Lehen bost ekitaldiak Baionan iragan eta, iaz Miarritzen jarri zen azoka, aireportu ondoan, Irati aretoan. Lehen urtean berean leku egokia zela ohartu ziren bai antolatzaileak, bai bisitariak, eta aurten azoka sustraitua agertu da. Sala ederraren dirdirak eta kabalen arteko oreka atzemana dute. Eta bereziki, kanpoko euriak ikusirik, denak kontent barneko goxotasunarekin.
Gaineratekoarentzat, usaiako formularekin segitu du azokak. Kasik 500 bat laguntzailek xutik atxikitzen dute. Kabalen erakustaldi, bazkari, afari, mahai inguru, film eta ardi mozte, sagar tinkatze eta beste aldizkatuko dira azokan.
Merkatuak ere betiko arrakasta du. Orotara, 73 bat saltzaile aldizkatzen dira hiru egunean, egun bakoitzean berrogei bat dira denetatik saltzen. Aveyrongoak tarteko, Aveyron baita lurralde gomitatua aurten.
Jogurt, gasna, ezti, xingar... Tokiko ekoizleentzat erakusleiho paregabea da Lurrama. Haien artean, Jokin Zaldunbide senda belarren ekoizlea da. Hasi berria da, eta duela hilabete bat hasi da senda belar saltzen. Hortaz, Lurrama «publizitatea egiteko gune paregabea du». Saltzeko ere balio duela argi du Eztitxu Sabarotsek. Fruituak ekoizten ditu, zuku eta erreximenta gisa. Hasieratik parte hartu du Lurraman, eta biziki gustukoa du, bereziki «kontsumitzaileekin lotura zuzena egiteko», lekuko mozkinak defendatzeko, eta baita Lurramak duen filosofiarekin bat egiten duelako.
Eta atzokoari dagokionez, alde guztietako hautetsien sostengua berretsi zuen eguerdiko estreinaldi ofizialaren ondoan, haurrak izan ziren protagonista nagusiak. Orotara, 1.600 haur joan ziren inguruko ikastetxeetatik. Dela ingurumenaz, dela gustuaz, uraz, ereiteaz, hainbat tailer proposatu zizkieten. Lurramakoei inportantea baitzaie herri laborantza eta laborantza iraunkorraren oinarriak ahal bezain goizik ulertaraztea. Hori bai, beti bezala, kabalen erakustaldiak lortu zuen arrakasta handiena.
Ahate, ardi, behor, garaño eta bestek betiko ilusioa sortzen dituzte, baita kabalen mundua hain arrotza ez zaien haurrengan ere. Senpereko ikastolako haurrak, adibidez, dena irri eta begi zabal egon ziren haien begira. Beronika Zamora andereñoak esplikatu zuen lehen aldiz etortzen zirela Lurramara, urte osoan lan berezi bat daramatelako baratzea oinarri. Lehen ateraldi gisa zuten Lurrama, «girotze gisa, baitakigu zer garrantzi duen Lurramak». Pena, haatik, ikustean kabalen erakustaldi komentatuan kasik bakarrik frantsesez mintzo zirela aurkezleak. Haietako batek zehaztu zuen euskaraz ari direlarik haur gehienak lekutzen direla, eta besteak, berriz, «hemen Miarritzen gara»... Arratsaldean, berriz, euskara gehiago sartu zuten.
Igande arte, lehen aldiz, egunero Donibane Garaziko Frantsesenea lizeoko ikasleak erreportajea egiten ariko dira, Kanalduderekin. Eta gaur 20:00etan eta bihar 13:00etan berri sail berezia eskainiko dute; Lurraman berean ikusten ahalko da, eta baita zuzenean Interneten bidez, www.kanaldude.tv webgunean.
Miarritzen egonkorturik
Bigarren aldia du Lurramak Miarritzeko Irati aretoan; iazko berritasuna sustraitu da aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu