Donostiako Peñaflorida ikastetxeko zuhaitzek balio sentimental handia dute; ikasle ohiek zuhaitz horiek landatzen zituzten garaiak gogoratuko dituzte ziurrenik. Natur Zientziak ikasgaian haritzak, sekuoiak, haginak... landatzen zituzten, eta horiek identifikatzen ikasten zuten. 45 zuhaitzek osatzen dituzte ikastetxeko bi zuhaiztiak, eta horietako batzuek 60 urte dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxea erautsi eta berria egiteko proiektua darabil esku artean. Proiektu horretan, baina, zuhaiztiek ez dute lekurik, eta eraikin zaharrarekin batera botako dituzte.
Haritzalde Naturazaleen Elkarteak «basakeriatzat» jo du Hezkuntza Sailaren ekimena, eta zuhaiztiak kontuan hartuko dituen proiektua garatzea eskatu dio. Jaurlaritzak, berriz, gogorarazi du udal gobernuak lan horiek egiteko lizentzia eman ziola. «Donostian ez dago zuhaitzak hirigintza lanetatik babesten dituen ordenantzarik, Irunen edo Gasteizen ez bezala», azaldu du Haritzalde elkarteko Joseba Gurutz de Vicentek.
Donostiako Udalak, hiriko natura ondarea babestearren, zuhaiztietako hiru sekuoia lekuz aldatzea proposatu dio Eusko Jaurlaritzari. Haritzaldek «aurrerapausotzat» jo du udalaren proposamena, baina ikastetxearen bi lur sailak bere horretan utz ditzatela eskatu du.
Diru kontua
Sekuoien birlandatzea, baina, garestia da, eta udala eta Jaurlaritza ez dira ados jartzen gastuez nork arduratu behar duen. Donostiako Udalaren arabera, zuhaitzak landatuta dauden lur saila Eusko Jaurlaritzaren ardurapean dago. Gasteiztik, berriz, proiektua adostu zutenean zuhaitzak kontuan hartu ez zituztela diote, eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzari ez dagokiola zuhaitzak lekuz aldatzeko ardura.
Lanen hasiera eta, beraz, ikastetxeko lur eremuaren soiltzea berehalakoa izango da. Zaila dirudi Haritzalde elkartearen proiektu berriaren eskaerakontuan hartzea, proiektua aurreko lelegintzaldian adostu baitzuten. Bi erakundeek akordio bat lortu ezean, 45 zuhaitzetatik ez da bat bera ere salbatuko.
Zuhaitzen moztea salatzeko asmoz, elkarretaratzera deitu du Haritzalde elkarteak. Ostiralean, 19:00etan, Peñaflorida ikastetxe aurrean zuhaitzak babesteko eskatuko dute.
Horrelakorik gehiago gerta ez dadin, hiriaren natur ondarea hirigintzako lanetatik babesteko ordenantza baten premia azaleratu du Joseba Gurutz de Vicentek, eta udalak ahal bezain laster adosteko itxaropena agertu du.
Eusko Jaurlaritzaren jarrera gogor salatu du De Vicentek, eta eredu ona ematen ez duela azpimarratu du. «Euskal gazte eta haurren hezkuntza haien eskuetan dago. Horrelako ekintzak gaindituta egon behar zeudelakoan geunden, baina, tamalez, ez da horrela».
Sen on kontua dela adierazi du De Vicentek. Tolosan (Gipuzkoa), ehun urteko magnolia bat babeste aldera eraikuntza baten proiektua moldatu zutela gogorarazi du.
Proiektu eta eskumenen gainetik natura babestearen ardura aipatu du Haritzaldeko kideak. «Ez dira Eusko Jaurlaritzak eta udalak landatutako zuhaitzak, donostiarrok hainbat hamarkadatan egindako lana da, eta errespetatzeko eskatzen diogu».
Natura babesteko arduraz
Donostiako Peñaflorida ikastetxeko zuhaitzak moztu egin nahi dituzte. Donostiako Udalak eta Hezkuntza Sailak akordio bat lortu ezean, ez dituzte zuhaitzok birlandatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu