Joan den astean Idazleen Elkartearen mezu bat jaso nuen. Antza, Jaurlaritzak Idazleak Ikastetxeetan programarako diru-laguntzak erdira murriztu ditu, eta, ondorioz, datorren ikasturtean idazleok saio gutxiago egingo ditugu institutuetan.
Boteprontoan berriak haserretu ninduen. Jaitsiera astakeria zen, batik bat, aintzat hartzen badugu gurea sektore estrategikoa dela. Ordu batzuk geroago, ez zela hainbesterakoa deliberatu nuen.
Niri neuri, neurriak ez dit gehiegi eragiten. Datorren urtean soilik 750 saio egingo ditut. Ezta mundua bukatuko balitz ere! Eta gremioari dagokionez, zer esango dizuet ba, Patxi Lopezen babes erabatekoa dugun bitartean, kezka gutxi. «Ahalik eta ahalegin handiena egin behar dugu idazlearen eta irakurlearen arteko harremanak ere etorkizuna izan dezan». Lehendakariaren hitzak dira. Amen!
Handik gutxira, baina, kezkatzen hasi nintzen. Eta besteek zer? Nolako murrizketak jasoko dituzte aktoreek? Eta musikariek? Jasoko al dute laguntzarik dantzariek? Eta jasotzekotan, nola banatuko dituzte? Zozketa bidez, akaso?
Eta, ezinbestean, sukaldariei gertatutakoaz oroitu nintzen. Japoniara eraman beharreko kultura ordezkaritza erabakitzerakoan, sukaldariak eramateko proposatu zuen Lehendakariak. Baina murrizketak zirela eta, ezin denak eraman. Gizajoek zozketa egin behar izan zuten gremioko guztien artean.
Arzak, Subijana, Aduriz eta Berasategi izan ziren irabazleak.
Hori da kasualitatea, hori!
Maratila. Xabier Etxaniz Rojo
Murrizketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu