Iaz, Nafarroako ikus-entzunezkoetan eskaintza berri bat jarri zuen martxan Abian Komunikazioa enpresak, Nafarroako Gobernuak antolatutako lehiaketan bi lizentzia irabazi ostean —bat Nafarroa osorako eta bestea Iruñerrirako—.
Iaz, maiatzaren 15ean, Olaizola II.a eta Altuna II.aren arteko pilota partidarekin hasi zituen emisioak Nafar Telebistak. Baina egoera ekonomikoa ez da ona izan azkeneko hilabeteetan, eta kate elebidun horretako langileek agurreko mezua eman dute gaur, 14:30ean. "Espero dezagun ez izatea behin betirako agurra, eta proiektua berriro martxan jartzea", esan dute langileek.
.@susanaerroz: "Esta el la noticia que nunca queriamos contar" #nafar_telebista@nafar_telebistapic.twitter.com/nljOw77hlU
— Eñaut Jauna #â˜ÂÂÂÂÂdut (@LandaJauna) 2016(e)ko urriak 1
Iñaki Redin Nafar Telebistako zuzendariak BERRIAri esan dio lantaldeak "tristura" handia duela: "Ekonomikoki finantzaketa arazoak izan ditugu. Eta egoerak emisioak etetera eraman gaitu". Eskerrak eman dizkie Redinek telebistan parte hartu duten Nafarroako alderdi politiko eta gizarteko eragile guztiei. "Elkartasun handia ari gara jasotzen. Gure lekua egiten ari ginen, eta marka bat sortu dugu". Aurrera begirako pausoekin ez da batere baikorra Redin: "Egoera honetan zaila ikusten dut itzultzeko aukera. Baina beharrezkoa da Nafarroan horrelako hedabide bat egotea. Aniztasunaren bandera eraman dugu, eta hori denek eskertu digute. Eta denek esaten dudanean, esan nahi dut denek".