Asteburuko proposamenak

Munduko kulturen arteko topaketa

Bilbo. Dantza, musika, hitzaldi eta antzerkiak batuko ditu Munduko Jendeen Jaialdiak asteburuan

Erredakzioa
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Bolivia, Filipinak, Mexiko, Euskal Herria... herrialde askotako kulturek bat egingo dute Bilbon Munduko Jendeen Seigarren Jaialdian.

Larunbatean hasi eta hilaren 22ra arte iraungo du jaialdiak, baina ekintza nagusiak, batez ere, asteburu honetan egingo dira Areatzan.

Berdintasunerako jarrerak sustatzea, kulturen arteko harremanak piztea eta arrazismo eta xenofobia ez onartzea izango dira jaialdi honetako helburu nagusiak.

Urtero egin ohi diren dantza, musika, hitzaldi eta antzerkiez gain, beste hainbat proiektu izango dira aurten. Tartean, argazki erakusketak.

Larunbat eta igandean, 11:00etan zabalduko dituzte elkarteen postuak: informazioa, eskulanak, elikagaiak eta erakusketak eskainiko dituzte. Gainera, ikusleek postuetan parte hartzeko jarduerak antolatuko dira.

Behin postuak zabalduta, hainbat herrialdetako kulturez gozatu ahal izango da hainbat emanaldiei esker. Larunbat goizean, Afrikako perkusioak eta Bolivia eta Filipinetako dantzak ikusi ahal izango dira, besteak beste. Arratsaldean, Mexikoko dantzak, Massiompa musika eta Gontzal Mendibilen kontzertua izango dira. Iganderako ere emanaldi ugari prestatu dituzte elkarteetako ordezkariek: Txileko dantzak, Afrikako rapa, Kolonbiako dantzak...

59 gizarte erakundek eta bi GKEk antolatu dute jaialdia, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

MUNDUKO JENDEAK

Non. Bilboko Areatzan.

Noiz. Larunbatetik hilaren 22ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.