Lepoa moztuta eta tortura arrastoekin topatu zuten astearte goizaldean Yolanda Ordaz kazetariaren gorpua, Veracruz hirian (Mexiko). Narkotrafikatzaileak, arma trafikatzaileak, poliziak, soldatapeko hiltzaileak... Denak denen kontrako lur azpiko gerran sartuta dago aspaldi Mexiko, eta kazetariak, nahi gabe bada ere, lehen lerroan daude. 2000. urtetik, 71 hil dituzte: aurten bost, azken bi hilabeteotan hiru.
Notiver kazetako langilea zen Ordaz, eta bi egun eman zituen bahitzaileen eskuetan. Azkenean, Veracruz-Coca del Rio turismo guneko Imagen egunkariaren bulegoen atzealdean. «Kazetaritza arrisku handiko lanbidea da geure herrialdean», esan du Batista Jimenez Mexikoko Giza Eskubideen Batzordeko ordezkariak, «baina kazetaritza funtsezkoa izan demokraziarako».
Giza eskubideen aldeko erakundeen salaketen aldean, are nabarmenago geratzen da agintarien jarrera. Egoerari larritasuna kentzeko eta erantzukizun politikoak saihesteko, kazetarien hilketak lapurreta arrunten ondorio direla esaten dute, edo hildakoen izena zikintzen saiatzen dira. Uztailaren 3an, esaterako, Angel Castillo kazetaria eta haren 16 urteko semea hil arte jipoitu zituzten Mexiko Estatuko Tianquistenco hirian. Handik ordu batzuetara beste kazetari baten gorpua topatu zuten, ezkutuan lurperaturik. Poliziaren arabera, gertaera «lapurreta» baten ondorioa izan zen.
Azken kasuan harago joan da Veracruz Estatuko fiskala, Reynaldo Escobar. Ordazen hilketak kazetaritzarekin zerikusirik ez duela esan zuen, eta biktima «erakunde kriminal batekin harremanetan» zebilela eta horregatik beste talde batek hil zuela iradoki zuen.
Adierazpenok gogor gaitzetsi ditu adierazpen askatasunaren aldeko Article 19 erakundeak Mexikon duen ordezkari Dario Ramirezek. Veracruzen azken bi hilabeteotan hiru kazetari hil dituztela eta, udal zein estatuko segurtasun indarrek kazetarien aurkako hamazazpi eraso eta mehatxu ekintza egin dituztela nabarmendu zuen. Denera, hamahiru kazetari desagerturik daude Mexikon.
Kazetarien kontrako indarkeria ekintzez gain, 21 eraso egin dituzte hedabideen egoitzen kontra.
Mexikoko ekialdean Los Zetaseta Golkoko Kartela deituriko taldeak dabiltza, narkotrafikoa kontrolatu nahian. Halere, kazetarien aurkako eraso gehienak Mexikoko erdialdeko Michoacan estatuan gertatu dira, La Familiataldeak kontrolatzen duen eremuan, eta Ameriketako estatu Batuekin muga duten estatuetan.
Hilketak argitzeko oztopo nagusia agintarien «laguntza eta gardentasun falta» dela esan du Gustavo Salas adierazpen askatasunaren aurkako krimenetarako fiskal bereziak. Gurpil zoroa da, Salasen arabera: beste oztopo handi bat biktimen familien beldurra da, ez direlako agintariez fio.
Komunikazioa
Mexikon 2000. urteaz geroztik hil duten 71. kazetaria da Yolanda Ordaz
'Notiver' egunkariko langilea bi egunez torturatu eta hil dute, Veracruz hirian, ustez narkotrafikatzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu