Gerizpean. Uda-pasa

Musikaren jaialdi handia

Bihartik hasi eta larunbatera bitartean 40 artista inguru bilduko dira Miarritzeko Big Festival jaialdian

Adrian Garcia.
2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Musikaren topalekua bilakatuko da Miarritze (Lapurdi), bihartik hasi eta larunbata bitartean. Aurreko jaialdien arrakasta ikusirik, hirugarren aldiz antolatuko dute Big Festival musika jaialdia. Punta-puntako taldeez beterik dagoen egitaraua prestatu dute.

Europako pop musika talde handienetakoak parte hartzeaz gain, disko jartzaile eskaintza zabala ere egongo da. Lau egunez musikaz beteko da Miarritze. Orotara, 40 talde inguru bilduko dira hirian, beste horrenbeste kontzertu eskaintzeko.

Hiru leku nagusietan garatuko da jaialdia: Irati eta Atabal aretoetan, eta Euskaldunen Kostaldera ematen duen Village-en.

Lehen egunetik izango ditu izen handiak jaialdiak. Esaterako, Moby musikari eta ekoizle estatubatuarrak joko du bihar gauean, Irati aretoan.

Boli Kostako Dimbokron hirian jaio zen Alpha Blondy reggae musikaria izango da jaialdiaren beste izarretako bat. 1984an kaleratu zuen Cocody Rock!!! lehen diskoa, eta orduz geroztik hamabostetik gora argitaratu ditu. Larunbatean joko du Irati aretoan, 19:00etan hasita, Asian Dub Foundation taldearen ondoren.

Euskal Herriak ere izango du ordezkaritza jaialdian, Delorean Zarauzko taldea eta We Are Standard bizkaitarrak gonbidatu baitituzte. Ostiral gauean izango da Zarautzekoen txanda, Irati aretoan. Bizkaitarrek, aldiz, larunbatean Atabal aretoan egingo dute emanaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.