Minbiziaz ari garenean, hobe da bizi-kalitateaz eta bizi- itxaropenaz hitz egitea sendatzeaz hitz egitea baino». Charles Lawrie (Nottingham, Ingalaterra, 1972) Biodonostiako Onkologia ataleko zuzendariak gauzak bere tokian utzi nahi ditu hasieratik. Odolarekin eta linfarekin lotutako minbiziak ikertzen ditu bereziki; hori da bere alorra, eta bere lanaz «zuhurtasunez» hitz egitea behar-beharrezkoa dela uste du.
Onkologikoa eta Donostia Ospitaleko minbizia ataleko 20 ikertzaileren lana koordinatzen du Biodonostian, halaber. Laster urtebete egingo du Euskal Herrian. Lawrie, Oxfordeko Ikerketa irakaslea berau, Ikerbasqueko ikertzaile gisa dago Euskal Herriko onkologia alorraren ikerketaren abangoardian. «Gustura nago hemen; asmatu dut, hasieran espero nuen baino baldintza hobeak baitauzkat ikerketan aurrera egiteko», dio.
Laborategien alboan dauka bulegoa. Zelulak nola diharduten azaltzen duten kartel koloretsuak ditu itsatsirik han eta hemen, denak ingelesez. «Talde eraginkor bat osatu dugu, eta elkarlanean dihardugu Onkologikoa eta Donostia Ospitaleko minbiziaren atalarekin, medikuekin. Oinarriak jarri ditugu lan arrakastatsua egiteko».
Duela hamar urte eskas aurkitu zituzten lehen aldiz microRNA azido ribunukleiko molekulak. Txiki-txikiak dira, proteina gabekoak, baina oso garrantzitsuak, gene guztien RNA erregulatzen dutelako, eta, ondorioz, geneen funtzioa erregulatzeko gai dira. «Leuzemiari eta linfomari dagokienez, alor horretan ari gara ikertzen. Mundu osoan daude laborategiak microRNArekin lanean. Haiei esker konturatu gara zenbat edo zein gutxi dakigun minbiziari buruz». MicroRNA molekulak odolarekin nahasten dira, «edo txistuarekin esaterako»; kontua da gorputzaren hainbat likidotan antzeman daitezkeela, hain dira txikiak. Eta horibere alde jarri nahi dute ikertzaileek. «Diagnostiko oso azkarra eta ez oldarkorra egiteko aukera zabaltzen digu, batetik, eta tumoreek nola funtzionatzen duten ikasteko bide bat, bestetik».
Esperantza handia
Biomarkatzaileak ezartzea da helburua, odol azterketa baten bidez minbizia antzemateko, biopsiak baztertuz; minbizia bakarrik ez, pazienteak zein minbizi mota duen ere ezagutzeko aukera emango lukete microRNA molekulen markatzaile hauek. «Ezin dizut esan arrakasta handiak lortu ditugunik jada, baina esperantza handiak ditut alor honetan, aukera handiak», dio Lawriek.
Litekeena da diagnostiko goiztiarrak lehenago lortzea, terapia berrien diseinua baino. «Minbiziaren pronostikoa asko aldatu da azken urteotan, minbizia mota batzuetan batez ere, baina minbizia sendatzeaz ezin da hitz egin oro har, orain konturatzen hasi baikara oso gutxi genekiela». Charles Lawrieren ustez, «hobe da bizi-itxaropenaz eta bizi-kalitateaz hitz egitea».
Oxfordeko Trinity Collegeko biokimikaria sinetsita dago komunitate zientifikoak segurutzat jotzen ez duen aldagai bat badela tumore batzuen erresistentzia azaltzeko: minbizi zelula amak. «Haien bila dabiltza mundu zabaleko laborategi ahaltsuetan, odolarekin eta linfarekin lotutako minbizien kasuan, baina ez dituzte topatu. Nik badirela susmatzen dut, kontua da ez dakigula haiek atzematen». Minbizi zelula ama horiek izango lirateke erantzuleak tumore bat behin eta berriro hazten denean, kimioterapiari erantzuten ez dionean. «Ikertzaileok uste dugu zelula ama horiek tumoreen erantzule izaki haiek ere gai izan behar dutela tumoreak geratzeko, ezeztatzeko».
Minbizi zelula pluripotentzial horien bila ez dira hasi Biodonostian oraindik, «ez buru-belarri behintzat», baina epe motz-ertainera helburu gisa ezarri dute. «Nahiz eta jakin badakigun laborategi ahaltsu batzuek saioa egin dutela, eta ez dutela emaitzarik lortu».
Charles Lawrie jabetzen da gizarteak zerbait espero duela ikertzaileengandik, sentitzen du «presioa», baina poliki-poliki joan behar dela dio, «urratsak norabide onean doazela jakin ondoren». «Dirutza itzelak, helburu jakinak eta zorte handia behar da ikerketa batek terapia berri bat ekar dezan».
Ezarian. Zientzia
Minbiziaren aurkako lubakian
Charles Lawrie Biodonostiako Onkologia ataleko zuzendariak uste du hobe dela bizi-itxaropenaz eta bizi-kalitateaz hitz egitea «minbizia sendatzeaz baino». Biodonostiako taldea biomarkatzaileen bila dabil microRNA molekulak ikertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu