Ezarian. Zientzia

Mundu atomikoa argituz

Banako sistema kuantikoak neurtzeko eta manipulatzeko esperimentazio metodoak garatu izana saritu diete Serge Haroche eta David J. Wineland fisikariei.

Amaia Portugal.
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Fisika kuantikoak gobernatzen du ioien, molekulen eta fotoien mundua. Fisika arruntaren arauek ez dute balio bertan: atomoek ez dute, esaterako, gizakiek bezala jokatzen. Hortik abiatu behar da Serge Haroche (Maroko, 1944) eta David J. Wineland (AEB, 1944) ikertzaileen ekarpena ulertzeko. Banako sistema kuantikoak neurtzeko eta manipulatzeko metodo berritzaileak garatu dituzte, eta horrexegatik jasoko dute 2012ko Fisikaren Nobel saria, asteartean jakinarazi zutenez.

Banako partikulak aztertzeko metodoak garatu dituzte bi ikertzaileek, horien izaera kuantikoa suntsitu gabe; hori da aitortzen zaien meritua. Izan ere, epaimahaiak azaldu bezala, oso zaila da partikulak ingurunetik isolatzea, eta gainera, propietate kuantikoak galdu egiten dituzte fisika arruntaren mundua ukituz gero.

«Estatu kuantikoari buruz informazioa lortzeko, argiarekin gerturatzea da modu bat. Hartara, estatu horrek erantzuna emango du», azaldu du Javier Aizpurua Materialen Fisika Zentroko (CSIC-EHU) eta DIPCko ikertzaileak.

Horixe egin dute bi Nobel saridunek, emaitza bera lortzeko aurkako bideak hartu badituzte ere: Winelandek atomoak harrapatu ditu, fotoiekin (argia) kontrolatuta; Harochek, berriz, aurrez fotoi bat harrapatu eta atomoak bidali ditu tranpa horretara, hura kontrolatzeko. Azken horrek saria jakinarazitakoan adierazi bezala, «nik atomoak erabiltzen ditut fotoiak aztertzeko, eta berak [Windlandek], fotoiak atomoak aztertzeko».

Ordenagailu kuantikoak

Dena dela, bataren eta bestearen lorpena berbera izan da. «Materia estatu kuantikoan jarri dute, nolabait, eta fotoiei esker, bertara iristea lortu dute, bai eta zer elkarrekintza sortzen den interpretatu ere. Estatu kuantikoen ezaugarriak eta natura adierazi dituzte, materia eta argiaren arteko elkarrekintzari esker», dio Aizpuruak. Oraindik hamarkada batzuk igaroko badira ere, fisika kuantikoaren ezagutza sakonago horrek abiapuntua ezarri du, etorkizunean ordenagailu arruntak gaur egungoak baino azkarragoak, zehatzagoak eta seguruagoak izan daitezen. Ordenagailu kuantikoak, alegia.

«Gaur egun erabiltzen ditugunak elektronikan oinarrituta daude, elektroien garraioan: 1 edo 0. Baina badago konputazioa egiteko beste modu bat, estatu kuantikoetan oinarrituta dagoena. Hartara, estatua ez da 1 edo 0, bien arteko probabilitatea baizik. Zehatzagoa da, eta enkriptaziorako seguruagoa. Izugarri aldatuko du konputazioa egiteko era», gaineratu du Aizpuruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.