Moztura ala lotura?

Bidasoak erranahi sinboliko handia du Euskal Herrian, historian zehar Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko bereizkuntza eta harremana markatu dituelako; halaber, naturgune aberatsa dauka itsasoratzen den eremuan, Txingudiko badian.

ENEKO BIDEGAIN
2008ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Batzuentzat Frantziaren eta Espainiaren arteko muga markatzen du Bidasoa ibaiak. Espainiako Gerra Zibilaren garaian, Hendaiatik entzuten ziren Irunen lehertzen ziren lehergailuak eta tiroak. Alde batean bakea, bestean gerla. Bereizketa administratiboaren ondorioa. Hendaiarrek Bidasoa gaineko zubian barna ikusten zituzten Hegoaldekoak Iparraldera pasatzen, babes bila. Nortasun loturaren ondorioa. Euskal Herrian anitz erabili eta erabiltzen da Bidasoaren irudi sinbolikoa. Horren lekuko dira Bidasoa inguruan ospatu diren hainbat aberri egun.

Gaur egun, Bidasoak itsasoarekin bat egiten duen gunean, Txingudi partzuergoa edo mankomunitatea errealitatea da. Irun, Hondarribia eta Hendaia batera ari dira mankomunitate horretan. Historian zehar, luzaz, Txingudiko badia Espainiako eta Frantziako erresumen arteko gatazka gunea izan da. Horiek aspaldiko kontuak direla argi dute orainhiru udalerriek. Bereizketaren ordez, batasunerako arrazoiak aurkitu zituzten. Batetik, mendez mende iraun zuen kontrabandoa; Txingudiko partzuergoaren hitzetan, «lehenbiziko trukaketa ekonomikoak». Bestetik, euskara, euskal kultura eta nortasuna. Joan den asteburuan BidasoaFolk jaialdia ospatu zuten hiru hiri horietan, elkarren arteko harreman sendoaren erakusle gisa.

Ez ditu nortasunak eta ekonomiak batzen bakarrik. Naturak ere batzen ditu. Hondarribian, Higer lurmuturraren parean itsasoratzen den ibaiak, paisaia zabal eta zoragarria du metro batzuk lehenago. Txingudiko badiak, Jaizkibelen oinetan, hegazti espezie anitz ikusteko aukera ematen du, inguruan oinez ibiliz bezala. Leku lasaigarria, zeinek itsasbehera denean itxura desberdina hartzen duen.

Ibaiak ibai itxura handiagoa hartzen du Hendaia eta Irun batzen dituen Santiago zubiaren azpitik pasatzean, baina gero, berriz ere, eremu zabala hartzen du, uharte txikiz beterik. Han inguruan ere ibil daiteke, auto trafiko handia bada ere, autotik jaitsi eta ibaiak eskaintzen dituen koloreez eta edertasunaz gozatzeko asti pixka bat hartuz.

Gero, ibaia hertsiago bihurtzen da. Forma ederrak ditu Biriaturen azpitik pasatzean. Berara bidean, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko muga egiten duen Endarlatsara heldu aitzin, eta hura segitu eta ere, arroila franko hertsi baten erditik pasatzen da. Zaila da toki egokia aurkitzea autoaren uzteko eta oinez hurbiltzeko, bereziki obretan ari diren garai honetan. Toki lasaiagoak eta zabalagoak dira, baina beharbada ez hain ikusgarriak, Sunbillara eta Doneztebera heltzean.

Baztan aldean

Berez, ibaiak, Donezteben hartzen du Bidasoa izena, han elkartzen baitira Zubieta aldetik datorren Ezkurra erreka eta Elizondotik datorren Baztan erreka. Baztanera hurbiltzean, erreka franko hertsitua ederki janzten dute bazterretako harri gorrixkako etxe dotoreek. Doneztebetik gora, Baztan du izena errekak. Hertsia da, eta ez biziki sakona. Pirinioen oinetan, bazter eta herri ederretan zehar dabil erreka.

