Musika eskualdean hasten da

Oarsoaldeko musikariak elkartu egin dira, eta ekimena aurkezteko jaialdia egingo dute gaur

Toil taldea eta beste 10 arituko dira, gaur, Errenterian. - / BERRIA.
Erredakzioa
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Kultur dinamizatzailearen zain, zeure eskualdeko musika mugimendua bizkortzeko? Oarsoaldeko (Gipuzkoa) musikariek ardura euren eskuetan hartu dute. Elkartea sortu, inguruan dauden taldeen errolda egin eta horientzako zirkuitua eratzeko lehen urratsak egin dituzte. Gaur aurkeztuko dute ekimena, zortzi kontzerturen bidez.

OarsoMusikak «lan talde» gisa definitzen du bere burua. Inguruko musika eta, oro har, kultur arloan azken urteotan sumatu duten «hutsak» bultzatu ditu mugitzera. Sortzaileek elkar ezagutaraztea eta haien lana dinamizatzea dira elkartearen helburuak. Oraingoz, 18 musika taldek eman dute izena, eta taldea hasi da beste elkarte batzuekin harremanetan jartzen. Hilean behin elkartzen dira lanean aurrera egiteko.

Bi ekimen abiatu dituzte dagoeneko: Oarsoaldeko taldeen errolda osatzen hasi dira, eta eskualdeko areto, taberna eta bestelako agertokiak taldeokin harreman jartzen ari dira, zirkuitoa osatzeko.

Aurkezpen gisa, jaialdia egingo dute gaur, Errenteriako hainbat tokitan. Aximila, Kaso Mai, Juan Mari Beltran, Incognita, Kakahuete, Imanol Carballo, Anonimos, Arashi, Toil, Korumba eta Nonguayaz musikariak arituko dira, 18:00etatik aurrera.

OARSOINUA JAIALDIA

Noiz. Gaur, 18:00etatik aurrera.

Non. Errenteriako (Gipuzkoa) hainbat aretotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.