Aste honetan 100 urte bete dira lehenengo gizakiak Hego Polora iritsi zirenetik. 1911ko abenduaren 14an iritsi zen Amundsenen espedizioa bertara, 1.200 kilometro izotzaren gainean lera eta eskietan egin ondoren. Hotz ikaragarria, haizeteak eta eguraldi makurrak pairatu zituzten Antartikan.
Izotzak hegoaldeko kontinente horretan lau kilometroko lodiera dauka leku askotan, eta azpian era guztietako sekretuak gordetzen ditu, hala nola paisaiaren erliebea, laku likidoak eta baita meteoritoen kraterrak ere. Horien artean bada 500 kilometroko diametroa duen krater posible bat. Ikerketen arabera, orain dela 250 milioi urte inguru gertatuko meteorito baten talkaren ondorioa litzateke. Paleozoikoaren amaieran egon zen espezieen suntsipen ikaragarria azaltzeko talka hori proposatu dute zenbait ikerlarik. Kretazeoaren amaieran gertatu zena baino hamar aldiz handiago izan zitekeen kolpea, eta horrek azalduko luke suntsipenaren handitasuna; orduan itsasoko espezieen 90 eta lehorreko espezieen %70 baino gehiago iraungi baitziren. Azken hamarkadetan, asteroideen talkak eta suntsipen handiak lotzeko joera handia egon da paleontologoen artean. Hala ere, adostasuna ez da erabatekoa, eta badaude suntsipenak azaltzeko beste hipotesi batzuk.
Antartikan bezala, Siberian ere azaleratzen dira Paleozoikoko amaierako arrokak. Haien artean asko eta asko bolkanikoak dira, eta erupzio izugarriak adierazten dituzte. Antza, ordura arte lurraren azalean pilatutako ikatz kopuru handiek eta lurrazaleko landarediak su hartu zuten. Hipotesi horren aldeko lehenengo frogak Calgaryko unibertsitateko ikerlari talde batek bildu zituen Kanadaren iparraldean bertan, ikatzaren errautsak aurkitu baitzituzten garai hartako arroketan. Erupzio eta sute erraldoien ondorioz, CO2aren kopuru izugarri handiak askatu ziren atmosferara, eta horrek klimaren beroketa handia bezain azkarra ekarri zuen eta, ondorioz, espezie gehienak galtzea.
Unibertsitate bereko beste ikerlari talde batek aspaldi Paleozoikoko arroketako konodontoak aztertzen ditu, eta Kanadan ez ezik, Txinan ere egin ditu azterketak. Konodontoak garai hartako itsasoetako zizare potolo moduko batzuk ziren. Hainbat hezurtxo fosfatikok eratzen zuten haien aho-aparatua. Itxuraz, marrazoen hortzen antza dute, baina oso milimetro gutxikoak dira. Animalia horiek azkar eboluzionatzen zuten, eta oso zehatzak dira Goi Triasikoaren arteko arrokak datatzeko. Horrela, ikerlari kanadarrek eta txinatarrek Paleozoikoaren amaieraren data duela 252,28 milioi urtetan zehaztu dute. Gainera, bertako arroketan errauts bolkanikoen 29 geruza aurkitu dituzte. Azterketek zehaztu dute, gainera, suntsipen guztiak 200.000 mila urtetan gertatu zirela, oso azkar, alegia. Erupzio bolkaniko eta sute erraldoiek askatutako berotegi-gasek klima azkar berotzea ekarri zuten eta, horrek, itsasoetako uren kutsatzearekin batera, gure planetaren espezie gehienen suntsipena.
Paleontologoek argi ikusi dute egindako ikerketetan klimaren aldaketak bizidunengan izaten duen eragina. Aldaketen aurrean, migratu, moldatu edo suntsitu dira espezieen erantzuna, haien ahalmenaren eta klimaren aldaketaren abiaduraren arabera. Paleozoikoaren amaieran gehienek ezin izan zuten beste inora migratu edo moldatu eta betiko suntsitu ziren.
Gaur egungo klimaren berotzea Paleozoikoaren amaierakoa baino mila aldiz azkarrago ari da gertatzen. Hortaz, espezie askoren suntsipena ekidinezina da. Oraingoan, dena den, ez dira sumendiak klima berotzen ari direnak. Gu geu, gizakiok gara klimaren aldaketaren eragileak. Beraz, hau guztiau jakinda, gai izan beharko genuke honi aurre egiteko. Kyotoko hitzarmena sortu zen horretarako, baina kale egin du. Orain Durbangoa proposatu da, baina ez du esperantzarako leku handirik utzi. Paleozoikoaren amaierako arrokak Hego Afrikan ere agertzen dira, esaterako Durban hiritik gertu. Berriro errepikatuko al da Paleozoikoaren amaierakoaren bezalako suntsipena? Orain arte legez segituz gero, mende batzuetan Antartikako izotzak urtu egingo dira, baina ordurako espezieen iraungitzea izugarria izango da, inoizko handiena. Zenbat Kyoto eta Durban beharko ditugu egoerari buelta emateko?
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Mundua bero, Durban hotz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu