederatzik bukatu zuten zeharkaldia. Hurrengo urtean errepikatu egin zuten.

Lehenengo bi ekitaldi haiek, ordea, mendizale batzuen ekimena izan ziren, ez inongo taldek bultzatu eta antolatutako martxa. Urtetako etenaren ondoren, 1943an antolatu zuten Aralar mendilerroa zeharkatzen duen txangoa. Bi berrikuntza izan zituen ekitaldiak: mendi elkarte guztietako mendizaleei eman zitzaien parte hartzeko aukera, eta iraupen luzeko martxek ohikoak zituzten arauak jarri zituzten indarrean. Hori bai, «ibilaldiaren luzera eta gogortasuna aintzat hartuta», emakumeei debekatu egin zieten parte hartzea. «Gizonen eskura» zegoen balentria omen zen. Tolosatik hiru laguneko 37 patruila irten ziren, eta 35 helmugaratu ziren. Irungo Buenos Amigos elkarteko Jaime Manzisidor eta Santos eta Juan Antonio Lekuona izan ziren ibilbidea erregulartasun handienarekin osatu zuten mendizaleak. Baina Tolosako Fronton kafetegira iritsi ziren mendizaleetako batek eman zuen ezustea: Maritxu Aranak. Donostiako Amaikak Bat elkarteko kidea zen Arana, eta antolatzaileek emakumeen parte-hartzea debekatzeko jarri zituzten irizpideak agerian uzteko asmoz irten zen, gizon baten plantarekin.

Zeharkaldiaren laugarren aldia 1967an antolatu zuten, eta 1972tik aurrera Olinpiar Jokoak egiten zituzten urteekin batera -1972, 1976, 1980, 1984, 1988, 1992, 1996, 2000 eta 2004-. Etengabeko gorakada izan zuen parte-hartzaile kopuruak, eta 2000. urtean jo zuen goia: 3.062.





Demetrio BengoaMendizalea

«Aralar ezagutzeko ibilaldi dotoreena da»

e.agirre

Berrobi

Barrenean darama mendizaletasuna Demetrio Bengoak (Anoeta, 1937), XIV Orduak Martxa batez ere. 1972an parte hartu zuen lehenengo aldiz, eta ordutik ez du kale egin. «Ni izango naiz ordutik martxa guztietan parte hartu duten bakarretakoa, bakarra ez banaiz». Igandean hamargarren aldiz abiatuko da Berazubitik, eta bukatuko duela ez du zalantzarik.

1972an irten zinen lehenengoz, eta ez duzu ordutik kale egin.

Osasuna eduki dut, Jainkoari eskerrak. Hamargarren aldia dut, 40 urteko jarduna esan nahi du horrek, eta 70 urte ditut. Zenbaki biribil asko elkartu dira aurten.

Zer du berezitik XIV Orduak martxak?

Nire ustez, Aralar ezagutzeko ibilbide dotoreena da. Ez dut alderaketarik egin nahi, baina inguruotan nekez presta daiteke zeharkaldi ederragorik. Lau urtean behin mendirik ikusi ez duen jendea ere prestatzen da, martxaren eguna gerturatu ahala.

Adinean gora egin arren, sasoian zaude oraindik...

Beti gustatu zait mendia eta igandero ibili izan naiz, nahiz eta lanagatik denbora gutxi izan dudan. Zorionez, osasuna badut eta animoa ere bai; ilusioa edukitzea ezinbestekoa da.

Prestaketa berezirik egin al duzu?

Eguna gerturatu ahala, ordu gehiagoko ibilaldiak egiten ditut, baina, urte osoan joaten naizenez mendira, ez dut bereziki prestatzen. Ibilbidea bera ez da hain gogorra, ez behintzat prestaketa berezia behar izaterainokoa. Zortzi edo hamar orduko martxa asko egiten ditut, eta hilean behin Alpino Uzturre elkartearen irteeretan parte hartzen dut.

Iganderako prest al zaude?

Gu lau laguneko taldea irtengo gara. Ibiltzera ohituta gaude, eta pausoz pauso ezagutzen dugu ibilbidea. Neurrian ibiltzen ikasi dugu, eta baita erritmoa kontrolatzen ere. Antolatzaileek markatzen dituzten denborak aproposak dira, nire ustez; ez dira korrika joateko denborak, baina ezin da lo hartu.

Zertan aldatu da martxa ezagutu zenuenetik gaur arte?

Prestaketa handiagoa da orain, alde guztietatik. Bakoitzak bere iritzia izango du, baina, nire ustez, 'eleganteegia' bihurtu da. Lehen guk eramaten genituen jana eta edana; orain, aldiz, jatetxe bat ematen dute anoa postuek. Jende kopurua ere asko hazi da, gehiegi, eta asko korrika irteten dira Tolosatik. Korrika egin nahi duenak Zegama-Aizkorri maratoia du hurrengo igandean.

Jende kopurua aipatu duzu. Ez al da martxa jendetsuegia?

Niretzat bai, eta aspergarria egiten du horrek. Jende gehiegi da mendira joateko, eta aspertu egiten nau horrek.

Aspertzen zaituen arren, aurten ere irtengo zara...

Izugarri gustatzen zait eta. Herriak eta mendiak zeharkatzen ditugu, eta gozatu ere egiten dut, noski.

Zein da ibilbideko zure gune gustukoena? Eta gogorrena?

Gogorrena Atatik San Migelerako igoera dela diote askok, baina baselizara iristeko ilusioa hain da handia, nekea ahaztu egiten zait niri. Guardetxetik Igaratzarako tartea egiten zait aspergarriena; gustukoena, berriz, Igaratzatik aurrerako zatia. Aspergarria dela diote askok, baina bukaeraren gertutasuna sentitzen dut.

Lehen aldiz parte hartu behar duen mendizaleari zer aholku emango zenioke?

Lasai har dezala martxa, oso luzea baita. Eta ongi kontrola ditzala jana eta edana; gorputzak eskatzen ez badio ere, jan eta edan dezala, berandu izan aurretik. Eta, noski, lagunekin goza dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.