Naturarako pasabide

Euskal Herriko txokoak. Lekunberri

Inigo Astiz
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Gotortutako gunea zen hasiera batean Lekunberri (Nafarroa), mugako gune ere bazenez. Nahitaezko pasabide. Gaztelarren, gipuzkoarren eta frantziarren erasoen jomuga. Behin eta berriz desegin eta berreraikitako herria. Donostia dirudunen atseden leku bilakatzen zihoan garai bertsuan hasi zen, ordea, Lekunberri ere jauntxoen atsedenerako helburu bilakatzen, eta irekiz joan zen gotortuta zegoena. Bazuen zer eskainia: natura ikusgarria, hotel erakargarria, ehiza, arrantza... Bake moduko bat, finean. Denborarekin turismorako joera hedatu, eskaintza handitu, eta Aralar mendilerro ingurura doazen bisitari gehienen harrera leku bilakatu da Lekunberri. Naturaz gozatu ahal izateko pasabide atsegina.

Aralar mendilerroaren magalean bertan da, izan ere, Lekunberri, eta herritik abiatzen da San Migel Aralarkoaren santutegira heltzeko bide nagusietariko bat. Ezin zehaztu noiztik den santutegiaren gunea leku sakratua, baina bertan kokatutako kondaira eta mitoek eman dezakete haren antzinatasunaren neurria. Nahasian doaz bertan kristautasun aurrekoak eta ondorengoak: dolmenak, basajaunen eta Mariren inguruko kontakizunak, eta aingeru eta deabruei buruzkoak. Nabarmentzekoak dira santutegiaren gunetik ikus daitezkeen ikuspegiak eta santutegi barruan dagoen erretaula. Erromaniko garaiko harribitxia.

Lekunberrin bertan ere bada zer ikusirik, ordea, eta bada herria jomugatzat hartzeko nahikoa arrazoi. Alde Zaharra dotorea da, lasaia eta atsegina. Etxe handi ederrak, kale zabalak eta taberna eta jatetxe mordoa plaza inguruan eta errepide ertzetan. Jaki goxoak eta festarako lekuak.

Hor dago kasik mitikoa den Ayestaran hotela ere. Bide nagusiaren ertzean, nabarmen. Ernest Hemingway eta Orson Welles hartu zituen ostatu dotorea.

Donostia eta Iruñea batzen zituen Plazaola tren zaharraren geltokia ere badago herrian. Trenbide haren historia ezagutu, eta zaharberritutako 60ko hamarkadako bagoi batean sartzeko aukera eskaintzen duena. Paseo ederrak ere eman daitezke garai batean trenbidearena izandako bidean oinez edo bizikletan. Abentura parke bat ere bada herrian.

Lurpea ere dotore

Lekunberrin bertan ez badaude ere, Astizko kobak dira herrira bisitari gehien eramaten duten beste eskaintza turistikoetariko bat. Urte luzez mendi ukuilu gisara erabili ondoren, jendearentzako moldatu zituzten 2005. urtean, eta ikusgarriak dira bertako formazio geologikoak. Dotorezia hori du, izan ere, Lekunberrik eta haren inguruak; hala lurrean, nola lurpean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.