Nafarroako argazkigintzaren historia aztertu dute

Hainbat argazkilariren bildumak aztertzen ditu Nafarroako Unibertsitateak kaleratutako liburu batek

Ricardo Fernandez Graciaren artikuluko argazki batzuk. NAFARROAKO ONDAREAREN ETA ARTEAREN KAIERAK.
Iruñea
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Nafarroako Unibertsitateak (NU) argitaratutako liburu batek Foru Erkidegoko argazkigintzaren historia jaso du. Hainbat argazkilariren funtsak eta bildumak biltzeaz gain, haien ibilbide artistikoak ere aztertzen ditu. Nafarroako Ondarearen eta Artearen Kaierak seriearen seigarren liburukia da berriki kaleratutakoa.Liburua bi zatitan banatzen da. Batetik, funts eta bilduma publikoak zein pribatuak aztertzen dira, eta, bestetik, gai monografikoak eta argazkilarien ibilbidea lantzen dira.

Liburuan hainbat ikerlariren artikuluak bildu dira, baita orain arte argitaratu ez diren hainbat argazki ere. Adibide grafikoak Nafarroan dauden bilduma publiko zein pribatuetatik hartu dira: Nafarroako Unibertsitatetik, Nafarroako Museotik, Nafarroako Agiritegi Nagusitik eta Iruñeko Udaletik, besteak beste.

Liburua Concepcion Garcia Gainza eta Ricardo Fernandez Gracia historialariek gidatu dute,eta hainbat adituren artikuluak bildu dituzte. Ricardo Fernandez NUko Nafarroako ondarearen eta artearen katedrako zuzendaria da. Argitalpenaren aitzinsolasean argazkilaritzaren eta gizartearen arteko harreman estua azpimarratu du Fernandezek. «Argazkigintzak lotura estua izan du beti gizarte gertakariekin, pentsamolde eta eginkizun ugarirekin. Horregatik, lan honetan argazkigintzak gizartean izan duen zeregina islatzen da». Alde horretatik, erakargarria da oso Jose Maria Domench editore eta kazetariak liburuan idatzitako artikuluan Nafarroako argazkigintzari buruz egiten duen azterketa. Domenchek XIX. mendeko zein XX. mendeko Nafarroako argazkigintza aztertu du, eta joera askotarikoen zein joera horien egileen inguruan idatzi du. «Artisau eta artistak aritzen dira eginkizun horretan, eta garaiko joera berritzaileenak aztertuz egiten dute lan. Egunerokotasuna biltzen dute argazkiek, gertaera garrantzitsuenak bezala, eguneroko gizarte harremanetako gertaera ohikoak eta hutsalak ere bai».

Nafarroan garaiko joera eta mugimendu guztiak aurki daitezke, argazkilari profesional zein zale hutsak ziren franko topatzen direlako. Editoreak dioenez, 1867. urtean sortu zen lehen argazkigintza lantokia Iruñean, La Pamplonesa esaten ziotena. Anselmo Maria Coyne Barrerasek sortu zuen, eta Gazteluko Plazan zegoen. Hurrengo urteetan hainbat argazkilari hasi ziren lanean Iruñean: Leopoldo Ducloux frantziarra, Emilio Pliego espainiarra, eta Agustin Zaragueta donostiarra. Geroago ireki zuten estudioa Jose Roldanek, Felix Menak eta Mauro Ibañezek. Domenchek XX. mende hasierako argazkilariak ere aipatzen ditu, profesionalak zein zaleak. Azken horien artean Tuteran lan egiten zuen Nicolas Salinasen lana goratzen du. Kazetaritzan, berriz, Jose GalleGallego eta Rafael Bozano Gallego.

Argazkigintza etnografikoan aritutakoak ere ez ditu ahazten: Jose Ortiz de Etxague, Diego Kiroga eta Losada eta Maria del Villarreko markesa. Aipatzen dituMiguel Goikoetxea, eta argazkigintza familian ofizio bihurtu zuten roldadarrak, menatarrak eta rupereztarrak ere.

XX. mendearen bigarren erdian beste argazkilari batzuk hasi ziren lanean: Anselmo Goñi, Julio Zia, Jose Esteban Uranga, Pedro Maria Irurzun eta Nicolas Ardanaz. Gaur egun lanean ari diren hainbat argazkilariren aitzindari eta erreferente izandakoak ere aipatzen dira liburuan: Pio Gerendiain, Koldo Chamorro, Clemente Bernad eta Xabi Otero, beste batzuen artean.

Bilduma pribatuak

Nafarroan dauden argazki bilduma pribatuak ere bildu dituzte liburuan. Errege Defentsako markesaren bilduma aipatzen da, eta Ignacio Miguelez historialariak idatzi du gaiaren inguruan. Joaquin Mencos Toussinage Errege Defentsako markesaren argazki bilduma aztertu du. 2.000 argazki baino gehiago ditu Mencosen bildumak, eta horietatik 200 Nafarroari buruzkoak dira. Iruñean lan egiten zuten argazkilari nagusien lanak daude bilduman, eta garai hartan lantzen ziren hiru argazki motak topa daitezke: erretratuak, hiriko zein nekazaritza eremuko paisaiak eta gizarte gertakarien inguruko irudiak.

«Argazkilaritza oso arte garestia zen. Hasieran profesionalak ez, baizik dirua duten eta argazkigintza maite duten aberatsak izanen dira argazkilari. Gertaerak islatzeko bide berri hori gustatzen zaie, eta horretan saiatzen dira», dio Miguelezek. Baina XX. mende erditik aurrera argazkigintzaren kostua jaitsi, eta gehiago hedatzen hasi zen. Teknika asko aurreratu zen. Herrietako jende asko Iruñera joan zen, bere buruaren erretratuak egitera. Lehenengo aldiz jendeak bere buruaren irudi bat izan zezakeen. Horregatik erretratua asko zabaldu zen. Erretratuaz gain, paisaia eta gizarte gertakarien gaiak ere lantzen hasi ziren argazkilariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.