Herri gehienetan inauteriak bukatu badira ere, asteburu honetan oraindik izango da mozorroak janzteko aukerarik; esaterako, Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa), Miarritzen eta Hendaian (Lapurdi), hainbat ekitaldi prestatu dituzte, karroza desfile eta guzti.
Trintxerpen ohikoa dute inauterien ondorengo asteburuan egitea ospakizunak. Larunbat eta igandean, karrozen desfilea egingo dute: 16:30ean larunbatean, eta 18:00etan igandean. Musikarik ere ez da faltako bihar hasiko diren jaietan.
Miarritzen, berriz, larunbatean bakarrik egingo dituzte ekitaldiak. 17:30ean hasita, ikastola eta eskola elebidunetakoek ibilaldia egingo dute hiriko kaleetan, Xutik txarangak animaturik; eta, ondoren, Casino parean Zanpantzarren auzia egingo dute. Ekitaldiek gaztetxean izango dute jarraipena: zintzur bustitzea eta taloak izango dira 19:00etan. Gauerako kontzertua antolatu dute: Momotxorroak, @larrache.com eta Itziarren Semeak taldeekin.
Hendaian ere larunbat arratsaldean ospatuko dituzte inauteriak. 16:00etan hasiko dira ekitaldiak: inauterien desfilea abiatuko da orduan, Gaztelu Zaharretik. Ondoren, 17:15 inguruan, Zanpantzar epaitu eta erreko dute Errepublika plazan. Gauean, berriz, musika nagusituko da. 21:00etan, zeltiar musikaz gozatu ahal izango da CEL 3 taldearekin, Merkatu Zaharrean; eta, gauerdian, dantzaldia eskainko du Patcha Mama taldeak.
INAUTERIAK
Non. Pasaiako Trintxerpe auzoan (Gipuzkoa), eta Miarritzen eta Hendaian (Lapurdi).
Noiz. Bihartik igandera bitartean.
Asteburuko proposamenak
Mozorroak janzteko azken aukerak
Zanpantzarren auzia, desfileak eta beste izango dira Pasaia, Miarritze eta Hendaiako inauterietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu