CSIC-EHU Biofisika Unitateak antolaturiko Bioforoan aritu da IBCM Elxeko Miguel Hernandez Unibertsitateko Antonio Ferrer-Montiel ikerlaria, Donostian. Minaren oinarri molekularra aztertzen du Ferrer-Montielek. «Min ona eta txarra daude», dio; esan nahi baita: onuragarria eta kaltegarria; esperantza handia dauka epe laburrean min kronikoari aurre egiteko botikak direla eta.
Gizakiak pairatzen duen minak, gorputzean sentitzen duen minak alegia, oinarri molekularra dauka. Molekulek nola dihardutenaztertuz mina arintzeko botika berriak asmatzeko bidea zabalik da, ezta?
Lehenik eta behin, argitu behar da mina ez dela bakarra; minak asko dira, askotarikoak. Bistan da min mota batzuekin asko aurreratu dugula maila molekularrean. Badakigu nola sortzen diren, zein prozesuren ondorioz, etahaiek kontrolpean izateko terapiak garatzen ari gara jadanik. Beste min batzuk misterioa dira oraindik; ez dugu haiekiko ezagutza zientifikorik, ez beste batzuen parean baizik. Horregatik falta dira terapiak min hauek pairatzen dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.
Bi multzoen adibideak jar ditzakezu?
Artritisak edo osteoartritisak eragindako mina nola sortzen den ongi dakigu, adibidez; maila molekularrean gertatzen diren mekanismoak ezagutzen ditugu, eta botikak bihur daitezkeen proiektuak garatzen ari dira jadanik gaitz horien minak arintzeko; gaixoentzako benetako laguntza izango da. Beste multzokoa da, esaterako, fibromialgia. Hark eragiten duen mina nahiko ikusezina da maila molekularrean. Gaixoek, batik bat emakumeek, ez dute inolako tratamendurik, eta okerrena da nahiko urrun gaudela erantzun egoki bat emateko, maila molekularrean ez baitugu ebidentziarik. Hau da, ez dakigu zer den benetan aldaturik dagoena molekuletan min hori sortzeko.
Buruko minaren eta migrainen kasuan, garbi ezagutzen al da zein prozesuk sortzen duen mina?
Nahiko ondo dakigu zergatik sortzen den migraina, eta farmazia konpainiek martxan dituzte hainbat botika merkaturatzeko. Oraindik hainbat segurtasun filtro pasa behar dituzte, hala ere. Baina epe ertainera produktu eraginkorrak egongo direla uste dut, azkenean ulertu baitugu zergatik sortzen den migraina.
Hainbat min arintzeko edo desagerrarazteko, analgesikoak hartzea baino beste biderik ez dago?
Zenbait min analgesikoekin arindu beharra daude nahi eta nahi ez. Baina, begira: bi min mota daude, ona eta txarra. Biomedikuntzaren erronka ez da analgesiko indartsuak garatzea; hori baino gehiago da. Izan ere, badugu analgesia hoberena: anestesia. Horren arazoa da gorputza erabat lokartzen duela, eta horrek berak arriskua eragiten du, gorputzaren babes neurria baita mina sentitzea. Alarma sortzea da minaren xedea, min onaren kasuan. Eskua suaren ondoan jartzen baduzu eta erretzen baldin bazara, berehala kenduko duzu sutik. Hori min ona da, alarma lanak egiten dituena. Min hori ezinbestekoa da bizitzarako; bizitza bera ezin da ulertu minik gabe.
Bada jendea mina sentitzeko gai ez dena, ordea.
Bai, mina sentitzeko gaitasun txikia dutenak badira, eta haien bizi-itxaropena oso baxua da, besteekin alderatuta. Ebaki bat egin eta minik ez duena ez da medikuarengana joango ebakia ikusten ez badu, adibidez, eta horrek arriskuan jarriko du. Peritonitisaren mina sentitzen ez duenak bizia jokoan jarriko du; garbi dago. Gaixotasun ohiz kanpoko bat da mina sentitzeko gaitasunik eza, baina pairatzen dutenak ez dira normalean 30 urte baino gehiago bizitzen.
Min kronikoak, berriz, eraginak izan ditzake, gaixotasun berriak sortuz, ezta?
Bai, minaren seinalea ez delako amaitzen; beti dago aktibatua, eta horrek eragin ezkorrak ditu, adibidez, nekea, depresioa. Alegia, mina beste gaixotasun batzuen iturri izan daiteke.
Ezarian. Zientzia. Antonio Ferrer-Montiel. Biologo molekularra
«Mina ona da; gorputzaren babes neurri gisa, adibidez»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu