KOLOREAREN INDARRA. Sinai penintsulak oso paisaia mota ezberdinak ditu, eta bakoitzak kolore aberastasun handia du. Urpeko koloreak deskribaezinak dira, koloreen gaman nik uste guztiak ez liratekeela agertuko, eta basamortukoak, harrigarria iruditu arren, anitz dira; harearen hori koloretik hasi, burdin koloreko haitzetara pasa, Baztango harriaren kolore gorrizkoak ere ikus daitezke, haitz beltzez osatutako multzoak eta, azkenik, oasietako hamaika berdeak.
Mila koloredun koralezko arrezife eta arrainen artean bainatzen aritu ginen. Itsaso hark Itsaso Gorria du izena, eta Akabako Golkoan da. Kostalde haren alde batean desertua genuen, eta bestean, parez pare, Saudi Arabia.
Urpean diren bizidunak lurrekoak baino gehiago dira; Itsaso Gorria izugarri aberatsa da. Sinaiko penintsulako biztanle gehienak beduinoak dira.
GAMELUA JEEP-EZ ORDEZKATUTA. Beduinoak arabiar penintsula osoan aurki daitezke. Beduino hitza bedu hitz arabiarretik dator, eta nomada esan nahi du. VII. mendeko konkistetan, arabiarrek banandu egin zuten herri hori, eta gaur egun Afrika hegoaldeko hainbat herritan bizi dira, besteak beste, Aljeria, Egipto, Libia, Mali eta Tunisian. Erlijioz musulmanak dira; sunitak, zehazki.
Muga politikoek eta bizitza mota berriek sendentario izatera behartu dituzte gehienak, nomada izan ostean. Aurreko mendeetan klima eta lurraren aberastasunaren arabera mugitzen ziren alde batetik bestera, bidelagun onenak gameluak zituztela. Gaur egun, oso beduino gutxik segitzen dutebizimodu horrekin.
Bai basamortuko eta bai kostaldeko bidexka guztiak ondoena ezagutzen dituztenak beraiek direnez, beduino gazte asko lurralde hartara biltzen da turistentzat gidari lanetan jardutera.
Beduinoentzat ere denborak bere garrantzia hartu du; gaur egun ia ez dute argiaren arabera bakarrik funtzionatzen. Erreferentzia berri anitz sartu direnez, gameluak etxe inguruan edukitzeko edo haurrek hondartzara eskuz egindako produktu xumeak turistei saltzera joateko erabiltzen dituzte. Helduek gamelua jeep-aren bidez ordezkatu dute, eta, egia esan, ez dago jeep aukera handirik Sinain: ia denek Toyota modelo eta kolore berekoa dute.
Kostaldebiltzen diren turista gehienak urpekaritza egitea joaten direnez, han bizi diren beduinoak te beroak saltzen ibiltzen dira hondartza aldamenetan. Tabernari lanetan dabiltzala esan daiteke. Pareta eta eserleku gabeko tabernak dira. Teilatua palmondo hostoz egina da; paretak koloredun oihalezkoak dira, eta eserlekurik ez dago. Bezeroak lurrean esertzen dira kuxin edo puff artean.
Beduino herria lurreko kulturako herria da, japoniarren eta beste hainbat herriren antzera. Oinustu eta tapizen eremura sartzen dira, eta bertan kuxin artean eseri. Mahaiak gureak baino baxuagoak dira eta familia edo lagunak mahai inguruan esertzen dira.
Kostaldeko haurrek txikitatik ingelesez lau hitz esaten ikasten dute eta harizko edo harrizko pultsera eta lepokoak saltzen pasatzen dute eguna, beren gurasoak te edo jaki beroak zerbitzen ari diren bitartean.
Gaua, lehen ez bezala, adreiluzko etxetxoetan pasatzen dute. Herri bakoitzean beren auzoa osatzen dute, egiptorrengandik aparte, eta oihalezko lehengo dendak etxe egonkorragoz ordezkatu dituzte. Beren nortasuna irmo mantendu nahian beduinoak ezin daitezke egiptoarrekin ezkondu.
BASAMORTUAN GIDARI LANETAN. Sinaiko penintsulan, deserturantz hurbilduz gero, paisaia erabat ezberdina da. Haitz eta harriz osatutako basamortu da hura. Hondarra ez da horrenbeste ageri, gune gutxi batzuetan izan ezik.
Historia aldetik aberatsa da, etaherri ospetsuenetarikoa Santa Katalina da. Bertan monje ortodoxo greziarrak bizi dira Santa Katalinako monasterioan, eta, atzerritarrek bisita dezaten, beren etxea irekia izaten dute, ostiraletan izan ezik, beren egun sakratua baitute. Monasterio inguruan hainbat monje ikus ditzakezu, beren bizar luze eta tunika beltzekin. Eta fraideez gain, beste hamaika beduino ibiltzen da atzerritar bila, zenbait libra egiptoarren truke gidari lanak egiteko prest.
HIRU ERLIJIO HANDIENEN SORBURU. Gebel Musa, edo Sinai Mendia kristautasun, judaismo eta islamismo erlijioentzat gune sakratua da, beren erlijioa bertan jaiotzen baita.
Biblian, Sinai mendia Jainkoaren Mendi gisa ere izendatzen da eta kristauentzat Jainkoak Moises profetari mendi hartan eman zizkion hamar manamenduak. Kontua da, historian zehar, gaur egungo hiru erlijio monoteista nagusienak mendi horretatik pasa direla. Hipotesia batzuen arabera, Sinai hitza Sin Ilargiaren Jainkotik omen dator.
Gaur egun, batzuentzat horren sakratu den eta energia anitz biltzen duen mendi hori turistei prestaturikoa da. Monasterio aldamenetik hasten da Sinai mendira igotzeko bidea. Bi bidexka ditu, bata eskaileraz osatua eta bestea aldapan, gameluz edo oinez igotzeko.
Eskailera haiek fraideek banan- banan ezarriak dira penitentzia edo purifikazio gisa. Barnealdean bizi diren beduinoek dute negozio handiena, mendira igotzeko gidari lanetan ibiltzen baitira. Egia esan, adar jotze itzela da. Segurtasun falta dagoen aitzakiarekin eta bidean ez galtzekoarekin gidari bat jartzen saiatzen dira aldamenean, noski, beti ere, diru kopuru baten truke.
Bidean ez dago inola ere galtzerik, baina turista engainatzea eta ,librea egipziar batzuk lortzea beti ere ondo etortzen zaie.
Mendia igotzen hasi orduko beduinoen dendaxkekin topo egiten dugu. Edari, gaileta, txokolate edo oparitarako produktuak saltzen dituzte. 2.285 metro dituen mendiaren gailurrean elizatxo bat dago. Aldamenean Sinaiko penintsulako mendirik altuena dago, beste hainbat tontorrez inguraturik dago.
Egun, egunsentia eta ilunabarra ikustera igotzen dira turistak. Udan, beroa dela eta, goizeko ordu biak eta hirurak aldera hasten dira igotzen. Orain hotz gehiago egiten duenez, ez dago horrelako arazorik.
BASAMORTUKO GIDARIAK. Sinai hegoaldeko beduinoek, turistak Sinai mendira eramateaz gain, basamortuan 8-15 egunera bitarteko bidaiak edo trekking-ak ere antolatzen dituzte, eta hori da beren soldata irabazteko era. Lur haiek ondoena ezagutzen dituztenak haiek dira, eta gidari lanetan jarduteko aproposenak ere bai. Beduinorik gehienak Santa Katalinan daude instalaturik. Santa Katalinatik oinez ordu erdira lehen oasia dago eta beduino askok bertan dituzte beren borda eta baratzak. Lur lehor haien artean, hainbat ur putzu ikusi ahal izan genituen bidean.
Ostiraletan, jai eguna duten egun bakarrean, gizonezkoak oasietara hurbiltzen dira beren baratz eta bordak zaintzera eta gizonen artean elkartzera. Emakumeak, aldiz, beren erlijioak dioen bezala, etxean haurrak zaintzen egoteko jaioak dira eta ohitura horiek oraindik ere asko mantentzen dira.
Basamortuan zehar lauzpabost orduko ibilaldia egin ostean, eta herrirantz hurbiltzen ari ginela itxirik eta oso ondo zaindurik zegoen eremu batean, palmondo baten azpian, hain zuzen ere, sei gizon ikusi genituen te pixka bat edaten. Beraien arteko gaztetxoena igorri ziguten barrura sartzeko esanez. Te ontzi baten inguruan eseri, eta solasean aritu ginen erdi ingeles erdi arabieraz.
Emakumea izan arren, sartzen utzi zidaten, beraientzat exotikoa baita estalirik ez doan emakume bat ikustea. Oso ongi hartu gintuzten, eta une atsegina pasa genuen.
Beduino eta israeldarrenarteko harremana
a.ñ-u.a
Egipton bizi diren beduinoak ez dira inolaz ere egiptoar sentitzen, eta, egia esan, ez dituzte oso gogoko. Kultura aldetik, ezberdintasun anitz dituzte: hizkuntza ez dute bera, eta biziera ere orain arte ezberdina izan dute, nomada izan baitira.
Bi herrien artean mesfidantza handia dago, eta horren erakusgarri honako adibide hau dugu: beduinoak, egiptoarrak beren nortasuna zapaldu nahian dabiltzala ikusirik, Itsaso Gorriaren beste aldean dauden israeldarrekin harremanetan daude. Arerio bera duten herriak beti batzen omen dira, eta haiek halaxe egin dute.
Dahab herrian, urpekaritzagatik ezaguna den herrixka horretan, gu iritsi baino hilabete batzuk lehenago, israeldarrek gaixorik zegoen emakume beduino baten bila helikoptero bat bidali zuten beren herrian senda zezaten; handik aste batzuetara Dahabera itzuli zuten. Ukaezina da israeldarrak eta beduinoak harreman zuzenean daudela.
Joan den urtean, Dahab herri berean hiru bonbak eztanda egin zuten portuko gunerik turistikoenetan. Beduinoek israeldarren aginduei jarraituz ezarritako bonbak izan ziren haiek.
Argi dago, beraz, mesfidantza itzela dagoela egiptoarren eta beduino herriaren artean. Mesfidantzak mesfidantza, oraindik ere beduinoak eta egiptoarrek lur berean bizitzen jarraitzen dute.
Polizienkontrolak une oro
a.ñ-u.a
Pasaportea egunean izan ezean, ezin da joan Egiptora. Une oro, Poliziaren kontrolak pasa beharra daude. Kairo hiritik Dahab izeneko kostaldeko herrixkara joan ginenean, esaterako, hamar aldiz gutxienez gelditu gintuzten. Polizia bat igotzen zen kontrol bakoitzean, eta guztien pasaporteak ikusten zituen. Gu biok ginen atzerritar bakarrak, eta gainontzekoei ere nortasun agiria eskatzen zieten.
Hamaika adibide ematen ahal dira. Sinai mendira igo aurretik segurtasun tunel baten azpitik pasatu behar izan genuen. Suez-eko kanala pasatzeko autobusetik jaitsi eta bakoitzaren motxila edo poltsak detektagailu batetik pasarazi zizkiguten.
Egipto, erlijio eta politika arazoak direla-eta beldurrez bizi den herria da.
Egipto osoko militar kopuruazenbatekoa izango den ez dakigu, baina gizonezkoen parte ikaragarri bat horretan lanean ari dela, dudarik ere ez.
Armak edonon ikus daitezke, batik bat kaleko jantzietan doazen gizonezkoen poltsikoetan edo gerrian gorderik.