Motorrak 50 euroan

Kaletik jasotako 40 motor eta ziklomotor, eta Udaltzaingoaren beste hiru zozkatu ditu enkantean Iruñeko Udalak. Merkeena 50 euroan saldu da, eta garestiena, 810 euroan.

Jende ugari bildu zen motorren enkantera. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
M otorra zozkatzen da,C2767BFD matrikula duena. Irteera prezioa 50 euro», iragartzen du enkantea gidatzen duenak. «Hasierako prezioa ematen dut!», erantzuten du ozen laugarren lerroan eseritako gizon batek. «Ez dago eskaintza gehiagorik? Ez?... Hasierako prezioa: bat, bi, hiru! Hurbildu hona zure datuak ematera», zehaztu du erremateko gidariak.

Horrela saldu zen Iruñeko Udalak Udaltzaingoaren egoitzan atzo antolatutako motor eta ziklomotor enkantearen lehen motoa. Enkantea eguerdian hasi zen, eta ordubaterako bukatua zen. Guztira, 43 ibilgailu zozkatu zituzten. 40,Udaltzaingoak kaletik jasotakoak eta jabeak biltzera joan ez direnak; eta, beste hirurak, Udaltzaingoak lanerako erabilitakoak. Ustez, guztiak egoera onean. Enkantean merkeen zozkatu zen motorra, irteerako prezioan —50 euroan— saldu zen. Garestiena, berriz, 810 euroan eraman zuen gizon batek. Inork ez zuelako hasierako prezioan ere hartu nahi izan, bakarra gelditu zen saldu gabe: C0074BPM matrikula duen motorra. Enkantea egin zen gela jendez mukuru zegoen. Halere, lagun gutxik parte hartu zuten zozketan, eta asko ikusmiran joan ziren. Gehienak gizonak ziren; sei emakume bakarrik azaldu ziren. Enkantean parte hartzeko, aurretik 30 euroko fidantza ordaindu zuten.

Jabe berriak, sesteoaren zain

Ibilgailuen matrikula eta irteera prezioa jasotzen zuten bina paper zeramatzaten guztiek, enkanteari kasu egiteko. Aurretik motorrak ikusteko aukera izan zuten ibilgailuen udal biltegian, San Roke kalean. Erremateko gidariak matrikula eta irteera prezioa hitzez ozen esan bezain azkar hasi zen jendea eskaintzak egiten. Hotz hasi zen zozketa, baina, denborak aurrera egin ahala, giroa berotzen hasi zen, eta, irteerako prezioa entzun bezain azkar, eskaintza handiak egin zituzten batzuek. Izan zen asko berotu zenik, zazpi ibilgailu eramateraino. Eskaintzan parte hartzeko gutxieneko diru kopurua, behin irteera prezioa esanda, 30 eurokoa zen.

Enkatean motorren bat erosi dutenek orain sesteoa iragan arte zain egon beharko dute. Izan ere, enkantea ez da oraindik bukatu. Norbaitek zozkatutako ibilgailuren bat lortu nahi badu, azken eskaintzaren prezioari sesteo bat gehitu besterik ez du. Prezioaren seiren bat ordaintzea, alegia. Hori egiteko gaurtik hasita sei egun ditu, eta, halabeharrez, idatziz egin beharko du udaltzaingoaren egoitzan: Iratxeko Monastegia, 2.

Sesteoan zer gertatu zain gelditu dira zozketan parte hartu duten bi iruindar. Victor Huesok lau ibilgailu erosi ditu, bi scooter, quad bat eta vespa markako motorra. «Bat niretzako da, bestea aitarentzat eta beste biekin zer egin ez dut erabaki. Akaso, ilobei oparituko dizkiet», zioen. Pozik zegoen egindako erosketarekin. «Lau motor erosi ditut baten prezioan». Gainera, bi alta emanda daudenez, ez ditut ordaindu beharko alta kostuak —motor bakoitzeko 155,50 euro—.

Ez dago egoera berean Pedro Zelaia, 16 urteko iruindarra. Motorrak gidatzeko karneta ateratzen ari da, eta motoa «praktikatzeko» behar du. 260 euroan erosi du DRD markako 50 cc motorra. Zozketan parte hartu arren, dirua nondik aterako duen ez daki. «Gurasoei eskatu beharko diet dirua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.