Bi hilabete falta diren arren, Euskal Herria hasia da aurtengo Kilometroen oihartzuna entzuten. Gaur gauean, bertsolaritzako txapeldunez beteko da Soreasu antzokia (22:30). Sebastian Lizasoren gidaritzapean igoko dira agertokira Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arazallus, Josu Oiarzabal eta Jokin Uranga. Haiekin batera arituko da Jon Maia (Urretxu, 1972), euskararen aldeko ekimenetan aditua.
Kilometroen alde beste behin. Parte hartze aktiboa izan duzu ikastolen aldeko ekimenetan, ezta?
Zorteduna naiz. Araba Euskaraz-en abestiari birritan jarri dizkiot hitzak, eta Kilometroetan ere lan asko egin dut. Zorionez, bertsolaritzak beti du bere txokoa euskararen aldeko ekimenetan.
Zertan lagun diezaieke bertsolaritzak Kilometroei?
Bertsolaritza indartsu dabil azkenaldian, eta, ondorioz, leiho aproposa da Kilometroen mezua lau haizeetara zabaltzeko. Bestalde, bertsolaritzak ez du euskara baino beste jarduerarik. Hizkuntzaren propaganda egiteko modu onena besterik gabe hizkuntza hori erabiltzea da.
Hortaz, bertsolaritzaren eredua gizarteratzea da zuen helburua?
Era normalizatu batean bizi gara bertsolariak: euskaraz sor, goza eta komunika daitekeela erakusten dugu saio bakoitzean. Gizartean, ordea, euskara ez dago egoera normalizatuan, ez legearen aldetik, ez eragileen aldetik. Gaurkoa bezalako ekitaldiak funtsezkoak dira, baina maitasun adierazpenak ez dira nahikoak.
Bidea luzea da, beraz...
Ikastolak sortu zituztenean, euskarak gailurra jo zuela zioten herritar askok, baina ez zen horrela izan. Zenbait eta gehiago egin, orduan eta gehiago falta zaigu, oso txikiak garelako oraindik, eta gure erreferentzialtasuna ez delako gure hizkuntzak behar duen tamainakoa.
Zer eragin izan dute ikastolek erronka horretan?
Ikastolak ezinbesteko zutabeak dira gure gizartean. Herri mugimendutik eratorritako zerbait izanik, bereziki txalogarria iruditzen zait eginiko guztia. Baina, esan bezala, bidea luzea da oraindik.
Zer da Kilometroak eta halako ekitaldien alderdirik positiboena?
Euskalherritarrok dugun gaitasuna. Baliteke irakurlea harritzea, baina hala da: ez dut ezagutzen honelako jarrera kolektiboa duen beste lekurik. Herritarrok mobilizaziorako kultura miresgarria garatu dugu azken urteetan: proiektu baten alde elkarlanean egiten dugu, denbora asko eskainiz, baina ilusio handiz. Kilometroetan hori da airean sumatzen dena: elkarlana.
Mobilizazio kultura hori gutxiengo baten kultura garelako izan daiteke...
Ez izan zalantzarik. Iraun beharrak iraupen instintua indartzen du, eta horrek ekarri digu honelako kultura garatzea.
Kultura horren jabe al da Azpeitia?
Guztiz. Ikasberri ikastolak eginikoa zoriontzekoa da, beste behin euskaldunok euskaraz bizitzeko nahia adierazteko bidea eraiki duelako. Gainera, parte hartzea ikaragarria izan da: ikasleak, irakasleak, gurasoak eta herritarrak buru-belarri aritu dira. Berdin gaurkoarekin: oso herri bertsozalea da, eta bertsolaritzaz aise gozatzen dakite. Aukera paregabea eskaini digute.
Beraz, itxura polita du gaurkoak, ezta?
Bai. Lagun artean arituko gara, eta ongi pasatuko dugu. Orain zailena falta zaigu: ondo egitea.
Jon Maia. Bertsolaria
«Mobilizaziorako kultura paregabea garatu dugu euskaldunok»
Ikasberri ikastolak bertso saio aparta antolatu du gaurko Azpeitian, eta, tartean, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Amets Arzallus arituko dira agertokian. Haien ondoan, Jon Maia nekaezina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu