Euskal Encounter

Milaka zale, abiada bizian

Barakaldoko BECen egiten ari den Euskal Encounter informatikazaleen 24. topaketa marka guztiak hausten ari da; 4.608 lagunentzako tokia eta ordenagailuak atondu dituzte —iaz baino 512 gehiago—, eta konexioa ere inoiz baino azkarragoa da.

jarraia125171.jpg
gotzon hermosilla
2016ko uztailaren 23a
11:42
Entzun

Informatika eta teknologia berrien alorrean Euskal Herrian egiten den topaketarik handiena eta Europako bigarrena da Euskal Encounter. Aurten ere marka guztiak hausten ari da: inoiz baino jendetsuagoa izaten ari da; inoiz baino esparru handiagoa hartzen du —35.000 metro kuadro baino gehiago—; iaz baino egun bat gehiago iraungo du —astelehenean amaituko da, 17:00etan—; eta konexioa ere inoiz baino azkarragoa da, segundoko 40 Gb simetrikoa, hots, datuak bidaltzeko 40 giga, eta datuak eskuratzeko beste 40.

Sabino San Vicente Euskal Encounterren antolatzaile taldekoak BERRIAri adierazi dionez, pozik daude orain arte lortutakoarekin: "Ostiralean zabaldu genuen topaketa, eta dena oso ondo joan zen; esperientziaz dakigu horrek esan nahi duela teknikoki behintzat dena ondo joango dela amaitu arte".

Hasieran, informatikan adituak eta arlo horretako profesionalak biltzen ziren Euskal Encounterren; orain, informatika zaleak eta, batez ere, bideojokoak gogoko dituztenak ere batzen dira topaketara. "Informatika oso zabala da", azaldu du San Vicentek, "eta hemen bidejokoen zaleak biltzen dira, baina diseinua gogoko dutenak, ordenagailuaren bidez musika egiten dutenak eta bestelakoak ere etortzen dira. Nik uste dut horixe dela Euskal Encounterrera etortzeko motibaziorik handiena: jendeak badaki antzeko interes eta zaletasunak dituzten lagunekin topo egingo dutela, eta hona datoz harremanak egitera, gauzak partekatzera eta ikastera".

Ordenagailua komexio oso azkarrarekin erabiltzeko aukeraz batera, Euskal Encounterrek 20 bat hitzaldi, beste horrenbeste tailer, erakusketak, lehiaketak eta bestelako jarduerak ere eskaintzen ditu.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.