Mendizaleen jolas parkea

Urkiolako parke naturalaren magalean dago Abadiño. San Blaseko azokaz gain, jai zein historiaz gozatzeko beta eskaintzen du.

Abadiño herriaren ikusmira, atzean Anboto mendia ageri dela. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Abadiño
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Euskal Herriko txokoak.

Abadiñoko Karmentxu trikitixaz lagundutako kantak ezagun egin badu ere, Anbotoko Mariren kabietako bat da Abadiño (Bizkaia). Zaldu errekaren ibilbideak maiz laguntzen ditu oinez ibiltzea maite duten herritarrak. Izan ere, osasuna zaindu eta ingurumenaz gozatzeko asko dira Abadiñotik Matienara joan etorria egiten duten ibiltariak.

Hamabi auzotan 7.000 biztanle biltzen ditu Abadiñok. Horien artean daude Traña-Matiena, Sagasta, Gerediaga, Gaztelua, Murueta eta Muntsaratz.

Mendizale askoren atsedenlekua ere bada Bizkaiko herria, Urkiolako parke naturalean ibilaldia egin aurretik edo ondoren geratzeko leku atsegina baita. Abadiñotik Urkiolara mugituz gero,egun desagertuta dauden ogibide batzuen erakusketak ikus daitezke, ikazkinarena kasu. Baita euskal mitologiaren erregina den Mariren paradisua ere: Anbotoko mendizerra.

Maitasunaren eskutik zapaltzeko inguru ederra da Urkiola. Baita maitasuna eskuratzekoa ere, tradizioak baitio Urkiolako santutegian dagoen harriari hiru buelta emanez gero bikotea topa litekeela. Mendiaz disfrutatzeko beste aukera bat herriko Alluitz tontorrera igotzea da. 1.040 metro dituen gailurrean biltzen dira, besteak beste, Atxarte eskalada eskolakoak.

Kirola eta naturaz gain, baina, historiak ere badu herrian tokirik. Horren adierazle da Gerediagako zin egite gunea. Izan ere, XVII. mendean San Salbador eta San Klemente ermiten arteko zelaian biltzen ziren Durangoko merindadea osatzen duten herrietako agintariak erabaki garrantzitsuak hartzeko. Adituen arabera, hargatik daude ermitaren inguruan hamazortzi mugarri. Egun, 11 baino ez dira mantentzen, nahiz eta zenbait iturrik 24 egon zirela esan. 1576an, ordea, Astolazubia etxea erosi zuten merindadeko ordezkariek. 1784tik 1843 arte kartzela gisa erabili zuten Astolazubia eraikina. Gerediaga ingurua, berriz, 1834an bizilagunen jabetza izatera itzuli zen, Mendizabalen desamortizazio legearen ondorioz.

Azokazaleen sehaska

Santutegien faltan, santuen ospakizunik ez da falta Abadiñon. Hain zuzen ere, hamalau dira Abadiñon egiten dituzten jaiak. Jai ezagunena, otsailaren 3an egiten duten San Blaseko feria da. Artisau, nekazari eta abeltzainen generoa erakusteaz gain, idi probengatik da famatu. Horregatik, Euskal Herri osotik milaka lagun bertaratzen dira azoka ikustera.

Maiatzaren 15ean, herriko jai nagusia,San Trokaz ospatuko dute. Igandez, Zelaieta auzora hurbilduko da herriko gune desberdinetatik dantzarien alardea, Gerbas maskotarekin batera.

Mendia eta azoka munduaren maitaleentzako, beraz, zabalik izango ditu ateak Abadiñok. Jolas parkea bailitzan ondo pasatu nahi duenarentzako, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.