Bizkaiaren gaur egungo egoera ulertzeko, ezinbestekoa da atzera begiratzea, eta herrialdearen garapenean Bilboko Kontsuletxeak lehenik, eta Bilboko Merkatararitza Ganberak ondoren izan duten garrantziaz jabetzea. Bilboko merkatari eta itsasgizonen interesak defendatzeko sortu zen duela bost mende bertako kontsuletxea, eta hiru mendeko ibilaldiaren ondoren itxi behar izan zenean, merkataritza ganberak hartu zuen haren ondorengotza, gaur egunera arte.
Kontsuletxearen hasiera ez zen batere erraza izan, XVI. mendean nabigazio eta merkataritza harremanak ez baitziren batere errazak, eta Bilboko merkataritza jarduera mugaturik zegoen. Hasieratik egin zuen erakundeak merkatarien interesak defendatzeko ahalegina, eta fruitua jaso zuten, mende baten buruan Kantauri itsasoko porturik oparoena izatera iritsi baitzen. Egoera horretara iristeko ordea, ezinbestekoak izan ziren kontsuletxea ebazten hasi ziren ordenantzak.
XVII. mendean esaterako, atzerriko merkatarien jarduna arautzen zuen ordenantza onartu zuen kontsuletxeak, Bilboko portua atzerriko merkatarien jomuga bihurtu zen. Merkatarizaren gorakada nabarmena ekarri zuen ordenantza ordea, 1727an iritsi zen. Bertan, besteak beste, Amerikarekiko hartu emana bideratu zuen, eta arau hori atzerriko beste hainbat herrialdetan ere ezarri zen, gazteleraz mintzo zirenetan, esaterako. 1775ean bestalde, Bilboko kontsuletxeak ordura arteko proiektu garrantzitsuenetako bat garatu zuen: Urduña eta Pancorbotik igaro ostean, Gaztelara iristen zen bide berria, hain zuzen. Horren ondorioz, Gaztelarentzat Bilboko portua Santanderkoa erakargarriagoa bihurtu zen.
Kontsuletxearen azken urteetan, 1511n lortutako eskumenei eusteko egin zuen lan, baina alferrik. Izan ere, 1830ean Espainiako merkataritza kodea indarrean jartzean, kontsuletxe guztiak desagertu egin baitziren, eta itsas komandatetzari eta portuko kapitaintzari egotzi zitzaizkien ardura guztiak.
Merkataritza Ganbera
Kontsuletxea desagertu eta 66 urtera sortu zen Bilboko Merkataritza Ganbera, Espainiako merkataritza kodeak horretarako aukera eman bezain laster. Aurreko erakundearen antzeko funtzioak betetzen hasi zen: legeak proposatu, azpiegiturak garatu, merkataritza ikasketak sustatu edo merkataritza auzietan epaile lanak egiten. Hori dela eta, kontsuletxearen oinordeko bezala har daiteke.
Eskumen horien guztien artean, ganberarentzat lehentasun nagusia kanpo portua izan zen. Bizkaiko merkataritza bultzatzeko ezinbesteko ekimentzat hartu zuten hasieratik, eta ekimen hori bultzateko, portu agintaritzarekin harremanean jardun zuen. Lurraldeko beste hainbat azpiegituren eraikitzea ere bultzatu zuen, bestetik. 1930ean Sondikako aireportua bultzatu zuen Merkataritza Ganberak, eta 80 hamarkadan desagertzeko zorian egon zen garaian, azpiegitura mantentzearen alde egin zuen. Horretaz gain, 1941ean Bilboko erakustazoka antolatzeko batzordean ere zerikusi zuzena izan zuen.
Hasierako eskumen ugari galduak ditu ganberak egun, eta horregatik, garai berrietara egokitu behar izan du. Besteak beste, enpresen nazioartekotasuna sustatzen eta merkataritza hezkuntza bultzatzen egiten du lan egun, lurraldeko enpresentzat makulu gisa. Zentzu horretan, duela 125 urteko helburua ez dute galdu.
Merkataritza 500 urtean
Bilboko kontsuletxea lehenbizi, eta Merkataritza Ganbera ondoren, Bilbo eta Bizkaiaren garapenean ezinbesteko mugarri izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu