Garunaren, begien eta belarrien zorroztasuna, hala sentitu eta nahi izanez gero, neurri berekoa izan liteke, pentsakerak pentsakera, ideologiak ideologia eta mirak mira. Historia nork idatzi ohi duen badakigu. Historikoki, irabazleek. Egun, horretarako baliabideak eta dirua dutenek, izan sortzeko zein sortua hedatzeko. Eta baita irabazleek ere.
Deigarria da azken aldiko joera. Hainbat hamarkadaz mutu egon diren horiek dira gaurko zarataren sortzaileak. Atzera begirako eskaintzen aparraldia bizi dugu. Nago ez dela formatuak ikus-entzuleengan sor lezakeen sinpatian oinarritutako aparraldi soila. Bada, hein handi batean, norabide jakin batean egindako kontakizuna. Arlo guztiak ukitu nahi dituen eguneroko bideratzea. Espainian, duela gutxira arte, gai batzuekiko ikuspegi bateratua zabaltzen zen. Batzuen bozgorakoak eta besteen isiltasunak bat egiten zuten, ustezko gehiengoa iradokiz. Gutxiengoaren salaketak erokeria zirudien, arrazoizkoa izan arren, egia absolutu inposatuaren eraginez. Ez dakit garai hori amaitutzat eman genezakeen, baina entzuten dira, aldian behin bada ere, desadostasun hotsak.
Ez dut adibide bila jardun behar izan aipatutakoa ilustratzeko. Bera bakarrik etorri da, esanguratsu zeharo. Iragan asteartean, Telemadrid kateak El asesinato de Calvo Sotelo dokumentala eman zuen. 36ko gerrari buruzko hamahiru dokumentaletan lehena da, Ikasketa Historikoen CEU Institutuak musu truk utzia, gainontzeko dozena negoziatzeko berme gisa. Hautsak harrotu ditu, baina. Partziala eta alderdikoia dela deritze kate eta institutuaren ideiekin bat egiten ez duten alderdi zein eragileek. Manipulazioa egozten diote, 36ko gerra Calvo Soteloren erahilketarekin lotzen duela eta, ez bestelako interesekin. Sailaren gainontzeko atalak ez ditzala eman, ez dezala kontraturik sinatu eskatzen dute.
Mutu. Batzuk zein besteak. Mutu. Isiltasunak iraganeko minak uxatuko balitu legez. Orain, haiek hartuko dute memoria historikoaren eta justiziaren bandera. Telebista ere erabiliko dute horretarako. Ongi irudikatuko dute. Irudi erakargarri eta istorio pertsonal erakargarriz. Gustatu egingo zaigu. Sinetsi egingo dugu. Batzuena edo besteena. Egiazkoa izan ezik. Jazarpena eta sufrimendua, telebistaz ikusita ere, nekez izan baitaitezke ederrak.
Komunikazioa. Ekografiak
Mutuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu