Minbizia ikertzen ari zela gantza erretzeko iturria topatu zuen zientzialaria
Ikertzeak hori du: bilatzen ari dena topatu ez —edo erdizka topatu— eta bete-betean asmatzea bilatzen ari ez den zerbaitetan. Garapen prozesuan den argaltzeko botika baten aurkitzailea da Manuel Serrano. «Arratoiak manipulatu genituen minbiziaren aurrean babesteko. Eta bai, hori lortu genuen; hala espero genuen. Baina horrez gain, gizentzen ez ziren arratoiak topatu genituen; nahiz eta asko jan ez ziren gizentzen. Haritik tiraka hasi, eta ikusi genuen minbiziarekin lotutako gene jakin bat (Pten) nutrienteak erregulatzeko ere gai dela. Gantza erretzeko gai da gene hori, gantza kontsumitzeko haiek pilatu gabe». Hala, gizaki guztiek duten gene horrek egiten duen funtzioa (aktibaturik dagoenean) egingo lukeen botika diseinatzea da ideia. «Aurkikuntza zerbait zehatza bihurtuko da luze gabe; akaso bost urte barru ez gizentzeko pilula izango da salgai. Botika oso aurreratua dago, minbiziaren aurkako botika gisa aztertu delako. Guk askoz ere dosi txikiagoak proposatzen ditugu gizentasunaren aurkako botika gisa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu