Ezarian

Munduko okelarik onena

Elikagai onenak ez dira beti garestienak izaten. Onena subjektibotasunari lotua dago, garestiena ez. Munduan produktu ugari aurki daitezke garesti, gure angulak, adibidez, baina badira garestiagoak, esklusiboagoak.

Kobe haragiak zapore berezia du, eta oso leuna da. WORDPRESS.
xabier martin
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Japoniakoa da munduko okelarik onena ematen duen behia: Kuroge Wagyu arrazakoa —azal beltzeko abelburua—. Kobe haragi gisa ezagutzen da mundu zabalean, eta okelak dituen berezko ezaugarriei esker —oliodun gantz insaturatuak, marmolaren itxurako gantza giharrean txertaturik—, askoren iduriko ez dago haragi hoberik. Garestiagorik behintzat ez dago, ez Argentinakoa, ez Uruguaikoa ezta Euskal Herriko baserri saiatuenarena ere. Derioko (Bizkaia) Aberekin intseminazio zentroa aspaldian ari da okela mota honek ematen duen aukerarekin lanean, eta dagoeneko badu Wagyu arrazako zezen bat intseminaziorako. Euskal Herriko hainbat baserritarrek beste behi arrazekin nahastu dute zezen horren hazia, betiere haragi hobea lortze aldera, eta emaitza onak izan dituztela diote Aberekin zentroan.

Edonola ere, zaila da oso Japoniako behi arraza horretako ganaduburuei ematen dieten tratua ematea Japoniatik kanpo. 300 etxalde inguru aritzen dira zigilupean. Bakoitzean 20 bat idi gizentzen dituzte. Animaliok aldiro masajeak hartzen dituzte, erlaxatzeko eta giharrei tonua emateko. Estresa kendu nahi diete okela leunagoa izan dadin. Belar onduaz eta garauaz gain, sakea eta garagardoa ematen diete, animalien gosea handitzeko, eta grasa kopurua igotzeko. Azala garbitzeko sake bainuak ere jasotzen dituzte.

Okela platerean dagoenean ez da labanarik behar, hain da leuna. Zaporea oso berezia dela diote, beste edozein ganaduren okelarekin alderatuta, desberdina. Munduko jatetxe eta harategi prestigiotsuenetan dago salgai. Euskal Herrian ere bada aurkitzerik. New Yorken 300 euro ordaintzera iritsi dira Kobeko xerra baten truke (200 gramo inguru). Gurean zerbait merkeagoa da.

Hondarribia Kobe et

Derioko Aberekin intseminazio zentroak Hondarribia Kobe et zezena eskaintzen die Euskal Herriko abeltzainei, %100 wagyu arrazako abelburua. Australiako adarreko jatorrikoa da zezena, hazitarako erabilitako buru ospetsu baten (Teruyamanami) eta Westholme Dai 6 behiaren artekoa. Betiere wagyu arrazakoa erabat. Ernamuina ekarri zuten Euskal Herrira, eta Hondarribian jaio zen. Azal beltzeko zezen izugarria da plantan; gaitasun genetiko handia duela diote Aberekineko arduradunek. Euskal Herriko hainbat etxaldetan animaliak ernaldutako txekorrak badira, eta Hondarribian bertan, %100 wagyu arrazako abelburuak hazteko ere baliatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.