Kontzertu indartsuak izan dira aurtengo Moskuko jaietan, Irunen (Gipuzkoa). Lisabo, Jupiter Jon, Los Ginkas, Bad Sound System eta beste hainbat taldek jo dute. Gaur azken eguna dute, eta musikaz agurtuko dituzte jaiak. Napoka Iria arduratuko da, hain zuzen, horretaz, eta kontzertua emango dute Kabigorri ateneoan, 20:30ean.
Eibar eta Elgoibarkoa da Napoka Iria sortu zuen bikotea. Gauza berriak probatzen segitzeko beharra dela eta, hiru musikari gehitu zaizkio, eta bitasun hori handitu egin da; izan ere, Willis Drummond taldeko Rafa eta Felixekin eta Andrakan bandako Andonirekin beste musika egitasmo bat sortu dute. Oinarrian, Napoka Iriaren abestiak izango dira, baina emaitza bestelakoa da. Lehertarazi edifizioak diskoan (Bonberenea, 2011) jasotako kantu biluziak era elektrikoan entzuteko aukera izango da. Hori da, hain zuzen, taldearen lan berria. Jendaurrean grabatu zuten, Bergaran (Gipuzkoa), Zabalotegi aretoan. Ateak publikoari zabaldu, eta bi kontzertu eman zituzten; kantu zahar eta berriak eta bertsioak tartekatu zituzten. Hortik ateratako hamar kantuk osatzen dute bilduma, gitarra elektriko, akustiko eta ahotsekin. Horrekin batera, grabazioan bertan egindako bi inprobisazio eta ukelele eta kalinbaz jotako abesti ezagun baten bertsio bitxi bat ere sartu dituzte.
NAPOKA HIRIA BAND Noiz. GAUR, 20:30EAN.
Non. Kabigorri ateneoan (Irun, Gipuzkoa).
Moskuko jaietan, Napoka Iria
Napoka Iriak kontzertua joko du gaur, 20:30ean, Irungo Kabigorri ateneoan; jaietako azken eguna da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu