Nafarroako deskonkistaz

Asisko Urmenetak Gartxoten garaiko konkistaren inguruko hitzaldia emango du Bilboko Kafe Antzokian

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
«Hitzaldia deskonkista ariketa gisa planteatu dut: betaurrekoz aldatzea noizbait geure burua ispilu aurrean ezagutzekotan». Asisko Urmenetak (Iruñea, 1965) Nafarroaren deskonkista kolektiboa hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Bilboko Kafe Antzokian. Hiru ideia landu nahi ditu Urmenetak: «Erroetan, Gartxoten garaian emaniko konkista militarra eta mentala dago. Enborrean, Itzaltzuko Bardoaren kondaira bera. Eta adarretan, mito horrek sortu dituen egokitzapenak denboran barrena, gaurdaino». Marrazkilari nafarrak eta Juanjo Elordik XII. mendeko Nafarroara eramaten gaituen film hunkigarria sortu dute, Arturo Campionen lanetik abiatuta. Gartxot, konkista aitzineko konkista filma azaroan estreinatu zuten. «Oro har, ikusleari kosta egin zaio historian sartzea: hasiera nahiko deskriptiboa da, ezohiko estetika eta hizkera bereziarekin. Behin sartuta, ordea, bukaerara arte eramaten du, baita hunkitu ere», dio Urmenetak. Filma euskara hutsez da, eta, animazioa haurrekin lotzeko ohitura dagoen arren, helduentzako filma da; «serioa eta gogorra». Udan han-hemenka ibiliko da Urmeneta, Euskal Herrian barrena, pelikula aurkezten. Bitartean, baina, buruan beste proiektu bat du martxan, «deskonkista mentalerako beste harmaila bat; horraino irakur dezaket» azaldu du marrazkilariak.

HITZALDIA

Noiz. 19:30ean.

Non. Kafe Antzokian, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.