Joan Real Orti. Bartzelonako Unibertsitateko biologoa

«Milaka hegazti salba daitezke zutoin elektriko gutxi batzuk aldatuta»

xabier martin
Donostia
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Zientziak hegaztien bizitzak salba ditzake. Joan Real Orti (Sabadell, Katalunia, 1959) biologoa sinetsita dago bere formularen eraginkortasunean. Hainbeste harrapari zutoin eta kable elektrikoetan hiltzea eragotzi daiteke Bartzelonako Unibertsitateko ikerlari honek sortutako ereduari jarraiki. «Ez da bakarrik zutoinen diseinuaren kontua», dio. Aldagai gehiago hartzen ditu kontuan bere formulak; esaterako, zutoinen kokalekua eta inguruaren ezaugarri naturalak.

Eredu bat garatu duzu, hegaztiak elektrokuta ez daitezen argindarraren kableetan eta zutoinetan; nolakoa da?

Hiru aldagai aztertu ditut, Kataluniako ekosistemak kontuan hartuz: zutoinen diseinuak; ingurune zehatzetan hegaztiak ugariak diren edo ez; eta kableen nahiz zutoinen kokalekuak. Haiekin formula bat atera dugu, zutoin bakoitzaren arriskua kalkulatzeko. Ereduari jarraitzeak harrapari asko salba ditzakeela uste dut.

Erraza ematen du horrela esanda…

Baina ez da. Zutoin mota ugari daude, diseinu ugari, eta bakoitzaren arriskua neurtu behar izan dugu, baita diseinu zehatz batek ingurune zehatz batean zer-nolako arriskua izango duen ere. Parametro anitz hartu ditugu kontuan zutoin elektriko bat leku egokian dagoen edo ez jakiteko.

Ehunka milaka zutoin daude gure baso eta haranetan; ez du ematen agintarien gustukoa izango denik zutoinak lekuz aldatu beharra edo zutoin berriak jarri beharra, zaharrak ordezkatuz.

Ez, baina hori da hain zuzen ere ikerlan honek duen abantaila handiena. Demagun eremu jakin batean hegaztien heriotzak gertatzen ari direla. Zutoin guztiak aztertzen hasi gabe, gure ereduari jarraituta, berehala jakingo dugu zein zutoin dauden leku txarrean; alegia, zeinek eragiten dituzten heriotzak. Gutxi batzuk aldatuta, milaka hegazti salba daitezke. Argindarraren kableak jartzeko orduan, leku gehienetan ez zituzten kontuan hartu hegaztien igarote lekuan non zeuden, baina orain zuzendu daiteke hori; horretarako borondatea behar da, besterik ez.

Zutoinen diseinua aldatuz gero, arazo guztiak konponduko lirateke?

Hegazti asko salbu geldituko lirateke, ez guztiak. Baina ahalegina ez da hain handia. Zutoin batzuk seguruak dira, hegaztiak ez dira elektrokutatzen. Leku jakinetan, zutoin jakinak aldatu beharko lirateke, ordezkatu egin beharko lirateke, besterik ez.

Zuk sortutako ereduak Euskal Herrirako balio du?

Guk egindakoak sistema mediterraneoa hartzen du aintzat, baina parametro berak neurtuz atera daiteke Euskal Herrirako eredua ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.