Herri batean gelditu behar eta, Elizondora heldu baino lehentxeago, Arraiozen gelditzeak merezi du. Baztan erreka erdiz erdi pasatzen da. Bi jauregi zahar eder ezin dira huts egin. Autoz pasatzean ikusten dira, baina merezi du asti pixka baten hartzea. Erreka bazter-bazterrean dago Zubiria jauregia. Handik gorago dago, berriz, Jauregizar, Erdi Aroko eraikin zoragarria.

Elizondo pasatu eta Erratzu aldera segituz aurkitzen da Txingudin isurtzen den uraren iturburuetariko bat. Iñarbegi errekari jarraiki, ibilaldia ez da batere zaila, eta 12 metroko ur-jauzi bat da horren saria. Xorroxin ur-jauzia da, errekan sartzen den adarretariko baten iturburua. Beste adar bat Izpegi aldetik dator, eta hantxe dago, berriz ere, Ipar Euskal Herria. Han ere, mendia, moztura baino gehiago, lotura izan da historian zehar, bai kontrabandisten bidez, bai euskararen bidez, bai gerlatik ihesi joan zirenen bidez.



Jakingarriak

Iturburua. Erratzun (Auza mendiaren eta Izpegiko lepoaren inguruetan).

Ibai-ahoa. Txingudiko badia (Hondarribia eta Hendaia artean).

Luzera. 69 kilometro.

Arroa. 710 km2

Emaria. 24,70 m3/s





Faisaien Uhartea,erregeen tratuen tokia

Irun eta Behobia artean, Bidasoaren erdian, uhartetxo bat bada: Faisaien Uhartea. Sei hilabetetik behin, txandaka izaten da Frantziaren eta Espainiaren esku. Espainiako eta Frantziako erregeen arteko akordioen tokia izan da. Akordio ezagunena 1659an egin zuten: Frantziako erregea Espainiako erregearen alabarekin ezkontzea negoziatu zuten. 1615ean, Frantziako eta Espainiako enbaxadek Frantziako erregearen alaba Espainiako erregearekin ezkontzea, eta horren arreba, Ana Austriakoa, Luis XIII.arekin ezkontzea hitzartu zuten. 1526an, Espainiak Frantziako errege Frantzisko I.a preso zeukan. Faisaien Uhartean aske utzi zuten, eta Frantziako erresumak, trukean, erregearen bi semeak eman zizkien. 1940an, Adolf Hitler Alemaniako diktadorea Francisco Franco Espainiakoarekin elkartu zen toki hartan.





N-121 errepidearen itxuraldatzea

Hildako anitz eragin duen errepidea berritzen eta zabaltzen ari dira, 2009ko udaberrirako prestegon behar luke
E. B.

Irundik Berarako N-121 errepidea Bidasoa bazterretik doa, Bidasoako ikuspegi ederra eskainiz. Bide horrek hil anitz utzi du, ordea. 2005ean hamalau lagun hil ziren; duela bi urte, lau, eta iaz, hiru. Aurten ere badira hildakoak. Errepide arriskutsuaren fama du. Egunean 6.600 auto eta 3.400 kamioi pasatzen dira Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko muga egiten duen Endarlatsa eta Irun artean. Orain, obra handietan ari dira bazter hertsi horretan. Makinak non-nahi eta mendiak zaurituak. 2009ko udaberrirako espero dute obrak bukatzea. Orduan, errepidea seguruago izatea espero dute.

Bideak hiru lerro ukanen ditu zati gehienean. Norabide bakoitzak txandaka ukanen ditu bi lerro. Tuneletan, aldiz, bakoitzak lerro bakarra ukanen du, eta Behobiara heldu aitzin, biek bi lerro. Bi tunel ukanen ditu, bata 477 metrokoa, Lamiarrin, eta bestea 105 metrokoa, Intxaurretan. Horrez gain, lau biadukto ere ukanen ditu, 98 metrokoak gehienak. Endarlatsa parean 190 metroko zubia eraikiko dute, 100 metroko arku bat ukanen duena. Bidearen zati «enblematikoena» izanen da.

Errepideaz gain, bidegorria ere antolatuko dute, oraingo errepidea eta garai bateko Bidasoako burdinbidea horretarako erabiliz. Gisa horretan, Bidasoa bazterretan bizikleta ibilaldi atsegina egiteko parada izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.