Bideoa: Santa Luzia azoka. (Andoni Canellada, Argazki Press).
[youtube]https://youtu.be/8Ir9tsyiEyE[/youtube]
Baserritar giroak hartu ditu Zumarraga eta Urretxuko (Gipuzkoa) kaleak, goiz goizetik. Herria kalera atera da, eta apurka-apurka hasi da kanpotik jende saldoa hurbiltzen. Ganadu feriak bereganatu du bisitarien arreta goizeko lehen orduetan. Moxalak, behorrak, zaldiak, ahuntzak, poneyak, astoak... eraman dituzte Euskal Herriko hainbat ganaduzalek, eta horiek ikusten, ukitzen, argazkitan hartzen aritu dira herritarrak. Abereak erosten ez hainbeste; beste urte batez, ganaduaren salmentak beheranzko joerari eutsi diola berretsi dute abeltzainek.
Denera, 451 postu jarri dituzte aurten; 297 Zumarragan eta 154 Urretxun. Ekoizlea eta eroslea aurrez aurre izan dira, bitartekorik gabe. Eta barazki, fruta, ogi, gazta, gozo eta bestelako jakien salerosketan gero eta mugimendu handiagoa igarri da eguerdira gerturatu ahala.
Ugaria izan da goizeko eskaintza bestela ere: eskulanen erakusketa eta salmenta, Arabako Errioxako ardo azoka, artzain txakurren erakustaldia eta oilasko eta kapoi sariketak izan dira. Bien bitartean, kalerik kale aritu dira trikitilariak, txistulariak eta dultzaineroak eguna girotzen.
Arratsaldera begira, profesionalen pilota partidak izango dira Urretxuko Ederrena pilotalekuan, 17:00etan; eta idi probak Zumarragako Euskadi plazan, 18:00etan.